Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2018-11-16

Estatistikez beste

Estatistikez beste –

Gogoeta garaia da bertsolari eta bertsozaleontzat. Egin dira ikerketa soziologikoak eta egin ditugu hausnarketa zoologikoak barra ertzean ordu txikitan. Ahalegindu gara teoria antropologikoei gure esperientzia pertsonala gehitzen. Saiatu gara, estatistikoki estatiko ez geratzen. Salbuespen bateko salbueste salbuetsia gara.

Estatistikez besteUlertu nahi dugu zergatik urruntzen diren gazte asko bertsolaritzatik 18 urte ingururekin; (susmatzen dugu zergatik, baina) aldatzeko beste arrazoitu nahi dugu zergatik diren gehiengoan emakumeak.  Eta horrek galdera batera garamatza: zergatik jarraitzen dugu guk?

Argi dago bertsolaritzak eskaintzen dituen espazioetako asko kanon baten baitan eraiki direla. Gutako askok, espazio alternatiboei esker lortu dugu ez etsitzea, gu ere kabitzen ginela sinestea. Nire kasuan ‘plazatik gaztetxera’ izeneko txapelketa izan zen inflexio puntua. Giro horretan baietz erabaki nuen, horrela abestu nahi nuela, parte hartu nahi nuela horretan, banuela zer eskainia. Gainerako sariketek sortzen zidaten errespetu eta beldur puntuarekiko kontrastean, inbidia sentitu nuen lehen aldiz ekimen honi begira.

Uste dut horri esker eta inguruan nuen lagun taldeagatik hartu nuela gogoz bertsoa berriz. Gero ‘plazatik gaztetxera’ txapelketan parte hartu nuen bi aldiz eta eurak izan ziren lehenengoz libreko saio bat egiteko deitu zidatenak; saio bat ateratzeko gai ikusi nindutenak, lehenengoz bertsolari bezala aitortu nindutenak (niri askoz gehiago kostatu zait).

Niri Mutrikuk (eta bertako gazteek) eman didate bertsolari izateko bultzada, bertsolari izatera iristeko espazio bat. Ez dakit sekula eskertuko diedan nahikorik. Eta Mutriku asko opa dizkiet atzetik datozen gazteei. Lagun talde gehiago, babesguneak, eroso sentitzeko espazioak eta sortzailetzat aitortuko dituzten ekimenak.

Ez dugu araua berresten duen salbuespena izan nahi. Estatistikez beste egiteko unea da.

Estatistikez beste