Gaur dala bihar dala

Enare Muniategi

Enare Muniategi

2018-07-03

Gaur dala bihar dala –

Gaur dala bihar dalaGure literaturako irakaslearen esanetan, folklorea geurea,bertokoa eta “betikoa” diren gauzek (dantza, musika, ohiturak,…) edo geure, betiko eta bertoko izango balira bezala sentitzen ditugun gauzek osatzen dute folklorea. Baina, debora ez da alperrik pasatzen eta onerako zein txarrerako zenbait gauza aldatu edo galdu egin dira, edo ditugu. Esate baterako, jatorriz mutilenak ziren dantzak neskok ere egiten ditugu orain, edo nesken dantza bihurtu dira. Bertsolaritzan ere asko aldatu dira gaiak, doinuak, bertsolaria bera,… Baina horrek ez du esan nahi geureak, “betikoak” eta bertokoak ez direnik,  dantza eta bertsoa ez dira inondik inora folkloretik kanpo geratzen.

Zuen buruari galdetuko diozue ea zergatik jartzen dudan betikoa kakotxen artean. Bada, irakasleak horrela idatzi zuelako eta apunteetan horrela daukadalako. Betikoa zer den oso zaila da definitzeko, zer da historiaurretik gaur egunera iraun duena, aro modernotik aurrera, gauzak aldatzen hasten direnetik aurrera? Nork jakin.

Harira bueltatuz, uda heldu berri da Euskal Herrira eta geure, “betiko” eta bertokoa den ohitura batekin eman ohi diogu ondo etorria udari. Sua piztu eta has dadila festa! Gure herrian parke atzeko landan egiten da sua, baina su handiaz gain, txiki bat ere egiten dugu, gure herrian ohitura suaren gainetik salto egitea baita.

Herrian guztiontzako sua egiten den arren, gure auzoan etxeetatik espiritu txar eta gaitz guztiak uxatzeko baserri bakoitzak bere sua pizten du eta hau abesten dugu:

“Gaur dala, bihar dala Doniene

Gaur San Juan eta biharamune.

Gure etxean sorginik ez dau

eta badau be desager beitez”

Nik letra aldatuko nuke, baina, geure, betiko eta bertoko sentitzen dutenek ez daukate aldatzeko asmorik. Folklorea sentimendu fuertea eta sarri aldaezina da Euskal Herrian.

Dena den eta harira bueltatuz, sua piztu eta udako lehenengo ohiturari ekinda, beste guztiak bata bestearen atzetik datoz. Herri askotako jaiak, tartean musika, dantza, bertsoak, eta tartean, hain “betiko” ez direnak baina egunen baten izango direnak.

Beraz, has dadila festa!

Gaur dala bihar dala