Erantzuten ikasten

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2019-07-23

Erantzuten ikasten –

Unibertsitatean ez da dena ikasten, eta dena ez dago liburuetan jasota. Munduari aurrez aurre begiratzen diogunean edo bizitzak gure bidean trabaren bat jartzen duenean ezin unibertsitateko irakaslearengana joan eta galdetu, zer egin behar da?

Erantzuten ikasten

Amaitu dugu unibertsitatea, eta hasi aurretik nituen galdera eta zalantza berdinekin jarraitzen dudala esan daiteke, baten bat argitu den arren, berdin antzeko nagoela uste dut. Lau urtetan zehar Gradu Amaierako Laneko defentsa gora eta behera ibili dira, tribunalaren aurrean nola hitz egin beharko dugun, erregistroak gora eta behera. Dena kontuak! Niri unibertsitateak ez dit egun handi horretarako prestatu, bertsoak bai ostera. Ez dut esan nahi publikoa tribunal gaizto bat denik, baina entzuleek epaitu egin egiten gaituzte, eta gure lanaren feedbacka haien eskuetan dago, haien gustukoa izan dadin aritu ohi gara. Ez dut jarri nahi txapelketatako epaimahaia Gradu Amaierako tribunal gaiztoaren pare ere, baina funtsean nota jakin bat (ahalik eta onena) lortzeko ahaleginetan aritzen gara.

Atzera begiratu eta tribunalaren epaiketatik bizirik irten ostean, argi geratu da bertsotan aritzeak bertsoa bera kantatzen baino askoz gehiago erakutsi didala; esate baterako, hizkuntza berbalaz zein ez berbalaz baliatzen jendaurrean, edo galderei erantzun gabe erantzuten, ahotsa egoki erabiltzen, urduritasuna ezkutatzen zein esan behar nuen zerbait ahaztu zaidala disimulatzen.

Honen harira, ez dakit zer den tristeagoa lau urtetan zehar unibertsitatean bizitzarako ezer gutxi ikasi izana, edo erantzun gabe erantzuteko gaitasuna garatu izana bertsotan eta trantze momentuetan tresna horretaz baliatzea. Biak dira tristeak baina bizitzan dena ez da beti jai ez alaitasun ez poztasun, eta arazoak bertan jarraitu arren erantzun gabe erantzuteak aurrera egiteko balio baduen, ba avanti! Eta zerbait argitu edo konpondu nahian bazaude sekretutxo bat kontatuko dizut: irakasleok ez dakigu dena.

Erantzuten ikasten