Errezitaldi bertsolatua edo bertso saio estrofatua?

Errezitaldi bertsolatua edo bertso saio estrofatua? –

Txintxarri aldizkarian.


Seigarrenez, bertso afari literario egin du bart Irakurle Txokoak. Xirimiri elkartea dozenaka lagunek bete dute Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio bertsotan entzuteko. Iñigo Astiz idazle eta kazetari nafarrak proposatu dizkie gaiak poemetan oinarrituta. Poesia tristea ez dela eta barreak eragin ditzakeela frogatu du gai jartzaileak, eta gaia edozein dela –mugimendu sentsorea duten argiak, kasu– errimak sortzeko gai direla bertsolariek.

Errezitaldi bertsolatua edo bertso saio estrofatua?

«Errezitaldi bertsolatua edo bertso saio estrofatua». Hala definitu zuen Iñigo Astizek hitza lehenengoz hartzean jarraian gertatuko zena. Poesia eta bertsolaritza. Poetak eta bertsolariak. Aldeak eta berdintasunak oso presente egon ziren errimen artean, poemak izan baitzituzten ardatz eta hari. Eta umorea ere, noski.

Xirimiri Elkartea lepo zegoen bart. Irakurle Txokoak 100 lagunentzako salgai jarritako txartelak agortuta, bertsolariak entzutera bertaratu ziren lagunei tokia egin zieten txoko batean aulkiak jarrita. Mahai luzeen bueltan, berriz, afaria konpainia onean egin zutenak hitz eta pitz zebiltzan. Aurreikusitakoa baino geroxeago jarri ziren mikro aurrean Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio, izan ere, 23:30ak urratu zituzten ordularien orratzek bertso saioa hasterako. Ez zuten hasteko presarik izan, ezta amaitzeko ere, 90 minutuz aritu baitziren.

Astizek poesiaren beste alderdi bat erakutsi nahi izan zuen bere zenbait lan irakurrita eta haietan oinarritu zituen bertsolarientzako lanak. Ironia eta autoparodia igar zitekeen bere hitzetan, baina serio ari zenean ere barre algara ugari eragin zituen nafarrak. Hirukotearen lagun egiten ahalegindu zen, eta ustezko gaizki ulertuak salbu, gertutasuna lortu zuen, bederen.

Poesiaren beste ertzak
Ultzaman marradun harri batean Europa mendebaldeko mapa zaharrena topatu omen zuten, duela 13.660 urtekoa. Mapa hori norentzat marraztu ote zuten pentsatzeak iradokitakoa poema batean bildu zuen Astizek. Hura irakurrita, Alberdik eta Labakak egile eskubidea, copyright-a, norena zen eztabaidatu behar izan zuten. Maisuki amaitu zuen Alberdik hika-mika dibertigarria: «Baina arazo bat dugu / eta ez da mesede / izenik ez dugula / sinatzeko ere». Historiari helduta, 1936ko gerrara jauzi egin zuen gai jartzaileak, seriotasun kutsua izan zuen ariketa bakarra. «Bandera trapu bat da edo trapu bat bandera bat da?» galderari erantzun behar izan zion Lujanbiok bakarka. 

Hortik aurrera, umorea izan zen nagusi, poesiak jolaserako ere balio baitu.  Xaboi burbuilak, hirukoteari ihes egin dieten loroak, publikoa zer den ez dakiten poetak edota argi automatikoak. Zuku asko atera zioten azken horri. Izan ere, atarietako mugimendu sentsoredun argiei buruzko poema bat du Astizek, eta hura irakurri ondoren, Labakak eta Lujanbiok, erretiratutako bikote baten azalean jarrita, haiek itzaltzean zer gertatzen den azaldu behar izan baitzuten. Gero etorri zitzaion buelta gai jartzaileari. Beste ariketa batean poesiak zertarako balio zuen defendatu behar zuen bertsolari lasarteoriatarrak beste bi kideek kontra egiten zioten bitartean. Lujanbiok «poema bat nola egin leike / portaleko argiari?», bota zuen, eta Labakak gehitu, «pare bat buelta eman dizkiot  / nik horri erantzun nahian / Okerrago da gero egitea / zortzi bat bertso jarraian». Ondo hartu zuen kolpea, antza, algaraz erantzun baitzion entzundakoari.

Eta hala, errima idatzi eta bat-batekoen artean irribarreak marraztuz aurrera egin zuen saioak. Azken pieza, Errautsak, bertan zen bere amari idatzitako poema izan zen. Eta Labakari egokitu zitzaion aurrean zuen bereari bertsoak eskaintzea. Kosta zitzaiola aitortu zuen herritarrak, baina lortu zuen ariketa osatzea. Jandakoak eta entzundakoak eragindako ahogozoarekin, txalo artean amaitu zen afaria.

Errezitaldi bertsolatua edo bertso saio estrofatua?
Errezitaldi bertsolatua edo bertso saio estrofatua?