Aner Peritz da aurtengo Basarri bertsopaper sariketako irabazlea

Aner Peritz da aurtengo Basarri bertsopaper sariketako irabazlea –

Zarauzko Udalak eman du jakitera 38. Basarri Bertsopaper sariaren irabazlearen izena. 11 lan aurkeztu dira, denak “maila onekoak” epaimahaiaren aburuz.

Aner Peritzen bertso sortak  “ZOPA HOZTEN ARI ZAIZU” izenburua darama. 2019ko edizioan bigarren saria lortu ondoren, 19 urteko bertsolari zarauztarrak lehen aldiz irabazi du Basarri Bertsopaper saria.

 

Aner Peritz da aurtengo Basarri bertsopaper sariketako irabazlea

 

“Pozgarria da guretzat Basarri Bertsopaper saria zarauztar gazte batek irabaztea, honek argi uzten baitu Zarautzen badela bertsolaritzarekiko grina eta herriko bertso elkarteek egiten duten lan nekaezinak bere fruituak ere jasotzen dituela”, adierazi du Irune Urbieta kultur zinegotziak.

Sariaren epaimahaia Nahikari Gabirondok, Andoni Egañak eta Uxue Alkortak osatu dute. Egañak lan hau aukeratzeko arraozien berri eman du: “Gure ustez bertso onak dira eta hautatutako gaiari heltzeko ikuspegia aski berria. Baina batik bat, forman datza berrikuntza. Bertsolaritzaren usadiotik at dagoen errimakera bat hautatu du egileak, ABABABABAB errimatuz. Jolas edo proba soiletik haratagoko zerbait da. Berrikuntzak ulermena eta gozamena ez galaraztea ez ezik, bertso jarrietarako bide berriak zabaltzeko modua eskaintzen du”.

Aner Peritzen arabera “bertso-sorta honek ez du, edo bederen ez zuen, ezer berririk kontatu nahi, askotan kontatu izan den kontu bat beste era batera kontatuta baino ez da, jolas tekniko atsegin bat bilatuz. Sortaren inertziak hala ere gauza batzuk esan beharra eragin zidan. Ea irakurlea ere inertziak daraman eta, aldi berean, hura hausteko tentaziorik duen”.

Sari emate ekitaldia Bertso Astearen testuinguruaren baitan egingo da uztailaren 7an, 22:00etan, Torre Luzeako parkean. Ekitaldi horretan Anerrek bere bertso-sorta musikatu, jendaurrean aurkeztu eta Udalaren saria jasoko du.

Aner Peritz da aurtengo Basarri bertsopaper sariketako irabazlea