Hiru aldiz zulagarri

Ane Labaka

Ane Labaka

2019-02-04

Hiru aldiz zulagarri –

Doinua: Baneza eta banitu

 

Hiru aldiz zulagarri

1.Bizioen efektua
bilatzeko afektua
gizona da subjektua,
beraz, zein da objektua?
Agian bere barne desirek
egindako proiektua
urrun duena mundu erreala
urrunago defektua.
Sexu bizitza asekaitzetik
beterako traiektua;
dendetan salgai omen daukate
emakume perfektua.

2.Inperfektuak jazarri
(e)ta dena da itolarri
baina egitean aldarri:
“Ez zaitez horrela jarri…”
Ez garun eta ez ahots korda,
ez zentzumen, ez eztarri,
gure azalean sentitzen dugu
hau soilik garela sarri:
panpin itxura har dezaketen
plastiko zati puzgarri,
eta gainera izan gaitezke
hiru aldiz zulagarri.

3. Diskurtsoen armadura
hitz politen diktadura
pribilejioen kontura
mantentzen da egitura.
Hemen inork ez baitu galdu nahi
boteretzen duen hura
nahiz ta neskarik ez sarrarazi
portal ilunen barrura
beste gizonak seinalatuta
ez delegatu ardura
normalizatzen baldin baduzu
bortxaketaren kultura.

Hiru aldiz zulagarri