Ainhoa Agirreazaldegi

Entzulearen iritziaren aurka

Entzulearen iritziaren aurka –

Azken aldian, orain arte hain indartsu sekula sentitu ez dudan bizipen bat izan dut, gizartean gaiaren gaineko iritzia ematen gero eta ahots gehiago azaltzen ari diren kontu batekin: amatasun subrogatua edo, Idurre Eskisabelek Berriako artikulu batean ondo zihoen bezala, zuzen esanda, alokairuko sabelen gaiarekin.

Nire iritzia gehiengoaren iritziaren aurkakoa dela sentitu dut. Are gehiago, gizartean politikoki zuzentzat jotzen den iritziaren kontrakoa dela.

Entzulearen iritziaren aurkaNiretzat oso sentipen argia da dirudunek, handiagoa edo txikiagoa baina beti motibo ekonomikoek pisu handia izanik, bere burua horretarako eskaini duen emakume baten sabela haurdunaldi eta erditze baterako alokatzea, emakumeen gorputzarekin trafikatzea dela. Gizartean, hala ere, nagusiki gizonezko bikote homosexualen –homosexual dirudunen– guraso izateko nahiarekin enpatizatuta, gaiarekiko onberatasuna eta barkaberatasuna daude zabalduago, emakumeen gorputzaren erabilerarekiko kontzientzia baino gehiago.

Zer pentsa handia eman dit egoera horrek, bertsolari posiziotik. Gertatu izan zait lehenago ere, nire iritzia gutxiengoan sentitzea. Ez ordea, hainbeste, politikoki zuzentzat jotzen denetik urrun sentitzea. Feminismoarekin lotura duten gaiekin gertatu izan zait nagusiki, baina baita klase-ekonomikoekin edo politikarekin (berez aurreko biak ere badiren arren gai politikoak) lotura duten gaiekin ere. Kasu horietan guztietan, entzuleek, beren iritzi edo eguneroko jarrerekin talka egiten zuten bertsoak aditu arren, bazekiten nolabait bertso horietako mezuak ahots zapalduren baten bozgorailu zirela eta, beraz, txalotu beharrekoak. Nik ere banekien hori eta, ondorioz, ez dut barne-korapilorik sentitu izan, ez behintzat nire barrua gehiegi estutzerainokorik, buruko min bat baino gehiago izan baditut ere.

Gai honekin, ordea, bertsolari posizioan, inoiz baino gehiago, ahultasuna, hauskortasuna eta inpotentzia sentitu ditut, gizartean zapalduak diren bi kolektiboren arteko talka dagoela dirudielako. Komunikabideetarako patxadaz  eta zehatz idatzitako iritzi artikuluek sortzen dituzten eztabaidak ikusita, zer espero liteke bertsoak duen bat-batekotasunean? Ez zait egokitu gaiaren inguruan kantatzea baina, balizko egoera baterako, aurrez nire burua ongi prestatzeko beharra sentitu dut. Labur esanda, gaiari buruz pentsatzen eta sentitzen ditudanak 10/8 formatuan  prest izateko beharra. Ez noski bertso osoak, baina bai ideia nagusiak. Gaia egokituz gero, egoerak, plazak eta entzuleek jan nautela senti ez dezadan.

Niretzat gai garrantzitsua delako.

Entzulearen iritziaren aurka