Bertsolaritzaz bi sentsazio

Hedoi Etxarte-(r)en argazkia Hedoi Etxarte 2018-08-28

Bertsolaritzaz bi sentsazio –

Oroitzapenei jaramon gutxi egitearen aldekoa naiz. Geure buruari eta bereziki gainontzekoei ziria sartzeko eremu bat iruditu izan zait beti memoria, oro har, interes gutxikoa. Eta, horregatik, oroitzapenekin egin daitekeen duinena eraldatzea eta artearen bidezko exhibizionismoa egitea iruditzen zait. Horregatik idazten dut poesia eta horregatik gorroto ditut «Autobusean noa eta aurreko emakumea hizketan entzutean…» eratzen diren prentsako zutabeak. Eta horregatik, zutabe bat edota erreportaje bat egitea egokitu zaidanean, beti saiatu naiz gaiari buruz zerbait esan izan dutenak entzun eta DJ lanak egiten: entzun duzun onena berriz ekualizatu eta playari eman. Zutabegilearen lana irakurlearen lanaren aldaera gisa ulertzen dut nik. Nahiz eta ulertzen dudan ezetz. Gaurko irakurle askok nahi dutena irakurri dela «Autobusean noa…», baina niri anodinoa, are aspergarria, iruditzen zait hori. Ez delako irakurtzen gustatzen zaidana ez dut hala idatzi nahi.

Bertsolaritzaz bi sentsazio

Eta, ordea, gaur salbuespen bat egingo dut. Ez dakidalako, eta irakurlearekiko zintzotasunez hala aitortu behar dut, ez dakidala bertsolaritzaz. Edo okerrago, gauza gutxi batzuk dakizkidala —futbolaz eta bizitzako afera gehienez bezala— eta gauza gutxi horiek sor diezadaketela ilusio bat pentsatzeraino zertxobait badakidala, baina ez dela hala.

Bertsolaritzaren inguruan baditut bi irudi nire bizitzan. Kontrajarriak dira erabat eta bigarrenak hartzen du gaina «bertsolaritzaren sentsazioa» dudanetan. Baina lantzean behin lehenengo irudia itzultzen zait. Gatza entsaladan bezala: gramo gutxi dira, baina plater osoaren zaporea baldintzatzen dute. Lehenengo irudiak bi eszenario posible ditu: Iruñeko Gaiarre antzokia eta Salestarren aretoa, Iruñeko Bigarren Zabalgunean. Irudi horretan ume bat nintzen. 5-7 urte neuzkan eta aitarekin joaten nintzen erdi hutsik zegoen antzoki batera. Harrigarriki hutsik zegoen areto bat, zeren Gaiarre hura bera, garai haietan, beteta ikusten nuen Sarasate Orkestra Sinfonikoarekin, edota Oskorrirekin, edota Benito Lertxundirekin, edota Amaia Zubiriarekin. Eta Salestarrak ere bai, jende mordoarekin Hiru Truku ikusteko, edo Ruper Ordorika, edo haurrentzako antzerkia. 5-7 urte neuzkan eta Gaiarre erdi huts hartan gizon zaharrak zeuden eszenarioan, eta publikoan umerik ez, eta, igual, gure aita zen gazteenetakoa. Argazkiak bilatu ditut sarean, baina ez zaizkit ageri. Eta hobe. Ez utzi errealitateak egia lurpera dezan.

Bigarren sentsazioa gaurkoa da. Azken hamar urteotakoa. BECeko Txapelketa Nagusietakoa. Bertsolaritzaren zilegitasun kultural handiarena. Abangoardiarena. Ekitaldi masiboena. Bertsolari filmekoa. Gaztetxeetako bertso saioetakoa. Eta nire buruari galdetzen diodana da nola egin zuen jauzi umetako txapelketa hark egungo bertsolaritzara. Eta ez zait esplikaziorik etortzen. Logikoagoa egiten zait kantautoreetatik punkera pasatu zen euskal kantagintza, laurogeiko hamarkadaren hondarretan zegoen bertsolaritza hartatik hogeita batgarren mendeko bigarren hamarkadara iristen ari den bertsolaritzarako jauzia baino.

Eta bai. Badakigu eboluzioan, akumulazioak eta jauziak gertatzen direla. Baina bertsolaritzarenak inkognita handi bat izaten jarraitzen du niretzat. Ezin dudalako irudi hori kendu. Zigarro eta puru kez inguratutako sepia koloreko errealitate hura: desagertzear zegoen mundu baten testigu izatea. Eta egongo da esango duenik gaurkoa ordukoaren eboluzio bat dela. Baina, barkatuko didate. Nik ez dut ikusten eboluziorik gurasoek interesik ez eta seme-alabak bertsolaritzaren zale, are bertsolari, direnean. Egingo dira genealogiak eta emango azalpenak.

Baina uste dut, kultura epifania denean bezala, bertsolaritza gurasorik gabeko seme-alabekin sortu dela, duela mende laurden bat. Horregatik dagoela gazte eta eder.

Bertsolaritzaz bi sentsazio
Bertsolaritzaz bi sentsazio