Imanol Lazkano: "Bertsolari ona izateko bertsoarekin mozkortzea funtsezkoa dela uste dut"

Imanol Lazkano –

Sara Ibarguren eta Ruben Plaza Noticias de Gipuzkoan.


Imanol Lazkano (Azpeitia, 1936) bertsolari ohiak 50 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du bertsolaritzan eta bere ibileren inguruan hitz egin du egunkari honekin.

 

Imanol Lazkano

 

Baserrian jaioa da Lazkano “zorionez”, eta hori izan da bertsolaritzaren munduan murgiltzeko giltzarri nagusia. Ama eta amona bertsotan entzuten zituen etxean eta bera ere txikitatik hasi zen errimak osatzeko hizkuntza lantzen. Geroztik, 50 urte baino gehiagoko ibilbidea egin du bertsotan eta belaunaldi desberdinetako bertsolariekin oholtza partekatzeko aukerarik ez zaio falta izan. Asteartean Donostian ospatzen ari diren Bilintxen oroimenezko hamabostaldiaren baitan hitzaldi bat eskainiko du 19.00etan Victoria Eugeniako Club aretoan eta garai bateko eta gaur egungo bertsolaritzaren inguruko analisia egingo du bertan.

 

50 urte baino gehiagoko ibilbidea egin duzu bertsolaritzan. Nola deskribatuko zenuke ibilbide hori?

–Txiki-txikitatik biziatu nintzen bertsolaritzan, izan ere, Azpeitia dezente herri bertsozalea izan baita beti. Zorionez, baserriko semea naiz eta garai hartan baserri munduan bertso-paper asko irakurri eta kantatzen ziren. Gure denboran bertsolari guztiak baserritarrak ziren eta asko analfabetoak, gainera. Ni neu hamalau urtera arte eskolan ibili nintzen Maristetan, eta bertsotan hasi nintzenean eskolatuena sentitzen nintzen ia. Garai hartan erlijioak indar izugarria zuen eta elizara joan behar izaten genuen, bestela bekatua baitzen. Elizako sermoiei nik askotan ez nien arreta gehiegi jartzen, baina nola esaten zuten eta euskara nola erabiltzen zuten, hori interesatzen zi-tzaidan. Hortik joan nintzen pixkanaka hizkuntza lantzen eta hizkun-tzaz janzten. Nire ibilbidean zehar 3.000 saio inguru egingo nituen eta hotz-hotzean pentsatzen hasita lotsa eta ikara ematen dit: zenbat bertso txar kantatu ote ditugu hainbeste saiotan? Baina badirudi herriak denak barkatu dizkigula berriz aukerak eman zizkigulako.

Noiz eta nola hasi zinen bertsotan?

–Nik txikitatik bertsoak inork baino errazago ikasten nituen. Santo Tomasetan bertsolari onenak ekar-tzen zituzten urtero herrira eta askotan lagunek ez zidaten jarrai-tzen, baina ni plazara joaten nin-tzen haiek entzutera. Gehienetan, etxera joandakoan gurasoei kanta-tzen nizkien bertan entzun eta buruz ikasi nituen bertsoak. Bertsolari izan behar duenak derrigorrez gertatzen diren gauzen inguruko informazioa izan behar du herriari hitz egiteko.

Txirrita hil zen urte berean jaio zinen eta harekin bertsotan aritu den jendearekin ibili zara zu ere bertsotan.

–Bai, Txirrita hil zenean hiru edo lau hilabete izango nituen nik. Besteak beste, Basarri, Uztapide, Zepai eta Txapelekin kantatzeko zortea izan dut. Ikaragarria da hori, nire idoloak baitziren. Haiek egin ziguten harrera oso ona izan zen eta haien lagun sentitzea niretzako ohore bat zen. Egia esan, kezka neukan haiengana joan eta egurtu egingo ote ginduten, baina lagun-giro ederra sortu zen gure artean eta hori niretzat amestu ezin nezakeen gauza bat zen garai hartan.

Frankismo garaian zaila zen euskaraz bertsotan aritzea, ezta?

–Hori zen gure borroka. Nik askotan esan dut Francok dena kontrolatzen zuenez, politikaz hitz egiteko eta herriari zerbait esateko aukera bakarrak apaiz abertzale gazte ba-tzuk elizan sermoiaren bidez eta bertsolariek plazan bertsoaren bidez zirela. Beste inork ez zuen politikaz jendaurrean hitz egiten. 60ko hamarkadan jendea borrokarako prest zegoen eta politika gaiak ateratzeagatik bertsolari dezentek kartzelara joan edo isunak ordaindu behar izan zituzten. Gai politikoak ateratze horrek bertsolaritza kaletartzea ere eragin zuen.

Politikaz gain, zein gai jorratzen zenituzten bertsotan?

