Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2018-01-23

Gazteegi berria

Gazteegi berria –

“Gazte gara gazte,  ta ezkaude konforme”… Aitor Servierrek bere blogean idatzitako artikulua irakurri ostean eta batzuentzat ‘gazte’ etiketa iraungi zaidan arren, asko identifikatu naiz dioenarekin. Bertsolari gazte bezala bizitako esperientzien bildumatxoa osatu du azken “gau loriagarri”tik abiatuta. Zerrendan zehar, besteak beste, eskolarteko saioak, gazte sariketak aipatzen ditu, sarri askotan elkarren segidan etorri ohi zirenak.

Adin tarteagatik elkarrekin abesteko aukerarik izan ez dugun arren, bere hitzei begira, nago ez ote den kontua hainbeste aldatu. Hantxe ikusi genituen guk ere aho-zabalik, egun puntako bertsolari diren neskato aldakorrak eta mutiko ahotsez desegonkorrak hazten. Hantxe probatu genuen askok gure burua lehenengoz jendaurrean, nerabezaro puri-purian. Ez zen broma. Gutxi batzuk ale bikainak uzten zituzten baina ez nuen nik horrelakorik erdietsi. Eta erdi etsita ere ibili nintzen bolada batean.

Behin 18 bete ostean, baina, eskolartekotik kanpo geratu eta gazte sariketetan entzuten genituen ordurako gure idolo bihurtu genituen neskato eta mutiko heltzen hasiak (nola gorputzez, hala ahotsez). Servierrek dio bertsolarien urrezko legea omen dela “bertsotarako dei orori baiezkoa ematean”; baina baiezkoari deia falta zaionean? Ez zen erraza eskolartekoan nabarmendu ez ginenontzat. Lehia bertsolari gazteentzat eremu egokia ote den eztabaida aparte utzita, beste esparrurik ezean, bertsotan segi nahi zuenak ez zeukan askoz aukera hoberik.

Ni oso berandu iritsi nintzen eta pare bat sariketa probatu ditut, beren tentsio, giro eta lagunarteekin. Baditut inguruan, halaber, sariketen eskaparatea azkartxo erre eta  jarraitzeko aukerarik gabe aurkitu zirenak (normalean, joan bezala irabazten zituztelako, dena esan behar bada). Kontuak kontu, dela azkarregi iritsi zelako, gazteegi harrapatu gintuelako, hasterako adina pasa zitzaigulako, edo deitu ez zigutelako, edo besterik gabe, beste espazio mota bat posible zela uste genuelako … gosez geratu izan gara asko. Beraz, horiek antolatu zituzten guztiei eskerrak emanda, besterik ba ote den litzateke galdera.

Zorionez, badira oasi txikiak bide arre horretan eta Servierrek aipatutako Zumaiako gazteen saioaz gain Plazatik Gaztetxera lehiaketa ere gogoratuko nuke. Nik, lehen aldiz Mutrikuko gaztetxean sentitu nuen hain zuzen oholtzan egoteko inbidia. Gero aukera eskaini zitzaidan eta bestelako lehiaketetan lortzen ez nuen gozamena (eta ziurrenik baita maila ere) konfiantzazko espazio horietan lortu nuen.

Hortaz, gainbegiratuan edo barne begiratuan, ohartzen naiz dena lotzen duen haria lagunartea eta giroa izan dela, konfiantza esparrua, hain zuzen. “Gure nahi eta beharren neurriko saioak” aipatzen ditu Servierrek eta ez dabil oker; baina nik hor ere hari desberdinak ikusten ditut, adinarena besteko gertutasuna sortu didatenak: esaterako, generoa. Zorionez, bertsoa elkar gurutzatzen duten eta batzuetan korapilatzen diren hariek osatzen dutelako, sare forman. Ni horrek harrapatu nau.

Eta “hain onak” ez omen diren gazte horiei esker, hari berriak gehitzen zaizkio sareari. Espazio berrietara iristen da. Batzuk berriak jaio ziren, beste batzuk sarea berritu zuten eta akaso norbaitek korapilo batzuk askatuko dizkio. “Hain onak” ez diren gazte horiek hobeak izango direlako zentzu askotan.

Gazteegi berria