Oihana Bartra
Oihana Bartra

2019-03-14

Zaharra

Zaharra –

Zaharra
Arg: publicdomainpictures.net

 

Zaharra naizela esanez jotzen didate adarra Elorri bertso eskolako kide maiteek. Grazia egiten dit eta umorez hartzen dut, zelan ez. Aurten 35 urte bete ditut. Eta konturatu naiz, ño, saioetako gazteena izatetik horrelako ziriak jasotzera pasa naizela ia konturatu barik. Klaro, Oihana, 20 urte (20 urte?!!) daramatzazu plazan, zer nahi duzu? Denbora denontzat doa aurrera, ez ingurukoentzat bakarrik. Egia da ni gazte sentitzen naizela, baina berez ez naizela hain gaztea, eta bertsotan hasi berri direnengandik urrun nagoela bizipen, kezka zein egoera pertsonalari dagokienez.

Alabaina, ez da erraza zahartzen zoazela onartzea. Areago jendarte honetan, non zaharra izateak ezgauza bihurtzen zaituen, baliogabe, ikusezin, errefusa. Ez zaitez zahartu, izan “betigazte”, operatu zimurrak. Inork ez du bihurtu nahi munduak errefusatzen, baztertzen duen hori. Ni, zaharra? Bai zera! Zaharrak trapuak dira. Ba bai, zahartu egiten gara.

Baina kosta egiten zaigu gure “gu” zaharra nolakoa izango den imajinatzea. Sarri esan izan dut gustatuko litzaidakeela 60 urterekin plazan jarraitzea, baina zail egiten zaidala hori irudikatzea, ez daukat nora begiratu eta. Zorionez, nire ustez, ikusiko ditugu gu baino helduagoak diren emakume bertsolariak adineko plazandre bihurtuta, eta erakutsiko digute baietz, posible dela, esateko asko izango dutela, publikoak asko ikas eta goza dezakeela eurekin eta espazio hori eurena ere badela. Eta izango dugu nora begiratu. 

Zaharra