Langa

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2017-12-26

Langa –

LangaHazkuntza pertsonal bakoitzak du bere ortzi-muga, gora bidea markatzen duen langa. Umetan, barraka ikusgarrienari aho-zabalik begiratzen genion eta kola itxaron ostean, (kasu onenean) jirafa bat marraztuta zuen panel baten parean neurtzen gintuzten altura ematen ez genuela frogatzeko. Hatz erakuslea eta lodia zabalduz agertzen zigun jabeak falta zitzaigun puskaren tamaina eta dramarako tarterik gabe botatzen gintuen errenkadatik.

Hatzekin tarte bera markatuz harrapatu nuen nire burua Txapelketa Nagusiko finalean, barraketan barraka eta plazetan plaza den Dragon Khan hartarako hazi beharreko puska neurtzen. Tarte mota desberdina oraingoan, BEC-eko oholtza ez baitira dozena-erdi eskailera, ahots baten garapena baizik.

Horra iristeko behar diren baldintzen inguruan asko ikasi ahal izan genuen egunean zehar, hazkuntza hori ez baita zorionez norbere zilborrean hasten eta bukatzen: binaka eta zortzinaka ere hazi daiteke bat, elkarren ideiak eta hitzak altxagarri moduan erabiliz. Hori saioan bertan. Ze hortik kanpo eremu interesgarrienetako bat dago, lagun taldeekin egiten dena, sareena, konspirazioena, bertso eskolena, susmagarriena.

Hazteko beste era bat da ze pertsonaia hautatzen dugun soinean jartzeko, nori, ze errealitateri eskaintzen diogun ahotsa eta nola. Kontua ez delako gure egoa noraino altxatzen dugun, baizik luzatzen dugun gezi hori nora begira jartzen dugun. Eta langa, lan da. Malgua da eta jotzen dugun aldiro apur bat gorago jar daiteke. Maialen Lujanbiok (beste gauza askoren artean) utzi zigun formula emankorrari eutsiz, bakearen moduan, arrakasta ere ez delako helduko, arrakasta joatea da.

Langa