Andoni Egaña: "Itxialdia sortzaileentzat ezkutatu eta lantzeko garaia dela uste dut, baina gizarteak eta kulturak justu bestelako joera daramate"

Andoni Egaña –

Amagoia Mujikak Gaur8n.


Bertsolaria jendearen igurtziak bizi du. Jendez betetako plazan txaloek bueltatzen dioten oihartzunetik gozo aritzen da. Itxialdia eta plaza ezin uztartu, baina itxialdia, isilaldia, baliatu daitekeela uste du Andoni Egañak. «Sartu nintzenean baino hobea irtengo naiz». Hortxe sortzailearentzako bide posible bat.

Andoni EgañaEtxeko telefonora deia, ez daukalako telefono mugikorrik. Tira, itxialdia hasiz geroztik sortu diren txiste eta memeez libratuko zen behintzat. «Emaztearen telefonoan ikusten ditut, baina sekulako abantaila da, onak bakarrik erakusten dizkidalako», bota du aitortza.

Hainbeste denbora etxean, plazaz plaza ibili gabe, seguru ez zarela inoiz egon.

Ez, ez. Joan den 35 urtean, gehienera, hamar-hamabi egun egingo nituen bertsotan egin gabe. Haurrak txikiak zirenean oporretara joateko edo. Azken boladan kanpora joan izan naizenean ere bertsotan egitera joan izan naiz askotan. Ez, sekula ez nintzen egon hainbeste denbora jendaurrean bertsotan egin gabe.

Eta? Nola sentitzen zara?

Arraro. Bertsoa igurtzia behar duen zerbait da eta orain galarazi diguten lehen gauza igurtzia da. Bertsolaria asko elikatzen da jende aurrera atera beharrarekin; jende artetik ateratzen da oholtzara, jendearekin egoten da saioa bukatutakoan, bertsokideekin bidaiatzen du kotxean… horrek burua martxan izatera behartzen zaitu une oro. Orain, horien denen faltan… bertsoa ez da hutsetik sortzen den zerbait. Zorionez, guk ez dugu dutxapean eta plazan berdin kantatzen. Orain pixka bat gogogabetua sentitzen naiz eta horrek herdoil mentala dakar, nagia bezala. Eta ez da nire sentsazioa bakarrik, beste bertsokide batzuekin hitz egin dut eta antzeko sentsazioak dituztela esan didate. Entrenamendu faltan gaude. Entrenamendua simula dezakezu, baina simulazioa gauza bat da eta premia, ordu hartan eta jendaurre hartan egin beharra, beste gauza bat da. Orain etxean eta bakartuta egon beharrarekin, bertsolariak badaukagu nagitasun mental puntu bat.

Txinakoa urruti eta ironiaz ikustetik etxean gordeta egotera. Oholtza gainean ere ikusi al zen garapen hori?

Ez zigun denborarik eman serio hartzeko. Txiste modura bai, eta seguru asko nik ere kantatuko nuen txisteren bat gaiari buruz martxoaren hasieran. Baina serio hartzen hasi ginenerako konfinatuak geunden. Begiratu orokorrago bat botaz, duela lau hilabete kriogenizazioaz eta bizitza eternalaz ari ginen hizketan eta, kolpetik, konturatu gara zer gauza gutxi garen.

Hausnarketa zure ofizioaren parte da. Zer atera daiteke hemendik?

Ez dakit, baina tamalez asko zeukatenek gehiago edukiko dute eta seguruen gutxi zeukatenek ezingo dute gutxi hori ere eduki, tamalez. Ez dakit hobeak aterako garen.

Uste dut gutiziara gehiegi jarriak gaudela, guk jaten dugun ohiko jogurt marka huraxe ez badago pixka bat haserretu egiten garela. Hori oso konfinamendu gutiziatsua da. Etxean itxita gaude, baina bestelako baldintzetan bezain gutiziatsu jarraitzen dugula ematen du. Alde horretatik aldaketa gutxi espero dut. Tamalez, lanpostuak urritu egingo dira eta zaurgarrienen ahultasuna areagotu egingo da. Horrek zer pentsatua eman beharko liguke.

Bertso plazetara etorrita, garai batean ibiltzen ziren guardia zibilak saioak zelatatzen. Akaso orain ere ibiliko dira distantziak neurtzen.

