Ainhoa Agirreazaldegi

Xantaia emozionala

Xantaia emozionala

Egin dezagun fikzio pixka bat.

Demagun, gaurtik aurrera, bertsotan ondo samar jakitea derrigorrezkoa dela Euskal Herrian. Bertsoa ezagutu bai baina bertsotan inoiz egin ez duen ehundaka euskaldun helduk bat-batean izena eman dute bertso-eskoletan. Batzuk langabezian daude, eta goizetan hartzen dituzte eskolak. Beste batzuk lana amaitu ondorengo ordu berantiarretan joango dira bertso-eskoletara.

Pentsa ezazue, une batez, egunerokoan zenbat zeregin izaten ditugun egungo helduok, eta zenbat tarte geratzen zaizkigun eguneroko ardura eta nekeez gaindi, zerbait berria egiteko, konstantziaz. Esaterako, bertso-eskolara astean hirutan joateko, aldiro ordu pare batez.

Hasi dira, bada, ehundaka lagun horiek bertso-eskoletan. Baina Euskal Herri berri honetan bertso-eskolak  ez dira doakoak. Aitzitik, 600 eurotik gorako kostua dute urtean. Gehi astean sei ordutik gorako klaseak, eta horri gehitu etxerako lanak. Bada nahikoa kostu.

Baina, lasai. Bertsozale Elkarteak esan berri du: “Lau urtean Euskal Herriko txapelketara sailkatzen direnei bertso-eskoletan gastatu duten dirua itzuliko zaie. Horretarako, ikasturte bakoitzaren amaieran azterketa bat gainditu beharko dute, mailaz maila”.

Xantaia emozionalaImajinatzen duzue zer-nolako presioarekin hasiko liratekeen bertsotan? Uste duzue bertsoarekiko maitasunez egingo luketela bidea? Iritsiko lirateke gehienak Euskal Herriko Txapelketara, beren lanetik kanpoko orduak bertsoari eskainita? Zenbatek jasoko luke bueltan, dirutan ordaindutakoa?

Bada, xantaia hori bera saldu nahi izan du aste honetan EAJk, euskarari loturik: “Probak gaindituz gero, euskara ikastea doakoa izango da B2 mailara arte”. Ez goi-estamentuetan aldaketarik, ez denbora-laguntzarik langileei, ez saririk langabetuei. Gainditzen ez duenari, isun ekonomikoa. Besterik ez. Saria ala zigorra da hori?

Eta gizarteak gehiegizko harrabotsik sor ez dezan, ez ote da titularraren bigarren zatia, “Euskara tituluak gaurkotuko dira” dioen hori, tituluetan eskatuko den euskara-maila jaisteko asmo determinatua? Egin liteke bertsotan nahi denean bakarrik errimatuz?

Xantaia emozionala