Enare Muniategi
Enare Muniategi

2018-03-06

Nork jakin

 

Arduratuta bizi gara. Gauzak presaka egiten ditugu, hurrengo betebeharrera heldu ahal izateko. Zergatik hartzen ditugu ondo beteko ez ditugun ardurak? Txarto eta presaka egiteko hobe da ez egitea. Baina nork jakin, ez dago gu ulertzerik. Gauzak ere presaka esaten ditugu, ideiak burutik pasa hala ahotik ateratzen zaizkigu, eta birritan ez pentsatzearren damutu, eta ostean, arduratu egiten gara. Zergatik esan dugu esan nahi ez genuen zerbait? Edo zergatik esan dugu txarto, eta beste gauza bat eman aditzera? Nork jakin.

Nork jakinBaina, gauzei, jarduera, akzio, hobby, lan, pentsamendu, ideia,… guztiei egin edo esan aurretik bueltak emanez gero, erdiak egin gabe utziko genituzke. Eta orduan ere damutu egingo ginatekeen. Ez dago gu ulertzerik, nork jakin.

Hala ere, mundu ulergaitz honetan bertsoa arauak betez arauak apurtzeko dago, eta nork jakin, aitzakiatzat hartu daiteke eta gauzak birritan pentsatu gabe esateko aukera aprobetxatu. Batzuetan hori izaten da aukerarik onena, gauzak birritan pentsatzeak ere bere arriskua duelako. Ideia brillante bat baztertu daiteke edo lotsaren erruz ezer ez esan, eta are txarrago geratzea jendaurrean. Ematen du bata edo beste aukeratu behar dela, eta horrek ardura dakar derrigorrean. Baina birritan pentsatu gabe, filtrorik pasa gabe esaten dena, ostera, zer? Hanka sartu eta gero ezin atera. Nik oraindik ez dakit zein den aukerarik onena. Nik ez dakit eta… nork jakin!

Aukerarik onena zein den jakin ez arren badakit nik zer egiten dudan. Birritan pentsatu beharrean lau aldiz pentsatu. Batzuetan kalterako da, besteetan mesederako. Batzuetan bertsoa bota aurretik pentsatu ohi dut, eta beste batzuetan, etxera heldu eta abestutako bertso guztiak konpontzen ditut. Hau errimatu behar nuen eta ez beste hau, hau hitz hauekin esan behar nuen, hau momentuan bururatu izan balitzait eta ez orain…

Bakoitzak erabaki behar du zer eta nola pentsatu, esan eta egin. Hori zuzena den edo ez, nork jakin. Kupelak esaten duen legez:

“Bizi zaitez bizi, ahalik ta ondoen

Inoiz ez baitakigu bihar zer dagoen”

Nork jakin