Oihana Bartra
Oihana Bartra

2018-06-11

Baiezlariei eskerrak

Baiezlariei eskerrak –

Ezetz esateari buruz idatzi nuen aurreko hilean. Asko identifikatuta sentitu zineten. Denok daukagu ezetz esaten ikasteko ikasgaia irailerako, beraz. Hala ere, gaur beste aldetik begiratu nahi nioke gaiari.

Baiezlariei eskerrakEzetz esaten ikasi behar dugu, bai. Baietz esatera ohituta gaude, eskuzabaltasunez baietz, konpromisoaren ondorioz baietz. Batzuetan, nekatuta baina baietz; besteetan estu helduta, baina bai. Horregatik da hain baliozkoa baiezko bakoitza. Iñakik baietz esan zuelako egin zuten jai herrikoi haietako kalejira. Iratik txosnarako egindako dekorazioari ateratzen zizkioten turistek argazkiak, aho-zabalik. Unairen kartelak erakarri zuen jendea ekimen xumera. Anek ongi etorrian agurra dantzatu zuenean hunkitu zen jendea. Musu truk egindako bertso-saioari esker finantzatu zen herri txiki hartako proiektu berria.

Batzuetan ezetz esan behar da, argi dago. Baina segi nahi dut ahal dudanean, nahi dudanean eta nire ekarpena egin dezakedanean baietz esaten. Batzuetan ezetz beharko dugu, eta beste askotan gure ahoek B forma hartuko dute berriro. Pozik. Baiezko txiki bakoitzari esker atera direlako aurrera herri honetan proiektuak, erokeria ziruditen ideiak.

Erremediorik ez duzuen baiezlarioi, animo eta eskerrik asko!!!

Baiezlariei eskerrak