Boiseko Arnas Berri Bertso Eskola

Boiseko Arnas Berri Bertso Eskola –

Euskalkultura.eus ataritik.


Boiseko Arnas Berri Bertso Eskolak aukera ematen du bertsolaritza Diasporatik online lantzeko, Todor Azurtza koordinatzaile

 

Boiseko Arnas Berri Bertso Eskola
Bertsolaritza sustatzen Estatu Batuetan: Nerea Eceiza Arregui (NY), Tony Huarte (SFO), Todor Azurtza (Boise) eta Oier Pastor (SFO)

 

Boise, Idaho, AEB. Historikoki Diasporan, euskaldunak zenbaki aldetik kopuruz aski bildu izan diren lekuetan, presentzia izan du bertsolaritzak, eta hala aipa daitezke azken mende edo mende t’erdian sona handiko bertsolari, koplalari eta kantariak, hala nola Iparragirre bera, Pedro Mari Otaño edota Joxe Mendiague. Bertsoek presentzia izan dute baita ere Diasporako euskaldunen kazetetan, eta Estatu Batuei dagokienez aski dugu gogoratzea duela urtebete San Frantziskon bertako bertsolariei egin zitzaien Omenaldi Berezia.

Bertan aritu zen gai-jartzaile Todor Azurtza, Caracasen jaio eta Euskal Herrian bertan urte gutxi batzuk bizi izan arren, bere euskaltasuna eta euskal kulturarekiko atxikimendu aktiboa lagun munduko hainbat lekutan bizi izan den Diasporako euskaldun petoa, 2015etik New Yorken eta geroztik Boisen. Eta bertatik, aurrez-aurre eta internet medio lan ederra darama, besteak beste bere bertsozaletasuna elikatuz eta urrats sendoak ematen bertsozale eta bertsolari gisa.

Berak eta bertsozale/bertsolari koadrila batek jarri zuten abian Boisen Arnas Berri Bertso Eskola, bertsozaletasuna sustatu eta landu nahirik Estatu Batuetan. Joan den udan NABOren sostengua lortu zuten, gero eta gehiago bertsolariek euren lekua izan dezaten AEBko euskal hitzorduetan. Eta gonbidapena luzatzen diete eurekin bat egon nahi duten zaleei. Argi uzten dute eurena ez dela euskara ikasteko ekimen bat, euskararekin jolasteko eta bertsolaritzaren tradizioa lantzeko proposamen bat baizik. Interesa baduzu edo argibideak nahi badituzu, idatzi helbide honetara: arnasberri@gmail.com.

Hona joan den abenduan, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat, egin zuten bideoa:

 

AEBn martxan den Arnas Berri Bertso Eskola 2azkeneko Euskararen Nazioarteko Egunean

Todor Azurtza (Boise)

Irulegin gu izanen ginen ta oraindik ere bagara,
ta bihar ere izango gara bizi ezkero euskara,
gure ahotan eman dezagun aintzinatik aintzinara
Sorioneku izan gaitezen beste bi mila urtetara
gure ahotan eman dezagun aintzinatik aintzinara
Euskal Herrian gure hizkuntza zabalduz lau haizetara.

Nerea Eceiza Arregui (New York)

‘Sorioneku’ dion eskua Irulegin topatu da,
bi mila eta ehun urteko euskerazko eskritura
gaur berriz Euskeraren Eguna ospatzeko urtemuga,
zorioneko hiztunak gera, zorioneko ohitura.

Tony Huarte (San Frantzisko)

Euskara Eguna, abendu hirua hemen dugu berriz ere,
honen aurretik Euskaraldia bi astez ginuen presente,
baita Korrika udaberrian, ze ekitaldi polite!
baina kalean zertan ai gara, euskara mintzatu gabe,
egin dezagun denok batera, berriz izan daile jabe!

Oier Pastor (San Frantzisko)

Munduko ozeanoan tanta bat baino ez gara,
zenbat beldur hainbat kezka eta milaka ikara,
ehundaka urtez jasanda eraso eta hozkada,
hizkuntza handien alboan, moldatu gara hortara,
baina gurea ibiltzean, konparaezina hotzikara,
nortasuna eraikitzeko, gure tresna da euskara,
nortasuna eraikitzeko gure tresna da euskara,
eman diezaiogun denok, beharrezko duen bultzada.

Boiseko Arnas Berri Bertso Eskola Boiseko Arnas Berri Bertso Eskola