Maitatua sobera

Oihana Iguaran

Oihana Iguaran

2017-06-19

Maitatua sobera

Duela aste batzuk saio batean jarri ziguten maitasunari lotutako gaia, Abel Barriola eta Amets Txurrukaren erretiroa baliatuz. Bi kirolariek euren ibilbidearen errepasoa egitean jendearen maitasuna azpimarratzen omen zuten, euren lorpenen ardagai modura edo. Gai emaileak hiru bertsolarioi galdetu zigun ea noiz sentitu garen bertsolari moduan maitatu, edo nola helarazten zaigun maitasun hori.

Maitasuna ideia abstraktua izan arren ziur nago data, herri eta saio zehatzak etorri zitzaizkigula burura hiruroi, pertsonak agian: saioa mimo osoz prestatu duen antolatzaile hori, poteoan taberna bakoitzeko garagardo freskoa eskuratzen dizun laguntzailea, bertso afarira kotxez etorri zarela azaldu arren ardoa edan dezazun tematzen den adinekoa edo bere Instagramerako selfia nahi duen nerabea.

Maitasuna heltzen zaigu txalo moduan, edo afari gisa, edo soldata moduan edo katxi bete garagardo bezala, segun. Toki guztietan baliabideak (eta ez naiz baliabide materialez soilik ari) ez dira berak baina normalean goazen lekuan oso ondo zaintzen gaituzte. Gehienetan elkar pertsonalki ezagutzen ez dugula kontuan hartuta, esan daiteke sobera maitatuak garela. Jendeak onena eskaini nahi izaten digu berean, maitagarri garela aurrez erabaki balu bezala (presuntziozko maitasuna?). Eta gu, noski, beste norabidean erantzuten ahalegintzen gara dakigun bezala: bertsoz.

Kirolarientzat neke uneko bultzada omen zen zaleen maitasuna eta nik uste bertsolariarentzat ere hala dela. Ez noski aipatutako adibideen neurrian edo txalo zaparradan, baizik era diskretu eta sorrago batean; entzuteko grina ageri duten aurpegietan, esaterako. Nola agertzen dizuten onarpena ez-ezik gogoa, arreta, eta nola sentiarazten zaituen horrek aske sortzeko.

Zenbat maitasun da sobera? Ziurrenik erantzuna aldatu egingo da maitasun hori norengandik datorren edo norenganako dugun. Eta bai, batzuetan sobera maite gaituzte. Baina nik, nire burua sobera epaitzen dudan honek, ziurrenik ez nukeen bertsotarako ausardiarik bilduko maitatua sentitu izan ez banitza.

Gu ezagutu ostean, hala ere, Xalbadorrena galdetuko nieke: ea maite gaituzten oraindik. Batzuetan bigarren deia izaten da baieztapena. Eta guk berriz, eurak oroitzen ditugu horrelako gaiak entzutean.

Maitatua sobera
Maitatua sobera