Gazan

Ane Labaka

Ane Labaka

2018-04-05

Gazan –

Doinua: Hogeigarren urtera III

Gazan

1.Gosari honek daukan
oporraldi trazan
bakea usaintzen da
kafearen tazan.
Egunkaria hartu
dut harritu nazan:
hamasei palestinar
hil dituzte Gazan.
Esan aurretik  “hala
bazan edo ez bazan”

ipuin bera sartu da
berriz kalabazan,
esan aurretik “hala
bazan edo ez bazan”…

Gu lasai -lasai gaude
gure herriko plazan.

2. Zer da terrorismoa?
Zer delinkuentzia?
Zenbat luza daiteke
erresistentzia?
Herri bat zapaltzeko
nork du lizentzia,
errua, boterea…
Nork inozentzia?
Kontrako eztarritik
ezin irentsia…
zuritu al daiteke
gure kontzientzia?
Kontrako eztarritik
ezin irentsia…

gosaldu al daiteke
indiferentzia?

3. Gaur galderak ekarri
ditut gosarira
hausnartzen emateko
munduari bira.
“Behingoagatik gerrak
bukatu balira…”
Errukia amorru
bihurtzen ari da.
Barkatu joan banaiz
horren urrutira
segi dezagun beste
aldera begira
barkatu joan banaiz
horren urrutira

gure auzoan armak
fabrikatzen dira.

Gazan