Txiste bat litzateke. Egia esan, ez nuen egoera horretan pentsatu. Baina askotariko kontraesanak agertzen dira bizi dugun egoera honetan. Adibidez, oso esaneko garela uste dut. Badaukagu kolektibitate sena, komunitate sena, eta horrelako larrialdietan oso esaneko bihurtzen gara. Hainbeste ez dut obeditu nik bizitza osoan. Jarri gara obeditzera eta, ados, ondo, baina “baina” bat dago hor. Eta “baina” horren umorezko erpina hori litzateke, guardia zibilak bertso saio batean agertzea jendearen arteko distantzia zaintzera.

Kezkagarria ere bada alarma egoera zein poliziala den.

Bai, eta egia da obeditzera jarri garela erabat. Ea noiz hasten garen askatasun alor horiek berreskuratzen eta zein hari-muturretatik tiraka egiten dugun. Horiek eskubideak dira, gure aurreko belaunaldiek borrokatutakoak, eta egia da beharrezko obedientzia honek gaizki ohitu gaitzakeela. Horrek pixka bat kezkatzen nau.

Ikusi zaitugu sarean bertsotan. Nola sentitu zara?

Arraro, oso arraro. Etxetik etxera deitutako saio horietako bat egin nuen. Artean hamabost bat egun generamatzan itxialdian eta, tira, egin genuen. Txalorik ez dago eta gu txaloek elikatzen gaituzte. Bertso bat bota eta jendeak gustura erantzuten badu, hurrengo bertsoan hobea zara. Orain, bota eta inork txalo jotzen ez badu, denak pantailari begira, zure buruaz zalantza egiten hasten zara. Gu jendearekiko momentuko feedback horrekin elikatzen gara. Hori gabe zaila da bertsotan egitea.

Txalo garaia den honetan, bertsolariak inork baino hobeto daki zein den txaloen balioa.

Bai, txaloek elikatzen gaituzte, hurrengo bertsora kontzentratuago iristen eta bertso hobea egiten laguntzen digute.

Andoni Egaña

Bertsozale Elkarteak plan bat jarri du mahai gainean. Bertsolariak elkarren ondoan saioak grabatu eta sarean eskaintzea da neurri horietako bat. Publikorik gabe, baina kantukideak ondoan.

Bai. Aurrekoan probatu nuen lehen aldiz. 47 egunen ondoren, autoa hartu eta Villabonara joan nintzen, Bertsozale Elkartearen egoitzara. Neu gai-jartzaile nintzen eta bertsotan Amets Arzallus eta Alaia Martin. Ez zen egoerarik errazena. Iritsi eta babes protokoloa; eskularruak, musukoa, gela batean distantzia handira jarri eta handik grabatzera. Bi kamerari eta gu hirurok han. Gai-jartzailea nintzen eta miretsi nuen Ametsen eta Alaiaren gaitasuna egoera horretan ere bertsotan egiteko.

Proposamenak bi norabide nagusi ditu.

Bai. Bati Plaza deitu diogu eta besteari Bidaiak. Plaza da ohiko saioak, bertan behera geratu direnak edo horrela egin nahi direnak, burutzen diren lekua. Eta Bidaiak da ahultasunetik indarra atera nahi bat, ezohiko plazak, ezohiko ariketak egitea… Niri hori egokitu zitzaidan aurrekoan, plazaren ertzak topatu nahia, ariketa bitxiak jartzea eta Ametsek eta Alaiak horiek jasan zituzten. Zaila da, oso zaila da. Babes neurriek erabateko lehentasuna daukate eta zaila da kontzentrazioa mantentzea egoera horretan.

Bertsozale Elkarteak egoera irakurri eta irtenbide bat probatzeko ekimena izan du.

Bai, eta gu alderdi horretatik gustura gaude. Bertsolariak norbanakoak gara eta bakoitzak bere egoera dauka, baina badaukagu kolektibo hori gure zaurgarritasun indibiduala babes dezakeena. Bertsozale Elkartea kultur proiektu bat da eta, hala den heinean, badu osotasun bat. Bertsolariak plazan egiten duen jarduna oso lotua daukagu mentalki bertso eskolekin, eskolan ematen diren bertsoekin, ikertzaileentzat izan daitezkeen edukiekin… Bertsozale Elkartea kultur proiektuak muturreko egoera sumatu duenean atera du bere alternatiba. Geure plana, geuretzako plana, ezer ez duena erabat konpontzen, baina gutxienez ahalegin bat. Ikusiko dugu noraino iristen den.

