Joxerra Garzia: "Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan"

“Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” –

Unai Zubeldia Gipuzkoako Hitzan.


 

Bokazioz irakaslea dela aitortu du Joxerra Garziak, baina lan asko egindakoa da bai bertsolaritzan eta bai komunikabideetan. Erretiroa hartuta ere, ikastaroak eman eta eman ari da oraindik.

 

"Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan"

 

Bertsoak, kazetaritza, irakasle lana eta literatura. Gutxi-asko, lau erpin izan ditu Joxerra Garziaren (Legazpi, 1953) egunerokoak. Duela bederatzi urte erretiroa hartuta ere, “lanean-edo” jarraitzen du, batean eta bestean ikastaroak emanez. Aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiari ezin izan dio gertutik erreparatu orain arte, baina pozik eta natural hartu du abenduaren 18ko Iruñeko finalean, ondo bidean, gutxienez bi emakume egotea: Maialen Lujanbio eta Alaia Martin.

Idazlea, kazetaria, irakaslea, gai jartzailea… Edonork ez dauzka hainbeste deskribapen izen-abizenen atzetik. Baten bat falta al da hor?

Ez dakit… Neure burua deskribatzeko, “komunikazioan aritua” naizela esaten dut azkenaldian. “Aritua”, r-rekin. Izatez, uste dut irakasle izateko dudala bokazio handia. Maila guztiak pasatu ditut ia; 22 urterekin hasi nintzen ikastolan, eta unibertsitatean aritu nintzen gero. EITBn sartu-irtena egin nuen ondoren, irratian eta telebistan, baina, unibertsitatera itzultzean, nire bokazioa berreskuratu nuela sentitu nuen. Kazetaritza, eta irratia bereziki, oso xurgatzailea da; gai bat hartu, landu eta hurrengo egunean jada ezin duzu gai horretaz jardun. Unibertsitateak intelektualki askoz gehiago ematen du, eta ikasleekiko harremana ere azpimarratuko nuke. Hori bai, formalizatu egin da dena; teknikoki asko hobetu da, baina arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan.

“Ohia” gehitu behar al zaie zure abizenaren ondorengo deskribapen gehienei?

Duela bederatzi urte, jubilatu nintzenean, HABEk [Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea] eta Asmoz-ek jendaurreko hizketei buruzko ikastaroak antolatu zituzten, eta, batzuetan, gehiegi ematera ere iritsi nintzen. Hortik beti sortzen zen beste ikastaro bat, eta horrela aritu izan naiz Hizkuntza Eskola Ofizialeko irakasleei eskolak ematen; Iralen [Irakasleen Alfabetatze Euskalduntzea] ere aritu izan naiz asko; LABeko zuzendaritzakoekin ere bai… Herri honetan, gainera, ez da egoten dei neutrorik; ikasle ohi batek Tuteratik [Nafarroa] deitzen dizu, eta, lagunekin egon beharrean, zeure burua Tuteran ikusten duzu ostiral arratsalde batean, euskararen salbazioa bermatzen.

Bertso konturik ez duzu aipatu oraindik, baina Txapelketa Nagusia sartua da azken txanpan. Saioak ikusten ari zara?

Ikastaro bat tokatu zait tartean, eta ez dut astirik izan saioetara joateko. Gerora, saiatzen naiz entzuten, baina galbahea pasatuta. Urte asko izan dira bertsoekin: irratian lehenengo, telebistan gero… Karabana horretatik pixka bat aldenduta nago. Jubilatu ondoren, bi aldiz egin dut ustez betirako erabat utzita neukan gai-jartzaile lana: 2014an, Getarian, Juan Sebastian Elkanoren lehorreratze ekitaldian, eta iaz, Donostian, Bilintxen Menda bertso saioan. Artean lanean ari nintzela joan nintzen uzten gai jartzaile lana, lortzen nuen plazeraren eta sortzen zitzaidan ezinegonaren arteko desorekagatik.

Ba al dago bertso epaile izatea baino lanbide desatseginagorik?

Beti izaten da zarata epaileen inguruan, baina nik ez dut hain gaizki eraman izan kontu hori. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen sorreratik, nire esku utzi zuten epaileen formakuntza, eta gustura egin nuen. Guri tokatu zitzaigun bertso bakoitzaren bukaeran besoa altxatuta puntuak ematea. Ordurako, hamar bat bilera eginda geunden Loiolan [Azpeitia]; erdipurdiko bertsoak eramaten nituen nik, eta puntuak alderatzen genituen; bertso berari 7koa ematen zion batek eta 4koa besteak, pentsa! Baina gure esku zegoen guztia egiten genuen; tentsio handia geneukan, baina oso oroitzapen onak dauzkat. Epaileak pertsonak izaki, subjektibotasun handia dago epaitzean.

