Oihana Iguaran
Oihana Iguaran

2017-05-15

Tradizioaren gaRAPena

Tradizioaren gaRAPena –

Bertsoa genekarren Payadoreen lurraldera. Argentinan Bertsopilota emanaldia eskainiz gure tradizioaren lagin bat jarri nahi genuen bertakoen eskura, euskal jatorrikoak eurak zein ez. Entzundakoarekin gentozen, aurreiritziak zein okerrak izan daitezkeen dakigun hauek; tangoa espero genuen kaleetan, matea ahoz aho. Gauza batzuk betetzen dira, besteak hustu.

Argentinako ekialdean harrituta begiratzen gintuzten payadoreen antzeko zerbait egiten genuela aipatzean, batzuentzat ezagunak ziren baina beste batzuentzat ez hainbeste. Salta aldera gindoazela jakitean, aldiz, denek esaten ziguten: “ikusiko duzue han, ohitura handia dago eta edozein bazterretan ikusi eta entzungo dituzue payadoreak”. Kulturalki jatorrizko tradizioari ondoen eusten zion guneetakoa omen, Saltako probintzia.

Hara heltzean, ordea, gehiago ikusi genituen turistentzat eraikitako kontzertu eta dantza folklorikoak. Payadarik ez, folklorearen izenean ere. Baina halako batean, hiriko plazara gerturatu eta sekulako zalaparta sumatu genuen kioskoan; 12-20 urte inguruko ehun gazte inguru, rap lehia betean murgilduta. Harrituta utzi gintuen arretak, errespetuak, antolakuntzak: antolatzaile bat, aurkezle moduko bat aldiro nor-norekin ariko zen eta iraupena zehazten, ‘teknikari’ bat mugikorretik baseak jartzen, eta kamara bat guztia jasotzen… ikustekoa zen sortu zuten mugimendua. Aho bete ertz entzun gintuen gazteen saioak, kultur erreferentzia zabalez beteak.

Ez dakigu payada bat nolakoa den, kontatu digutenetik harago. Ez dakigu, gazte horiek tradizio horrekiko zer iritzi duten, ezagutzen ote duten, harremanetan ote dauden. Ez dakigu tradiziotik elikatzen diren ere (kontzienteki, behintzat). Guk grina ikusi genuen plaza hartan, bizi zutena kontatzeko, adierazteko, oihukatzeko grina. Ahozko inprobisazioak rap forman aurkitu du lekua Saltako plazan, gazteen artean behinik behin.

Tradizioaren bideak batzuetan paraleloak sortzen ditu. Galdera da, tradizioa eta modernoa zuzen mantentzea beharrezkoa den, edo bihurgune txikiak aurki daitezkeen elkarren arteko lotura puntuak sortzeko.

Tradizioaren gaRAPena

Tradizioaren gaRAPena