Ainhoa Agirreazaldegi

Gai honek badu mamia

Gai honek badu mamia –

Astebeteren barruan birritan egokitu zait Lander Garro idazlea gai-jartzaile izan duen bertso-saio batean entzule izatea. Bi saioetatik galdera berarekin atera nintzen: nolatan asmatu du Landerrek kanturako hain gai onak jartzen? Ez da gai-jartzailea, ziur naiz gai-jartzeari buruzko bertsolaritza barruko eztabaidak ez dituela hurbiletik jarraitu… Hogei gai jarri bazituen, hogeietan asmatu zuen bertsolariei kantagai onak eskaintzen. Non zegoen sekretua?

Gai honek badu mamia
Arg: Iñigo Gonzalez (Txintxarri)

Dena esan behar bada, datorren astean gai-jartzaile arituko naiz bertso-saio batean, eta horrek, entzun ditudan azken saioetako gaiak arreta bereziz aztertzera eraman nau. Gutxitan aritzen naiz gai-jartzaile, eta lan hori bereziki gatazkatsua egiten zait. Eromena izaten da aurreko asteetako gai, egoera, elkarrizketa, sinbologia, notizia, emozio, xelebrekeria eta abarren arrantza. Gaiak bilatzeko iturriak hain izaten dira askotarikoak, gaia bakoitza erredaktatu ondoren zalantza askaezina sortzen baitzait bertsotarako aski mami baduen ala ez.

Lander Garrok gidatutako bi saioak saio literarioak ziren. Gai gehienetan liburu bat izan zuen abiapuntu: liburuaren hari nagusia batzuetan, pertsonaiaren baten gatazka besteetan… Eta hortxe zegoen gaiak kanturako hain onak izatearen sekretua: gaien benetakotasunean. Liburu edo pertsonaien mamitik abiatu zen gero kantagai izango ziren hitzak formulatzeko.

Benetako gaiak. Esan nahi baita, benetan mugitzen gaituzten hariak. Gutxitan zuriak ala beltzak; gehienetan, gizakion kontraesanak adina matiz zituztenak. Liburu bakoitzak lantzen duen afera nagusiaren edo pertsonaia baten aurkezpenaren ondoren etor zitekeen bertsolariei egindako zuzeneko galdera (“zuek zer uste duzue…?”), edo jarrai zezaketen fikziozko pertsonaia izaten. Kontestu aberats horrekin bertsolariek zein bide hautatu, aukera-abaniko zabala sentitu zuten: norbere ikuspegia emateko, egoerei umorez erantzuteko, gaiztoaren paperari sentiberatasuna eman edo on ustekoari gaiztotasun gordina eransteko… Hari nagusitik orotariko distantziak hartu zituzten bertsolariek, nahi adina helduleku baitzuten.

Mamitik abiatutako gaiak ziren. Gaien abiapuntuan ez zegoen egoera barregarririk, probokatzailea izan zitekeen irudirik, eszena itxirik. Izatekotan ere, horiek gaiaren formulazioaren amaieran zeuden. Testuinguru batean kokatuta. Maialen Lujanbiok 2002ko Bertsolamintzan esan zuen bezala (duela 16 urte!), Lander Garrok bazekien “zertaz aritu” nahi zuen. Eta Lujanbiok orduko hartan zioen bezala, mundua mugitzen duten gaiak ez dira denboran zehar hainbeste aldatu; afera horiek bizitzeko erak dira aldatu direnak. Horri erants geniezaioke, afera horiek bizitzeko erak egiten duela bertsolari bakoitza bakan.

Baina abiapuntuan benetako aferek egon behar dute, interesgarria den zerbait aditu nahi badugu.

Gai honek badu mamia