Kolektibotasun hori abantaila da horrelako muturreko egoera batean, ezta?

Bai, egia da hori. Bakoitzak bere egoera indibiduala bizi dugu, baina badakigu koltxoi hori hor daukagula; koltxoi emozionala nagusiki eta ekonomikoa ere izan daiteke. Mugimendu bateko partaide izateak mesede hori egiten dizu. Badaukagu sare bat elkar babesten gaituena.

Bertso plazarik ez da izan asteotan. Baina zenbat bertso balkoietatik, sareetan, Whatsapp taldeetan…

Bai, polita da, baina kulturan oro har eman den fenomenoa da. Kultur sorkuntza ogibide dugunontzat gogoeta abiapuntu edo gogoeta geltoki izan daiteke. Entretenimendurako soilik balio behar du kultur sorkuntzak? Entretenimendurako soilik balio behar badu, edozeinek egin dezake ia. Ez da bertsolaritzan bakarrik gertatu, dantza taldeak ere agertu dira bakoitza bere etxetik dantzan, abesbatzak, kantariak… gogoetagai da zer izan behar duen kulturak, zein funtzio izan behar duen, entretenimendu soiletik haratago.

Nola zaude aurrera begira?

Aukera bezala ikusten dut. Itxialdia hasi zenean nire soldaduska garaiarekin akordatu nintzen. Soldaduskara joan behar izan nuen 1983an eta helburu bakarra eraman nuen, helburu garbia: kabroi hauek ez didate urtebete lapurtuko. Karrerako azken urtea soldadu nengoela atera nuen eta hemen nengoenean baino gehiago ikasi nuen han. Eta batez ere bertsotarako prestatu nintzen. Soldaduska bukatu eta urtebetera Euskal Herriko finalean nengoen, neronek ere espero ez nuela.

Eta orain ere jarri ditut nire helburuak itxialdian eta ari naiz nolabait betetzen. Batez ere, egoeraren aurrean errebeldia puntu bat azaltzeko; lan gehiago egin zerbaitetan, kirol gehiago egin… bakoitzak jarriko ditu bere helburuak.

Hala ere, uste dut sortzaileentzat oso itxialdi ona dela hau batez ere planteatuz gero “sartu nintzenean baino hobea irtengo naiz”. Daukazun adinaren arabera, hori ez da erraza. Baina gazte jendearentzat helburu hori ona da; errimak landuko ditut, ez dakizkidan doinuak… horretarako aukera egokia da. Gertatzen da gizarteak erabat bestelako joera bat daramala, eta baita kulturak ere. Orain egiten duzun oro azaldu egin behar da eta horretarako atariak jartzen dizkigute. Lur ongarritua da itxialdia enbaxadoreentzat. Enbaxadore deitzen diet borondatezko lan bat okurritu, baina jende askoren lana behar duena borondatezko lan hori aurrera ateratzeko. Nik uste dut ezkutatu eta lantzeko garaia dela hau.

Gizartearen joera justu kontrakoa da.

Kultur sortzaile profesionalaren lana da, nire ustez, ideia bat izan, lan tekniko izugarria egin ideia hori behar bezala garatzeko, estilo bat lortu eta, lortutakoan, igual estiloz aldatu. Kulturan horrek dakar gizartearen eraldatzea. Beste guztia kopia eta erreprodukzioa da. Kopiak eta erreprodukzioak balio dute entretenimendurako, baina entretenimenduaz haratagoko beste hori dena behar da.

Zu horretarako baliatzen ari zara itxialdia?

Tira, pixka bat bai, baina gauza bat da esaten dudana eta bestea egiten dudana.

Adibidez, itxialdian igarkizun bat asmatu dut: zer da batzuk daukatenean ere ez daukatena eta besteek, ez daukatenean ere badaukatena? Eta hori lana da. Nik lana beti edukiko dut, baita ez daukatenean ere. Beti sortuko zait egin nahiko nukeen zerbait.

Zuk esana da lan asko egin behar dela lanik egin gabe bizitzeko.

Bai, egia da. Beti daukat lana eta hori ondo dago.

Andoni Egaña
Andoni Egaña
Andoni Egaña
Andoni Egaña
Andoni Egaña
Andoni Egaña