Frikiak dira eta harro daude

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2017-08-09

Frikiak dira eta harro daude –

Mundu guztian zehar banatuta dauden friki guztiak frikitzen dituen horren inguruan bizi dira. Friki hitza erabiltzen dudanean ez dut zalea esan nahi, frikia izatea zerbaiten jarraitzailea izatea baino askoz gehiago da, bizi estilo bat da. Bakoitzak bere frikismoa modu propioan bizi du eta haien bizi estilo horretan pozik bizi dira. Badira futbolaren frikiak, saskibaloiarenak, edo kriketarenak. Beste batzuk, artearen frikiak dira, musikarenak, sukaldaritzarenak zein bideo-jolasenak. Baina badira friki handienen artean, frikien kuadrila ugari euskal herrian zehar zabaldurik: bertsolaritzaren frikiak.

Sakonago aztertuko dugu egoera. Arretarik jarri al diozue inoiz gazte egun, herriko jai eta horrelakoetan, herri bazkari osteko bertso saioari? Bertso saioan baino, begiratu al diezue inoiz entzuleei? Bata patxaranak hipnotizatuta kopari begira, bestea aharrausika saioa noiz amaituko eta reggaetoia noiz hasiko ametsetan, albokoa bertsolariari begira, bertsorik entzun ez baina bere buruari galdezka nongoa izango den, gero parrandan geratuko den, berarekin nahiko duen… Horren aurrekoa txalo jo eta jo dabil, ez du ezer ulertzen baina giroa gustatzen zaio (eta hamargarren tragoa eskatu berri du).

Orain, jarri dezagun begirada lehenengo eta bigarren lerroetan; ilaran jarri dira friki guztiak. Puntu bakoitza gozatzeko prest daude aurrean, batzuetan azkenengo puntuak konpontzen dituzte, haiei bururatu zaiena hobea izan baita. Bertsolarik poto egiten dutenean, elkarri begiratzen diote ezer esan gabe eta norbaitek konfirmatu egiten du “izan da bai, lehenengo eta hirugarren puntuetan, kroketa birritan errimatu du”. Triste ere jartzen da baten bat holakoetan. Gero, mugikorra hartu eta grabatu egin dute bakarkakoa, bihar berriro entzuteko, edo doinua ez ahazteko. “Datorren astean bertso eskolan doinu honetan abestuko dugu, ekipo!” Dena da zoriona eta poztasuna saioetan, haien poesia dosi bila etorri dira, monoa edo beharrizana asetzeko asmoz.

Bromak alde batera utzita, zer egingo genuke lehenengo lerroetako frikirik gabe? Bertsoa ez litzateke bertsoa izango haiek gabe. Eta badaezpada, lantzean behin, bertsolaritzak ez diezaion bertsolaritza izateari utzi, neu ere jartzen naiz lehenengo ilaran. Lantzean behin eta badaezpada, baten batek poto egin eta kroketa birritan erabili duela konfirmatzeko.

Frikiak dira eta harro daude
Frikiak dira eta harro daude