–Edozein gai. Lehen bertsolariak ahal zena egitera ateratzen ziren plazara, baina gero kaleko jendea hasi zen bertsolaritza jarraitzen eta jende ikasiagoa zenez, gaiak jartzen hasi ziren: politika, maitasuna, baserritarrak eta kaletarrak, Guardia Zibila eta edozer gairen inguruan kantatzen genuen.

Baserrian jaiotakoa zara, baina baita enpresaria ere. Etxegintza enpresa bat izan zenuten.

–Mundu honetan zorte handia izan duen pertsona bat naizela uste dut. Alde batetik, mundu guztian dagoen lekurik onenean jaio ginen, Euskal Herrian. Ez dugu baloratzen, baina Euskal Herriaren parekorik ez dago niretzat. Gainera, baserrian jaio nin-tzen. Garai hartan baserrian eman ziguten heziketa sekulakoa izan zen. Maristetako eskolatik etxera joan eta sekula ez ginen libre egoten: aitari edo amari laguntzen genien baserriko lanak egiten eta zorionez, famili-giro oso ona izan genuen. Bitxia da Azpeitian enpresa asko sortu zirela garai hartan eta denak baserriko semeak zirela. Bertsolaritza bezala, eraikuntza ere nire bizioa zen eta bietan nahiko ondo ibiltzeko zortea izan dut.

Bertsolari Elkarteko lehenengo lehendakaria izan zinen eta 1987tik 2005era egon zinen postu horretan.

–Han ere zenbat jende jator ezagutu dudan. Donostiako udaletxean egin genuen lehenbiziko batzarra eta zortzi laguneko talde arduradun bat sortu genuen. Bertsolaritzaren putzu handi horretan zenbat busti naizen hainbeste ur zegoela, eta bustitzeko prest zegoen guztia etor-tzeko, elkarteko ateak zabalik izango zituela; hori izan zen mezua. Jendeak ondo hartu zuen eta ordutik, zenbat jende pasa den eta pasatzen ari den elkartetik musu-trukeko lanean sekulakoa da. Gainera, bakoitzak elkarteari eta bertsolari-tzari buruz bere inguruan egiten zuen propaganda harritzeko modukoa izan da. Ikaragarrizko bolumena hartu du elkarteak, ia 100 langile daude bertan une honetan.

1982an eta 1989an Txapelketa Nagusiko finalista ere izan zinen. Zer suposatu zuen horrek zure-tzat?

–Txapelketa ez da inoiz nire indargunea izan. Urduritasunak ez dit batere laguntzen eta 1980an Lopategik eta nik ez genuen parte hartu. Plaza gehien egiten zituztenak gu ginen, baina nik txapelketari ez nion grazia handirik ikusten. Jendeak txapelketari uko ez egiteko esan zigun eta 1982an antolatu zutenean, Lopategiri esan nion agian txapelketara joan beharko genukeela. Beraz, nik eman nuen bion izena. Ondoren, 1989an ere joateko esan zidaten eta esan nien hura azkenengoa izango zela.

Esan izan duzu plazari beldur handia izan diozula. Zergatik?

–Bai, ez dakit zergatik. Agian harritu egingo zara, baina 3.000 saio inguru egingo nituen guztira eta sekula lehenbiziko bertsoa kanta-tzera ez naiz gustura joan. Aurrenengo agurra egin behar genuenean beti besteei esaten nien hasteko. Pixka bat zorrotza naiz neure buruarekin eta proba egin arte ez dakizunez egun ona edo txarra izango duzun, hasi arteko izu hori izugarria dut nik; gehiegizkoa. Hala ere, behin hasi eta herriarekin konektatu dudanean askotan jardun dut gustura; bestela ez nintzen bertsotan arituko, argi dago hori.

Gaur egungo bertsolaritzaren inguruan zer iritzi duzu?

–Sekulako maila dagoela. Gure garaian baino gehiago landu dute txikitatik bertsolaritza eta ikasiagoa da; bai mutiletan eta baita nesketan ere. Batzuk esaten dute lehen ez zegoela emakume bertsolaririk eta nik erantzuten diet gure amak, amonak eta baserriko emakumeek papereko bertsoak ikasi eta haurrei bertso asko kantatzen zizkietela, grazi handiarekin gainera. Haiek bertsolariak ez ziren egin tabernan sartzea bekatu zutelako eta beraz, ez zutelako aukerarik izan. Gero ordea, bertso eskolak hasi ziren garaian eta aukera egon denean, emakumeek oso maila ona eman dute eta ematen dute beti.

Emakumeen presentzia bertsolaritzan nabarmena da orain.

