Trobadorea naiz

Oihana Bartra

Oihana Bartra

2017-09-13

Trobadorea naiz –

Viñalesen ezagutu genituen kubatar autentikoenak. Bertako familia baten etxean arratsaldea pasa eta saltsa irakasteko ahalegina egin zuten, ez arrakasta handiz. Geuk ere, gure aletxoa jarri nahirik, esku dantza irakatsi. Hemengo dantzariren batek ikusi izan bagintu… lotsa. Eta folklore-egunari amaiera emateko, nola ez, musika. Bat-batean, auskalo nondik, trobadorea zela esan ziguten bat, hirua eskutan. Berarekin espainolez inprobisa nezala eskatu zidan etxekoak.

Ordura arte abesti tradizionalak baino ez zituen kantatu ustezko trobadoreak. Baina bai, bera trobadorea zela. Nik kubatar puntua kontrolatu ez eta Guantanameran kantatzea proposatu nion. Zeru altuan doinuan kantatzea proposatu izan banio bezala begiratu ninduen. Hala ere, nik ekin. Ez zen isilik geratzekoa bera eta Guantanamera edo La Conga izan zitekeen doinuan erantzun zidan, aurrez egindako esaldiak erabiliz, errimatu gabe eta hariari ozta-ozta jarraituta. Irribarretsu, hori bai. Eta, bai trobadorea zela, inprobisatzailea. Harro. Ederto pasa genuen.

Amaieran, ea bertsolaria nintzen galdetu zidan. Nik bi-hiru segundoz pentsatu eta neure burua baietz erantzutera derrigortu nuen.  

Trobadorea naiz
Trobadorea naiz