Bertsolaritza eta feminismoa

Bertsolaritza eta feminismoa-

Hala Bedi irratiko kronikaren harira idatzi artikulua Hala Bediko webgunean.


‘Kontrako eztarritik’ lanean oinarritu dugu gaurko saioa Maite Berriozabal Berrizbeitia gai jartzailea eta Onintza Enbeita Maguregi eta Andere Arriolabengoa Bengoa bertsolarien ekarpenarekin.

Bertsolaritza eta feminismoa
Argazkiaren jatorria: erran.eus

 

Gaurko Onoserá saioan, Bertsolaritza eta feminismoaren gaiak uztartuko ditugu.

Azkeneko garaietan, gaiaren inguruko emakume bertsolarien artikulu ugari argitaratu da, hitzaldiak eman dira, ikastaroak, unibertsitateko lana aurkeztu dira, elkarrekin kantatzeko guneak sortu dituzte… Finean, bertso munduko feministak antolatuta ikusi ditugu, eta bertsolaritzaren eremuan genero gatazka lehen lerroan jartzeko abagunea eman du horrek, eztabaidarako eta lanketa berezi baterako aukera…

Emakume bertsolariek, gizonek zehazturiko tradizio eta moldeetan sortzen dute (gorputz maskulinoen artean eta aldamenean), eta ezinbestean daude haien iritzi, balorazio, esperientzia, presentzia eta egiteko moduek zeharkatuta.Tradizioari lotutako jarduna da bertsolaritzarena, hortaz agerian gelditu da horren gaineko analisi bat, reflexioa egiteko beharra edo nahia dagoela, bereziki feminismotik.

Horren guztiaren inguruan hausnartuko dugu saio horretan eta horretarako, Uxue Alberdi Estibaritz kazetari eta bertsolariak, LISIPE bilduma feministan argitaratutako KONTRAKO EZTARRITIK lana izan dugu abiapuntu. Aurreko astean justu saritua izan den lana, Euskadi Saria jaso du.

Horren guztiaren inguruan gogoeta egiteko gurera gonbidatu ditugu; alde batetik, Maite Berriozabal Berrizbeitia gai jartzailea; eta bestetik, Onintza Enbeita Maguregi eta Andere Arriolabengoa Bengoa bertsolariak.

Saiakera hori, online aurkitu dezakezue, LISIPE bildumako bestelako aleekin batera, ondorengo helbidean: http://www.susa-literatura.eus/liburuak/lisi05

Saioa girotzeko hainbat bertso eta abesti aukeratu ditugu; horien artean, Miren Amuriza bertsolariak bizkaiko txapelketan botatako agurrean ahizpatasunari erreferentzia egiten dio bertsoa. Mauriziaren ahotsa ere entzuteko aukera izango dugu, Leon eta Basiliorekin batera “Abadiño San Blasetan” abestian. Eta amaitzeko, erroskila feministaren saio berezia entzuteko aukera izango duzue, Uxue Alberdi eta Miren Artetxeren eskutik. Gure gonbidatuek ere bertso bana botako dute, Maite Berrriozabalek jarritako gaiari erantzunez.

Bertsolaritza eta feminismoa-