Nolatan sartu zitzaizun bertsoa zainetan? Etxetik jaso al zenituen euskara eta bertsoa?

Gu erdi erdaldunak izan gara etxean; erdaraz ikasi genuen. Legazpin jaio arren, Renfen lan egiten zuen aitak, eta Irunen bizi izan ginen 8 urte nituenetik. La Salle kolegiora joan nintzen, eta, unibertsitatera joan arte, Irunen ibili nintzen; Irun eta Hondarribikoa dut kuadrilla. 15 bat urterekin hartu nuen euskararekiko kontzientzia, eta gogoan daukat hasieratik sentitu nuela lilura edo obsesio moduko bat bertsoarekin.

Kazetaritza eta Filosofia ikasketak egin zenituen. Nolatan?

Nahiko ikasle onak ginen, eta kolegioan zientzia arloan aritu ginen denok. 15 urterekin, ordea, batxilergoko 6. mailan, Filosofia irakatsi ziguten, nahiko gaizki, baina gustatu egiten zitzaidala jabetu nintzen. Unibertsitate aurreko ikasketetan, berriz, matematika, fisika eta kimika ematen genuen. Unibertsitaterako, Fisika eta Filosofia aukeratu nituen, zalantzan, eta, egun batean, amak esan zidan kolegioko zuzendaria joan zela gure etxera, niri Filosofia ikasten ez uzteko esanez, nesken ikasketak zirelako. Deustun [Bilbo] egin nuen Filosofiako lehen urtea, EUTGn, eta Bartzelonara joan nintzen gero. 3. mailan nengoela, Kazetaritza ikasketak sortu zituzten Vella Terran, Bartzelonan, eta bi ikasturte urte bakarrean egin nituen. Hasieran, bukatu gabe utzi nituen Kazetaritza ikasketak, baina irratian hasi nintzenean bukatu nituen. Arrasateko ikastolan hasi nintzen irakasle, 22 urterekin, 8 urteko neska-mutikoekin.

Politikoki, urte gorabeheratsuak izan ziren zuen gaztarokoak. Nola bizi izan zenituzten?

Non erortzen zinen, horren arabera zegoen asko garai hartan. 3.000 euskaldun elkartu ginen Bartzelonan, Euskal Herrian unibertsitaterik ez zegoelako, eta oso ondo bizi ginen han. Polimilien ingurukoak ziren nire ondoko gehienak, EIA [Euskal Iraultzarako Alderdia] etorri zen gero, eta ni Euskadiko Ezkerran jada ez nintzen aritu sekula; ez zitzaidan gustatu. Gauza askotan ez zen oso garai inbidiagarria, Arrasaten irakasle gisa igaro nituen lau urteetan egun bakar batean ere ez nintzelako sartu kontrolik pasatu gabe. Ikaragarria zen; oso gogorra, baina oso bizia. Dena hankaz gora jarriko genuen sinesmena geneukan orduan.

Giro horretan, Alemaniara joatea erabaki zenuen zuk.

Euskal Herrian ezinezkoa zitzaidan distantzia hartzea, eta, autoa salduta, Alemaniara joan nintzen bi urterako, Munster ingurura. Politikoki eta arlo denetan galduta ikusten nuen neure burua, eta desmarkatu beharra sentitzen nuen. Ez nuen eskatu eszedentziarik ere Arrasateko ikastolan; banekien Alemaniatik bueltan lana izango nuela. Eta hala gertatu zen. “Filosofia irakasle bat behar da Tolosan”, irakurri nuen etxera itzulita; autoa hartu, Tolosan aurkeztu, eta lanean ari nintzen hurrengo egunean.

Testuinguru horretan, nola iritsi zitzaizun Euskadi Irratira jauzi egiteko aukera?

Iragarki bat ikusita animatu nintzen. Lehen urtean, Sorgin afaria kultur saioa egin nuen Pello Zabaletarekin, egunero. Erreferentzialtasuna lortu genuen, eta Joxemari Oterminek [Euskadi Irratiko zuzendaria 1982tik 1991ra] espresuki esan zidan bertso erreferentzia Herri Irratitik Euskadi Irratira pasatu behar genuela. Debaldeko festa lehiaketa moduko bat egin genuen lehenengo, eta 1984an antolatu genuen Pernando Amezketarra Herriarteko I. Txapelketa; 21 herri aurkeztu ziren. Pellok eta biok kultur programa egiten genuen egunero, eta tokatzen zen herrira joaten ginen asteburuan. 31 saio egin genituen bost hilabetean.

