Felix Zubia
Felix Zubia

2019-10-11

Zeharkako ikasketak

Zeharkako ikasketak –

Bertsolaritzak gauza askotarako balio du. Lehenik eta behin, ondo pasatzeko. Eta hortik aurrera, ziur milaka dohain aurkituko genizkiokeela, bertsolari eta bertsozaleen artean galdezka hasiz gero.

Zeharkako ikasketakHomo sapiens omen gara, hau da, jakintsua den izaki biziduna. Arrazako hainbat eta hainbat pertsonaren jokabideak ikusita, oso zalantzazkoa du izena, baina behinipin, ikasteko gai den izakia dela onartu beharko dugu.

Eta horri buruz jardun nahi nuke atal honetan. Nik uste denok garela egoera ezberdinetatik ikasteko gai, askotan zeharka. Nik bertsotan errimak ikasi ditut, metrika, doinuak… Baina zeharka, beste gauza asko ere ikasi ditut. Bestelako jarduera ezberdinetan oso erabilgarriak direnak, eta neure lanbidean, zentzurik zabalenean, oso lagungarri zaizkidanak.

Jendearekin tratua izaten erakutsi dit bertsolaritzak. Oso pertsona ezberdinekin egoten, adin, pentsaera eta izaera oso ezberdinekoak. Bertikalean batzuetan, neu oholtzan eta entzuleak behean. Non kokatu oholtzan, nola mugitu, zer egin mikrofonoak txistu egiten badu, edo ez badabil… Ikasketa hau oso lagungarri da beste zenbait egoeratan, hitzaldi bat emateko adibidez (gogora datorkit nazioarteko biltzar batean, ingelesez eman behar izan nuen hitzaldi hura, edozein saio baino askoz gogorragoa). Eta bestetan, horizontalean, aurpegiz aurpegi, izan beharko ditugun harremanetan. Bertsolaritzak asko laguntzen duelako traturako, pertsonekin egoten jakiteko.

Mezuak antolatzen ere ikasi dut bide honetan. Nola kontatu zerbait modu interesgarriagoan, nola eman esan-indarra mezuei, non eman garrantzia eta non lasaitu. Eta inprobisatzen ere ikasi dut, diskurtsoa egokitzen, galderei azkar erantzuten, ziurtasunez.

Eta oso garrantzitsua dena, entzuten ere ikasi dut bertsotan. Bestearen mezua aztertzen, lantzen, neure egiten. Arrazoiak non dauden begiratzen, ados egon ala ez. Ondoren erantzuteko, osatzeko, laguntzeko; edo erabat kontra egiteko, elkarrizketa sortzeko, edo hala aplikatzen bada, azpi-azpitik mozteko.

Hori dena eta gehiago ikasi dut bertsotan. Eskola oso ona delako, eta ez bertsotarako bakarrik.

Zeharkako ikasketak