Hautespen “naturala” eta (r)eboluzioa

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2017-11-30

Hautespen “naturala” eta (r)eboluzioa –

Eboluziorako gako bezala aurkeztu zuen Darwinek hautespen naturala. Ingurura ondoen egokitutako aleek iraungo zuten ugaltzeko bezain luze eta beraz, bizirauteko moduko ezaugarriak transmititzen ziren belaunaldiz belaunaldi, espeziea “indartuz”. Gaur egun barregarri gertatzen zaigu ia gaitasun genetikoez hitz egitea, gaixotasunen kasuan ez bada. Balirudike eztabaida gaindituta dagoela, baina ez da hainbeste denbora bertsolariak sortzez behar zuela uste zenetik, bertsolaritza berezko dohaintzat jotzen zenetik.

Zer dakar zerbait berezko jotzeak, ez bada gainerakoek saiatzeari uztea? Gure belaunaldiak bertso eskoletan formatutako bertsolari bikain asko ezagutu ditu, berezkoa balitz bezain ongi egiten ikasi dutenak. Guk sinesten genuen ahalmenak ez zirela genetikoki jasotzen eta jasotzen ziren apurrak landu egin behar zirela. Erraztasun handiko jendea ikusi dugu beste bide batzuk hartzen eta kostatzen zitzaigun batzuk eutsi diogu, kosta ala kosta, hor dago koska.
Bertsolaritza ez da hori bakarrik, ordea. Kontua da, bertsolariak baduela bere habitata; eta habitat horretan bizirautea ez da bertsotan jakitea bezain erraza. Bertso eskoletatik gazte mordoa iritsi zen nabarmentzera eta aldiz, plazan kontua ez zen hain erraza, ingurura egokitzea kosta. Emakumeak ere geroz eta gehiago dira, maila handiz habitat horrekin topo egin dutenak.

Zorionez, plaza ere aldatuz doa bertsolariekin batera; eta plaza aldatzeak bestelako bertsolariei aukera bat ematen die. Bere garaian, esaterako, ahotsa hautespen bide bat zen, ozentasun nahikorik ez zuenak edo saio baten ostean ahotsa galtzen zuenak jai zuelako. Gero mikrofonoak iritsi ziren eta hain ahots sendoa ez dugunok ere kantatu ahal izan dugu. Pentsa, agian Otañok ez zukeen hainbeste sorta jarriko bere ‘kattarro’ak mikrofono bat harrapatu balu.

Plazan bizirauteko tresna guztiak landu arren, batzuetan jaiotzetiko baldintza batzuek markatzen dute oraindik nor biziko den eta nor dagoen iraupen hutsera kondenatua. Batzuk jaiotzetik dira ingurune horretan onartuak; naturaltzat saltzen zaigu, baina eraikitako egitura ez da hautespen naturala. Eskerrak habitat berriak ere sortzen ari diren, eskerrak eboluzioa ez den belaunaldika soilik ematen eta ohartu garen norbanako gisa eboluzionatu dezakegula gizartea bultzaz.

Demagun, plaza-habitata saskibaloi zelai bat dela. Denok ikas ditzakegu joko-arauak eta landu dezakegu teknika. Hala ere, uztaiak birkokatzen ez diren artean altuenak biziko dira puntan, beti; gainerakook, inguruan iraun behar. Baloia eskuz aldatzen ari da, ordea. Ingurunera egokitu behar dugu edo ingurunea da egokitu beharrekoa? Agian jokoz aldatzeko ordua da; horrela, akaso, beste dohain mota bat transmitituko dugu ez belaunaldiz belaunaldi, baizik norbanakoz norbanako eta taldez talde.

Orain, eboluzioa ‘R’-z hasten da.

Hautespen “naturala” eta (r)eboluzioa
Hautespen “naturala” eta (r)eboluzioa