Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2018-10-19

Prezioa eta balioa

Prezioa eta balioa –

Prezioa eta balioa

Askotan hitz egiten da plazaren balioaz, nola norberetzat hala komunitatearentzat; gutxitan, ordea, plazaren prezioaz. Askotan hitz egiten da saio bateko sarreren prezioaz, eta gutxi sarrera horri esker saioan bizitakoaren balioaz. Oso gauza desberdinak dira prezioa eta balioa berez, baina batzuetan elkarri lotuta datoz edo elkarrekin nahasten ditugu. Eneko Sagardoy-ri entzun nion Karlos Zabalak esana: “onenak ez, aguantatzen duenak” betetzen duela erronka. Bertso plazak ere badu hortik.

Plazarako balio behar du bertsolariak, iraungo badu. Eta plaza(k) pluralean deklinatzen den momentutik, zorionez, balio duten bertsolari ereduak gero eta anitzagoak dira. Funtsean, baina, ahalegina, pasioa, denbora eta sakrifizioa eskatzen dizkio balio duenari. Horregatik ezagutzen ditugu balio duten bertsolariak, plaza euren irismenera egokitu eta mugatu dutenak. Eta agian plazan d/gabiltzan askok ez dute/gu hainbeste balio, baina aguantatzeko prest d/gaude.

Plaza ederra baita, bere anitzean, bere zabalean; baina denbora eta energia asko eskatzen du (eta ez gehiena ziurrenik, bertsotan aritzeko uneak). Plazak nahiko laster agertzen du bere prezioa, eztei egunak agortu orduko seguru asko. Kontua da, sekulako balioa sumatzen diola bertan hasi denak. Orduan, norbere prezioa finkatu behar den unetik beretik hasten da bat bere balioa zalantzan jartzen (bertso eskolako lehen egunetik hasi ez bazen).

Geroztik, zalantza eta lana dira ordaindu beharreko prezioa, norbere balioak gora egingo badu. Norbere balioek balio dezaten ahalegindu beharko du bertsolariak. Eta ez aguantatzea ere zilegi da.

Presioa prezio den plazan, balio duenari balioko balio …

Prezioa eta balioa