Ane Labaka
Ane Labaka

2017-11-14

Harri orri har

Harri orri har –

Doinua: Gizona da zoroa

Harri orri har

1.Askatasuna kentzen
badigu haizeak
zentzurik ba ote du
preso amaitzeak
edo makurtu eta
mutu jarraitzeak?
Mingainetan dauzkagu
haien guraizeak.

2.Zerbait bagara gara
herri jazarria
mendeku nahia ez da
maiz jasangarria.
Harri hotzezko hormen
artean jarria
urtebetez egongo
da @erreharria.

3.Legeek badituzte
mila asterisko
justizia ez al da
ustezko, balizko?
Ondarrutar preso bat
hezur haragizko
dena, ziegan bihurtu
nahi dute harrizko.

4.Altsasuk sua dauka
barnean kementsu
barkatu ez banago
hain itxaropentsu…
Batzuk bihurtzen dira
errauts nahiz intsentsu
baina harri guztiek
ez dute hartzen su.

5.Boterea bihurtzen
bada argizari
sutuz, urtuz, banatuz
herri xumeari
argi dago behatuz
Kataluniari
paperak irabazten
dio harriari.

6.Joko arauak dira
guztiz espainiar
ezin izan euskaldun,
gazte, ezkertiar…
Bizkor –bizkor esango
dut “harri orri har”
jokoa irabazten
has gaitezen bihar.

Harri orri har