Oihana Bartra
Oihana Bartra

2018-05-15

Ezetz esatea

Ezetz esatea –

Adibide exajeratu bat: “Kaixo, Oihana, Pepito naiz. Oionen ekitaldi bat egingo dugu eta bertso bat botatzera etorriko zaren galdetzeko deitzen dizut. Bai, bertso bat edo kopla bat. Beste barik, edozer”.  Aurpegia gorritzen hasi, belarrietatik kea, ahoa “e” letra esateko formarekin prest eta azkenean: “…Mmm, bale bai, joango naiz”. Kaka zaharra. Berriro baietz.

Aizu, Iñaki joko duzu trikia auzoko jaietako kalejiran? Pare bat orduz baino ez. Garazi, lepoko minez nabil; fisioa zarenez gauean lanetik irteten zarenean masajetxo bat emango? Ei, Irati, marrazki bat behar dugu aurtengo txosnaren dekorazioa egiteko. Ti-ta egiten duzun horietako bat. Ainho, badakit gaueko hamabiak direla eta bihar lana duzula, baina bikotearekin utzi dut eta desastre nago. Kafetxo bat? Unai, karteltxo bat egingo, mesedez? Badakigu ez zaizula ezer kostatzen. Ane, ongi etorrian agurra dantzatzeko bai, ezta?  

Benga ba, behingoagatik. Jo, baina nola esango diot pertsona jator honi ezetz. Ezetz esango nioke, baina nola? Bueno, ba bai. Total. Ezetz esaten badut traizio egingo diot. Haserretuko zaizkit. Lagun honek beti lagundu nau, nola utziko dut orain botata. Ezetz berdin konpromiso falta. Emaitza: beti bai. Edozeri bai. Edonoiz, edonola.

Lagun batek ezetz esateko ikastaro batera joan beharko nukeela esaten dit beti. Gutxitan esaten dut ezetz, eta ezetz esan dudanean, gainera, min egin dit niri; ezetza jaso duenari baino gehiago, agian. Eta segi nahi dut baietz esaten. Baina ikasi nahi nuke, tarteka, bizitzak ematen ez didanean, agobiatuta nagoenean, astakeriak eskatzen dizkidatenean, labur esanda, ezin denean, ezetz esaten. Barkamenik eskatu gabe , ezetz; txarto sentitu barik, ezetz.

Ikasiko ahal dut.

Ezetz esatea

Ezetz esatea