Elixabet Etxandi
Elixabet Etxandi

2019-02-06

Udaberriaren zain

Udaberriaren zain –

Udaberriaren zain

Urtarrila iritsi da,eta harekin batera itzultzen hasi da berrikuspen/azterketa errota, bere bira sekula amaituko ez balu bezala. Harekin batera hotza, nahiz eta momentuz Siberia Gasteiz baino gehiago Gasteiz ezagutzen dugun. Baina urtarrilak badu beste hilabeteek ez duten podere bat: dena parentesi artean ematekoa, momentu batez behintzat, dena izozteko, eguneroko errutina zein asteburuko festak, segundu baten disolbitze abiadura benetan sentiaraztekoa. Eta urtarrilean, bertso saioek ere Gasteizko elurraren antza hartu dute: ikusi nahi baina ez agertzen. Hala ere,  eguzki izpi baten zaskaz, pasa den urtarrilaren 20an, igande arratsalde goxo batez, Aiziritzen kantatzeko proposamena onartu nuen, pozik gainera, bertso munduko klima ere estadial bihurtzen hasia baitzen, beti gazte sariketen proposamenekin, eta plazak elur giro hori urtzeko euri eginez, zorte pixka batekin, saioko gaztea izateko aukerarik bada (eta neska bada, hainbat hobe).

Papel hori betetzeko sentimenduarekin hurbildu nintzen Aiziritzera, saioa hasi aurretik, beste bertsolariekin elkartzeko. Alta, papel horren zama arindu egin zitzaidan nire begiz ikusi nuenean beste 4 bertsolariek ere ez zutela nahaste homogeneo bat osatzen: gazte, ez hain gazte, baxe nafartar, arabar…. Diferentziak nabariak ziren, baina betiko kate ikusezin horrek lotzen zituen, ezaugarri guzi hauen gainetik: gizontasunak. Oholtzara igo aurretik, bi kafe eta garagardoren artean, antolatzaileak “gaur, bortizki aritu behar zara” kontseilatu dit. Betiko kateak azote.

Baina zergaitik bortizki aritu behar nuen? Eta zergatik nik? Saioko neska bakarra nintzelako? Gazteena? Edo biak? Eta zer da bortizki kantatzea? Gizonek bezala kantatzea? Eta ez ote naiz beraiek bezain “bortitz” ber irri, kexu edo pozak sorrarazten badizkiogu publikoari?

Galderaz betea kantatu nuen egun hortan, baina beti bezala, minoritatean izanik ere, ene burua gutxietsi gabe, ene erara kantatuz, bortizkeria, bortitz nahi zaituenari fineziaz haren hutsak bortitz bihurtaraztea baita, saio bukaeran, hark bikain aritu zarela esateko moduko bortizkeria, zure arma onenak oraindik atera gabe dituzula eta.

Laster, again, Gasteizen bezala, gure bertso munduan ere udaberria loratuko da, aspaldiko sasiei ulertaraziz arrosek ez dutela asun izan beharrik min egiteko, beraien arantza propioekin nahikoa dutela elur artean bide baten marrazteko eta gure paisaiak eraldatzeko.

Udaberriaren zain