–Bai. Maialen Lujanbio adibidez, txikia zenetik ezagutzen dut. Hasieratik atzematen zitzaion bazuela horrelako berezitasun bat bere ahoskerarekin eta sekulako maila ematera iritsi da. Bestalde, Bizkaiko txapelduna emakumea da, Arabakoa ere bai eta Euskal Herriko bi txapel ditu Maialenek. Horien inguruan ere emakume asko eta asko daude eta harrigarria da.

Zer behar da bertsolari ona izateko?

–Gutxieneko erraztasun bat behar da, baina bertsoarekin mozkortzea funtsezkoa da. Etengabeko lana egin behar da eta egun batean saio on bat eginez gero herria saioak ematen hasten bada, ez pentsa dena eginda duzunik. Ero bat izan behar da, bertsolariak ez du normala izaterik. Ordu asko sartu behar dira bertsolari ona izateko eta zuk gozatzen duzun bitartean besteei gozarazteko.

Garai batean bertsolari guztiak baserritarrak ziren, baina orain badaude familia erdaldunetatik datozen bertsolariak ere.

–Jon Maiak adibidez Extremadurako sustraiak ditu eta begira zer maila ematen duen. Pixka bat hizkun-tza landu, bertsolaritza barrutik ezagutu eta horretan etengabe lanean jarraitzen duena bertsolaria aterako da. Egin behar delako bakarrik egin behar bada, ez da egiten. Berezkoa izan behar duen zerbait da.

Bertsolaritzak etorkizun oparoa al du?

–Bai, bertso eskoletan lan asko egiten ari dira behintzat. Garrantzi-tsua da haurrak bertso eskolara bidaltzea. Hara joaten diren guztiak ez dira bertsolari egingo, normala den bezala, baina bertsoak egiteko lehengaia hizkuntza denez, hara joaten diren umeek beraien ikaskideek baino maila apur bat hobea izango dute euskarari dagokionez. Bertsoak egiteko hizkuntza behar baduzu, hizkuntzari ikastoletan ematen ez zaion beste buelta bat emango diozu, zure erara, horretara behartuta zaudelako.

Komunikabideetan ere badu bere lekua bertsolaritzak.

–Bai, eta bertsolaritza hainbeste landu duen bertsolari bat irratian, prentsan edo beste edozein lekutan entzuten baduzu ohartuko zara nolako erraztasunarekin esaten dituen gauzak. Hori hizkuntza landu duten moduagatik da. Gauzak neurtuz eta errimatuz esatera ohituta bazaude, gero hitz egiterakoan nabaritu egiten da bertsolaria zarela.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalak 350.000 ikusle izan zituen 2017an.

–Gu gazteak ginenean baserritarrak eta jende zaharra aritzen zen bertsolariei segika. Orain ordea, bertso eskolekin eta gainontzean ere bai, jende gazte asko ikusten da bertsolaritza jarraitzen. Oso polita da hori. Jende gaztea entzule gisa ikusteak ikaragarrizko ilusioa egiten dit.

2012an utzi zenuen plazetako ibilbidea. Nola hartu zenuen erabakia?

–Bai, urtero plaza batzuk izaten nituen eta haiek uzteak pena ematen zidan, baina edozein lekutatik bidali baino lehen zuk zeuk alde egitea politagoa da eta horrela hartu nuen erabakia. Gainera, bertsolari-tzak asko eman dit niri eta zorra sentitzen nuen harekiko. Bertsolaritzan dagoen maila ikusita eta nik plazari beldur pixka bat izanda, ez neukan zertan jarraitu beharrik. Herri batzutatik esan zidaten hara behintzat joateko, baina behin uzten badut, barkatuko didazue, baina guztia utziko dut. Horixe erantzun nien eta hutsune handiagoa sortuko zidala uste banuen ere, ohartu naiz ez nintzela batere damutu.

Plaza bai, baina bertsotan aritzea utzi al duzu sekula?

–Ez. Bertsotan jendearekin ez dut bat-batean jardun, baina irratiz edo gai berezi samar bat entzuten badut bertsoak sortzen hasten naiz berehala. Neuk egindako 200 bertso inguru atera ditzaket lagun artean jarrita.

Maiatzaren 11an hitzaldia eskainiko duzu Donostian. Zein helbururekin?

–Gutxi gorabehera, lehengo bertsolaritza baserritar hartatik hasi eta 50eko hamarkadan etorri zen belaunaldia, 60ko hamarkadak izan zuen eragina eta txapeldun bakoi-tzak zer ekarri duen azalduko dut. Bizkarrezur gisa txapelketak hartu eta tarte horretan bertsolaritzak eman duen aldaketa izango dut hizpide.

Imanol Lazkano
Imanol Lazkano
Imanol Lazkano
Imanol Lazkano
Imanol Lazkano
Imanol Lazkano
Imanol Lazkano