Bertso eskolak, bertsolaritzaren hauspo

Bertso eskolak, bertsolaritzaren hauspo –

Miren Mindegia, Noticias de Navarran.


Atzo Barañainen ospatu zen Bertso Egunaren 50. edizioan, bertso eskolak izan ziren protagonista, goizetik gauera arte luzatu zen ospakizunean.

Bertso eskolak, bertsolaritzaren hauspo
Maddalen Arzallus, Xabat Gallebetia, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Beñat Gaztelumendi, Barañaingo Auditorioan ospatu zen saioan. (UNAI BEROIZ)

 

Bertso Egunaren 50. edizioan, bertso eskolak izan ziren protagonista. Hala adierazi zuten antolatzaileek, Bertso Eskolen Eguna bertsoaren besta nagusiarekin bateratzea erabaki zutenean;eta hala suertatu zen atzo arratsaldeko 19.00etan, bertsozalez ia lepo bete zen Barañaingo Auditorioan eskaini zen emanaldian ere. Nerea Ibartzabal bertsolariak eta Edurne Azkarate Aulki-Jokoasaioko aurkezleak prestatutako saioak, eskoletako kide guztiak “identifikatuta sentitzeko modukoa” izateko helburua zuen. Hala, oholtzara atera ziren Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Galletebetia bertsolarien ahotsen bidez, bertso eskoletako momentu, erabaki eta aldarte ugari islatu ziren saioan zehar.

“Dakigun guztia ikastearen ondorioz dakigu, diferentzia bakarra eta handia ikasteko metodoan dago”. Xabier Amurizaren ahotsarekin eman zitzaion hasiera saio nagusiari, soilik bere irudi bat argiztatzen zuen eszenatoki hutsean. Amurizari zuzendutako txalo artean atera ziren bost bertsolariak oholtzara eta Maddalen Arzallusek, gitarraz lagunduta, proposatutako oinei erantzuten abiatu ziren, hasierako agur moduan, publikoarekin batera estribilloa abestuz: “Bertso eskolen bertso eguna, da goxotasun aldarri, haur ginenetik jaso duguna, eman zaiogun elkarri”.

Talde agurraren ondoren, saioaren gidari lanetan aritu zen Edurne Azkaratek euren haurtzarora eraman zuen taula gaineko boskotea. Sotok hala gogoratu zuen bertso eskolako hasmenta garaia: “Hamabost urte bueltan nituen, ez nintzen hasi belako, ta bapatean erabaki nun izan nahi nula, gelako lehen pausoa emango nuen, beste askok bezelako, beti adarra jotzen zebilen, gaztetxo bat nintzelako”. Emanaldia arin joan zen aurrera, publikoaren barreak maiz piztu zituen ariketa-joko dibertigarriekin. Tartean, bertsolaritzaren munduko gai ugari ukitu zituzten: bertsolariaren zailtasunak artista bezala, bertso eskolen ekarpena antolakuntzari dagokionez, nesken falta helduen bertsogintzan… Barañaingo Bertso Eskolako haurrek ere parte hartzeko parada izan zuten, oholtza gaineko boskoteari puntuak jarriz.

Ariketak ariketa, batez ere bertsolaritzaz eta bertsolaritzarekin goza-tzeko abagunea eskaini zen atzokoan Barañaingo auditorioan, publikoak emandako erantzunean nabarmendu zena.

EGUN OSOKO BESTA Auditoriora iritsi aurretik, zaleek egun osoa izan zuten bertso-giroan murgiltzeko, izan ere, Barañain bertsoaren ospakizunaren eszenatokian bilakatu zen goiz partetik. Hala, 11.00etan ekin zitzaion egitarauari, herriko udaletxeko aretoetako batean eskaini zen “Enkarguz” emanaldiaren eskutik. Lanku Kultur Zerbitzuak eskainitako eta Andoni Egaña bertsolariak, Xabi Zabala musikariak eta Alberto Abajo irudiaren arduradunak prestatutako ikuskizunaren estreinaldia izan zen atzokoa, eta giro ederrean ospatu zen, soinu arazo tekniko txiki batzuk tartean aurreikusitakoa baino ordu laurden beranduago hasi bazen ere. Itxoiteak merezi izan zion bertan bildutako publikoari. Izan ere, zuzenean abesti bat sortzea helburu zuen saio dinamiko eta parte-hartzailea izan zen, norentzat eta Barañaingo Alaitz Ikastetxearentzat hain zuzen ere. Hala, Egañaren, Zabalaren eta ikastetxe barañaindarreko guraso eta haurrek osatutako publikoaren arteko elkarrizketan sortu zen abestia, errimak, musika erritmoak eta melodia uztartuz.

Eguerdi aldean, Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa bertsolariek alaitutako bertso-poteoaz gozatzeko parada izan zuten bertaratu zirenek, Akelamendi, Kupela, Iratxo eta Saoly ostatuetatik igaro zen ibilbide batean. Eguzkia lagun eta zerua argi izan zuten, gainera, poteoan bildutako zale eta bertsolariek, bazkalorduari ekin aurretik.

15.00ak aldean, Barañaingo udaletxearen aurrean atondu zen karpan eskaini zen bazkaria, 235 lagunentzat. Iparra-Hegoa ekimeneko kideak aritu ziren sukaldari lanetan. Arratsaldeko bertso jaialdiaren ondotik, gaueko parrandari jarraipena emateko tartea eskaini zen herriko udaletxearen aurrean jarritako karpan bertan, Oinutsik, Hezurbeltzak eta Kasu taldeen kon-tzertuekin.

Antolatzaileek aditzera eman zuten bezala, egunaren antolakun-tza talde-lanari esker ospatu zen, izan ere, Bertsozale Elkarteko kideez gain gidoilari taldea, bertso eskolen batzordea eta Barañaingo bertso eskola buru-belarri ibili ziren lanean. Barañaingo udalak zein Auditorioak ere bere laguntza eskaini dute egitasmoaren antolaketan.

Bertso eskolak, bertsolaritzaren hauspo
Bertso eskolak, bertsolaritzaren hauspo
Bertso eskolak, bertsolaritzaren hauspo