Eta bi begiradek sortzen dutena

Elixabet Etxandi

Elixabet Etxandi

2019-03-13

Eta bi begiradek sortzen dutena –

“Eta zuk, bertso saiorik ba al zenuen inauteriz?” Egia da otsaila alde hortatik proposamenez beterik agertu zaigula, herriz herri egiten diren santa eske, libertimendu  zein santibate bezalako ospakizunekin. Baina, bertso saio bezala kalifikatu ote daitezke aurpegia ikazturik, mozorroturik, tabernaz taberna eta hain giro informalean egiten diren agerraldiak? Alta, garai batez, gure aitona amonenean behintzat, hoiek ziren bertsoarekin lor zitezken plaza publiko bakarrenetarikoak, su ondoan bota kopla zaharrez haratago, bertsogintzak BEC-ik ez zueneko urte luzetan, oihartzunek sagardotegietako paretak gainditzen ez zituzten unean.

Arg: Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Egia da probintzika, edo probintzia berdineko herrien arteko inauteri formulak ezberdinak direla, baina eskearena Euskal Herri guzian zabaldua edo behintzat ezaguna dela ezin da ukatu. Zeinek ez ditu sekula entzun eskean herriko gazteak, zirtzilez, baserritarrez edo ijitoz mozorrotuak, tabernaz taberna, etxez etxe, kalez kale, janari eta edari eskean, kontatuz nola bularra ebaki zioten Santa Agedari, bi patxaran tragoren artetik? Eta bertsolariak berak, nahaste guzi honen artean, helburu espezifiko bat du, garai zahar haietatik gaur egun arte berretsi dena: epaile lana egitearena, herrian gertatu diren kontuen salatzea, edo goraipatzea onuragarriak direnean, koplatan gehienetan. Bai, gure arbasoek ongi ulertu zuten gauza esentzialen esateko ez zela baitezpada habanera bat kantatu behar, bertsolari ona, epaile ona zelako: herriko zurrumurruak plazaratzen, kritikatzen edo goraipatzen zituenak, jendearen haserre edota onarpena lortuz (epaile guziak bezala, funtsean).

Berriki, Andoni Eganari berari, Garaziko Irulegiko irratian galdetu zioten, ea bertsolaritza aldatu zen. Irribarre makur batekin entzun nuen entrebista, pentsatuz galdera egileak berak erantzuna jaso aurretik bazekiela ze esango zion Andonik. Ze uste zuen, Andonik erantzungo ziola “ba ez, oraindik baserri giro hortan gabiltz atope, su ondoan kantuz gauero, artoak familian xuritzen ditugun bitartean. Baina ez pentsa eh, agerraldi publiko batzu ere egiten ditugu tarteka, ihauteritan adibidez, eta gu herria zirikatzen gaudelako emazteak etxean geratu dira, haurrak zaintzen, nahiz eta gu baino hobeak diren bertsotan, agian.” Noski bertsogintza aldatu dela, eta eskerrak. Hain aldakorra den mundu honetan, zentzugabea litzateke oraindik jarraitzea duela mende bateko ereduan: mundua aldatu delako, gu ere aldatu gara. Eta nola aldatu diren gauzak kamarada: bertso eskolak sortu ziren, ikasi genuen bertsotako ahalmena ez zela jainkoak sortzean emandako opari imaginario horietakoa, baina ikasteko modukoa, Euskal Herri osoan zabaltzekoa, izan baserri zein hiritan, edonori gainera, bai gizon, bai emakumeei, edo orohar, entzun nahi gaituen horri. Ikasi genuen epaile lan hori nola egin, nola ideiak ordenatu, metrikan sartu, eta adierazi, edozein gaiekin eztabaidatzeko, ahal bezain pertinenteki gure iritzia emateko, kondenazio zein absoluzio. Baina, ikasi genuen ere nola epaituak izan, nola 11/8 hanka luzea saietsi behar zen, zergaitik agian “Egun da Santi Mamina” doinua ez den hain egokia abortatu berri duen gazte baten papeletik ari bazara. Ikasi genuen nola epaile eta epaitu izan aldi berean.

Orduan, gure kurrikuluma bi izendapen kontrajarri baina betegarri hauez osatua bada, zergaitik batzuk oraindik beldur dute bertso eskoletatik plazara, edo txapelketara ateratzea? Seguruenik, arrazoi asko daudela galdera honi erantzuteko, eta bakoitzak bere bizipenetik zerbait aportatzen ahal ligukela. Baina hurbilagotik begiratuz epaile/epaitu balantza, haize txar baten ufadaz edo pisu gehigarri batez desorekatu dela kontura daiteke, azken aldian, epaitu aldeak pisu gehiago hartu duelako. Asko dira azken aldian txapelketak, sariketak eta noski, beharrezkoak gure bidea aurrera segitzeko. Dena den, “ona”- ren nozioa distortsionatu egin dugu puntuazio eta sailkapenekin nahasita, askorentzat bertsolari ona ongi epaitua dena delako, eta bada, bertsogintzaren goi gailurretara heltzeak aurretik lan handia suposatzen duelako. “Bertsolari ona da, bai, baina ez du txapelketetan parte hartzen”. Eta zergaitik ez du nahi parte hartu, zerek usa dezake bertsolari bat berez harentzat eginiko eremu batetarik? Agian, bertsogintzari ahaztu zaiolako berez bertsolaria ere epaile zela, mundu hau kolokan jartzeko ahalmena zuela eta ez zuela, foko azpitik, oholtza gainetik epaileentzako kantatzen, beizik eta bere ideiaz, hitzez eta kantaeraz publikoari sentsazio eta sentimendu berri batzuen sorrarazteko, publikokoa etorri den baino hobeto etxera joan dadin saiatuz.

Bai, fokoen argiek min egin dezakete, denen bistara izatea ez delako gauza sinplea, batzuetan, argi izpi bakoitzak larrua jotzen digulako jendearen iritzi bezala plazetan, eta 0,1-ka txapelketan, baina pasa diren garaiko sutondoko su baten garrak oraindik pizturik dirau nonbaitan, baserri zahar baten batean, ihauteritako kantu oihuekin dantzan, oroitarazteko bezala gure puntu eta oin bakoitzak ze sute eragin dezakeen, zenbat gauza erre ditzakeen bere bidean, errautsetatik berriak sorrarazten dituen bitartean. Eta bi segunduz pentsatu ezkero, dudarik ez dago. Suak, argiak baino gehiago erre dezake.

Eta bi begiradek sortzen dutena
Eta bi begiradek sortzen dutena
Eta bi begiradek sortzen dutena
Eta bi begiradek sortzen dutena