Euskaldunberriak, zirtolari

Oihana Bartra

Oihana Bartra

2017-12-11

Euskaldunberriak, zirtolari –

Ez naiz txapelketaz ari. Baina bai txapelketaren testuinguruan azaleratu diren gaietako batez. Bide batez, esan nahi dut txapelketa honen alde positiboenetakoa (bertsolarien ikaragarrizko lanaz eta mailaz gain) iruditu zaidala mahaigaineratu diren eztabaida-gaiak. Izango dugu denborarik horietarako ere.

Goazen gaurkora. Aurreko batean, Kepa Matxainek oso artikulu interesgarria idatzi zuen Argian (zajarraist eta zatsegizkit). Bertan aipatzen ditu, berak ondo dioen moduan asko sinplifikatuta, bertsoa ulertzeko bi modu: ahozko hizkera zaleena vs kantura eramandako hizkuntza idatziaren zaleena. Eta artikuluan esaten dituenetako askorekin bat natorren arren, hemen geldialditxo bat egin nahiko nuke. Beste begi batzuekin begiratu nahi nioke sailkapen horri. Iruditzen zaidalako, agian, bertsolariez ari garenean euskaldun-molde zehatz batean sartzen diren bertsolariak imajinatzen ditugula. Izan ere, barakaldotar euskaldunberri batek ezin uler baitezake dikotomia hori. Euskara sehaskatik jaso ez duen askok ez baitauka hautatzerik. Ez daukagu. Geurean egiten dugu bertsotan, daukagunean. Eta, zorionez, gero eta gehiago gara oholtzan gabiltzan rara avisak.

Euskaldunberriak, zirtolari

Horregatik iruditzen zait arriskutsua dikotomia bera baino, horren gainean egin daitekeen interpretazioa. Askotan lotzen baita hizkera-modu batez ari direnen bertsokera naturaltasunarekin, freskotasunarekin. Haize-freskoa, aipatzen du askok. Bestea, literarioa, “jendea aspertu dezakeena”, “zelofana”. Eta badakit artikuluan hori baino sakonagoa zela esan nahi zena. Baina nago, batzuetan sinplearekin baino ez garela gelditzen.

Beraz, nire gaurko aldarrikapentxoa: euskara batudun aldrak ere badaki izaten natural, fresko eta bizigarri. Euskaldunberriak ere izan gaitezkeela zirtolari, alegiya.

Euskaldunberriak, zirtolari