Laida Etxeberri: "Iparraldean bertsoa ez da Hegoaldean bezainbat segitua"

Laida Etxeberri –

Ttipi-Ttapak Laida Etxeberriri egindako elkarrizketa, Erran hedabidetik ekarria.


 

Laida Etxeberri

Laida ETXEBERRI PACHECO, Sarako bertsolaria

Pala, euskal dantzak, errugbia eta bertsoak zaletasun dituen 16 urteko saratarra da Laida Etxeberri Pacheco (Sara, 2003). Zortzi bat urte zituelarik eman zuen bertso eskolan izena, «ahizpak ikastolan egiten zuen eta nik ere nahi nuen…». Ahizpak eman zion gogoa, eta halaxe eman zuen pausoa. Hasi bazen hasi, «orain beti bertsotan aritzen naiz».

Normalki, Baionako Lizeoan elkartzen da bertso eskola baina, ezohiko egoeran, etxetik, konferentzia bidez, aritu dira. Etxeberrik ez du saio horiek jasotzerik izan, «etxean Wifirik eta horrelako konexiorik ez dugulako». Bere aldetik, «pixka bat» landu duela aitortu arren, «bertze okupazioak nituen eta ez naiz usaian bezainbertze aritu» argitu du. Etxetik «biziki zaila» egin zaio lantzea, «irakaslerik ez dugulako eta bertze bertsolarien maila zertan den ikusten ez dugulako».

Aurten uztailean izanen den Iparraldeko Bertsolari Gazteen Txapelketan eta irailean, Bertsozale Elkarteak antolatu ohi duen Iparraldeko Bertsolari Txapelketan ariko da saratar gaztea. Berarentzat ez da kontu ezezaguna, «orain bi urte parte hartu nuen» eta joan den urtean «ez nintzen izan Herri Haitada izan zelako». Ongi oroitzen du zer sentitu zuen taula gainean: «beldurra». Jende aitzinean «egiazki zaila gertatzen da gure maila erakustea». Beldur hori, ordea, «denborarekin usatuz, plazera» bihurtzen da eta «hori da inporta duena».

Bertsotan hastean «bertsoa egitera» bideratzen du indarra, baina «plazetan eta txapelketetan presioa ez da bera». Izan ere, «plazan ez dugu norbait gibeletik puntuak kontatzen ari delako beldurra, eta irri eginarazteko askatasun handiagoa dugu…».

Bertsoa «maitatuz gero eta zinez gustukoa izanez gero, plazetan erakutsi» behar dela uste du Etxeberrik. Iparraldean bereziki garrantzitsua ikusten du pauso hori. Izan ere, «Iparraldean bertsolaritza ez da Hegoaldean bezainbat segitua». Dena den, ahalegina eginen dute: «Xilaba egin genuen eta bikain pasatu genuen…». Giro «bikaina» izan zuten arren, «gero ohartzen gara ez dela Hegoaldean bezalakoa…». Hori aldatzeko gogoa dutela ere aitortu du: «badugu gogoa bertsozaletasunak segitzeko».

Bertsolari batzuetan, gai- jartzaile bertzeetan. Herriko bestetan «bertsolari handiak» izaten dituztenean gaia ematen aritzen da Etxeberri. Aurten, bestarik ez denez izanen, ez dute saiorik izanen eta «penagarria» bada ere ongi pasatzeko «bertze modu batzuk» atzemanen dituztela gaineratu du.

Laida Etxeberri