 

"Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan"
ETB1eko ‘Hitzetik Hortzera’ saioa. Joxerra Garzia aurkezle lanetan zela eman zuen ETB1ek Hitzetik Hortzera-ren lehen saioa, 1988ko abenduaren 30ean. Irudian, Garcia, 1990ean, programaren muntaketa lanetan.

 

Zuk behin baino gehiagotan entzun behar izan zenuen bertsoa ez zela telebistarako egokia, baina bide luzea egin zenuen Hitzetik Hortzera saioarekin.

Bertsozale Elkartekoak aspalditik ari ginen EITBn bertsolaritzako programa bat behar zela esaten, eta pausoa gu isil gintezen eman zutela uste dut. Nik ez nekien bideo bat zer zen ere. Baliabide gutxi geneuzkan, eta telebista irizpideekin oso txarrak ziren programa haiek, baina gustatu egin zitzaion jendeari. Bertso saio bateko irudia edo soinua oso ona izan gabe ere, ni emititzearen aldekoa nintzen beti, baina gorabehera dezente izan genituen errealizadoreekin.

Bide hura ez zen ondo amaitu.

Ez… 1993ko krisi garaian, Amatiño [Luis Alberto Aranberri] etorri zitzaidan magazin bat egingo ote nuen galdezka, eta baietz esan nion. Andoni [Egaña] eta [Xabier] Amuriza ziren lehenengo saioan; Sebastian [Lizaso] eta [Jokin] Sorozabal bigarrenean; eta gazteak eraman genituen hirugarrenean: Maialen [Lujanbio], Igor [Elortza], Unai [Iturriaga] eta Jexux Mari [Irazu]. Bernardo Atxaga zen gonbidatua, eta, halako batean, Unaik bota zuen: “Desinformazio gehiago orduero Euskadi Irratian”. Zuzenean ari ginela, berehala iritsi zen zuzendaritzaren abisua, programa mozteko. Hilabetez ezkutatuta bezala egon nintzen. Elkartea zegoen tartean, eta ez nuen ezer esan nahi. Hori bai, kontratua sinatuta zegoenez, sei hilabetean jarraitu nuen programa egiten.

Berriz txapelketara jauzi eginda, Maialen Lujanbio zain dago finalean, eta Alaia Martinek bidearen zati handi bat eginda dauka jada. Alde horretatik ere berritzailea izan daiteke finala.

Denok sumatzen genuen baino polikiago iritsi da aldaketa; kostatu zaio bigarren emakume bati finalean sartzea. Gustatuko zitzaidakeen Oihana Iguaran finalean sartzea, baina bidean geldituko dela dirudi. Dena den, ez diot askorik erreparatu txapelketari, eta ezin dut iruzkin zehatzik egin.

Euskararen erabilerari dagokionez, arduratuta hitz egin izan duzu sarritan. Euskararen kaleko erabilera %14 ingurutik %12 ingurura jaitsi da azken bi neurketetan. Ezagutza lehenetsi da erabileraren kaltetan?

Oso argi daukat guk eman diegun euskarak gazteei balio diela unibertsitatean aritzeko, baina ez musean aritzeko, ziria sartzeko… Hori onartzen ez dugun bitartean, euskara produktuan berean daukagu arazoa. “Hizkuntza batek ez badio hobeto bizitzeko balio, hiztunak aldi berean esango dizkio kaixo eta adio“; hori da nire hausnarketetako bat. Hizkuntza kontuetan kalkulu guztiak ez dira egin behar hizkuntzatik bakarrik, baizik eta hiztunetik. Gazteek erregistro bakarra daukate gurasoekin, irakasleekin eta lagunekin hitz egiteko. Hizkuntza erregistro informaletan ere landuko duen eskola bat behar dugu, aurrera egingo badugu.

Zer gehiago daukazu emateko komunikazioari, ahozkotasunari, bertsolaritzari…?

Obsesioa. Militantzia. Hori bizi izan dugu guk, eta Bertsozale Elkartean gozamena zen nola asumitzen zen modu naturalean bertsolaritzaz gain herrigintza ere landu behar zela. Ezinezkoak ziren gauza asko egin genituen guk, baina “ez etorri bazterrak nahastera!” pentsamendua zabalduta dago gaur egun, eta pena da.

“Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan” “Arima pixka bat falta da orain, bai unibertsitatean eta bai hedabideetan”