Manex Agirre: "Bertso eskolei esker hemen, jarraitzen dugu"

Bertso eskolei esker hemen, jarraitzen dugu –

Ainhoa Aranak Goienan.


Arabako Binakako Bertsolaritza Txapelketaren lehengo edizioa jazo zen joan den larunbatean eta Martin Abarrategi eta Manex Agirre bertsolariek ekarri dute txapela Aramaiora. Abarrategirentzat lehen txapela izan da eta Agirrek beste txapelketaren bat irabazi izan badu ere, aspaldiko sentsazioak berreskuratu dituela dio.

 

 

Pozik daude Agirre eta Abarrategi. Txapelketak izan duen formatu berrira egokitu behar izan dute aurten; baina konfiantzazko bikotekidea izatea lagungarri izan zaie.

Nola gogoratzen duzue zapatuak emandakoa?

Martin Abarrategi: Goizean urduri egon arren, agurra abestu eta lehenengo ofizioa Manexekin egon ostean lasaitu egin nintzen; larregi, agian. Izan ere, ondoren, hamarreko txikian ez nintzen batere fin ibili. Ondoren, poz handia hartu genuen emaitza jakin genuenean.

Saioa aurrera joan ahala, txapeldun ikusten zenuten zeuen burua?

Manex Agirre: Ez; nik, hasieran, ez. Martinek hamarreko txikian asmatu ez bazuen, lehenago, nik, zortziko handian, oso txarto egin nuen. Kartzelako saioan ondo aritu ginen eta ikusi genuen beste bikoteek hutsen bat egin zutela, eta orduan konturatu ginen, beharbada, irabaz genezakeela… Hala ere, azkenera arte ez da jakiten. Gainera, zortzi puntuko aldearekin irabazi genuen. Hori ez da ezer.

Herrikide izatea aldeko izan duzue?

M.Ag.: Bai, nik uste dut baietz. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, bertso eskola berekoak gara… Ez dakit, ez dugu bereziki landu txapelketa: Martin Gasteizen bizi da eta ni hemen… Gehiago landu izan bagenu, hobeto izango zatekeen.

M.Ab.: Eraginik izan badu, positiboki izan da.

M.Ag.: Ez dago zalantzarik. Gauzak adosteko orduan, adibidez, ez dugu zalantzarik egin.

Zer nabarmenduko zenuke bikote-kideaz?

M.Ag.: Nik espero dut txapelketa hau izatea plazara salto egiteko arrazoi bat. Uste dut egiten duela bertsotan ondo, neurtzen eta bertsoa betetzen; eta bukaerako ideian gero eta indartsuago. Bakarka abestu zuenean lehenengo bertsoa, finalean, pentsatu nuen: “Tipo hau nondik irten da?”. Plazaz plaza ibiltzeko moduko bertsolari bat iruditzen zait, eta ez bi urte barru, baizik eta orain.

M.Ab.: Nik uste dut Manexek bete dituela nire hasiberri hutsune guztiak. Oholtzan jartzeko taulak, lasaitasuna… Uste dut niri oraindik lantzea geratzen zaidala eta badaukadala nori begiratu. Ni baino esperientzia handiagoa du.

Oholtza gainean rol horiek bete dituzue?

M.Ag.: Egia esan, nik Martin nahiko lasai ikusi dut. Gainera, pentsatu izan dut, “zertan hasi behar dut… animo, Martin!”, horrela denbora guztian? Ez, kontua ez da hori. Badakigu bakoitza zelakoa den, eta beharra egon denean esan dizkiogu gauzak elkarri.

Gustatu zaizue binakako formatu berri hau?

M.Ab.: Nik uste dut bakarkakotik asko izan duela. Ariketak bakarka egitekoak izan dira, eta esango nuke banakako txapelketako berdinak izan direla. Baina badauka laguntza puntu hori: bakarrik abestuko da, baina puntuak bikotekidearenarekin batera gehituko dira. Horrek sortzen du halako babes puntu bat.

M.Ag.: Bai; lehenengo aldia izan da, eta, agian, ez du eman hain-besteko aukerarik, baina komentatu izan dugu, baita txapelketan zehar ere, bien arteko lanari eta harremanari etekin gehiago ateratzeko aukera eman dezakeela formatu honek. Bestalde, uste dut zerbait ona izan bada, izan dela bertsolari berriak eta hainbeste ikusten ez direnak bistaratzeko aukera: Martin bera, Unai Anda, Manu Bendala…. Mediatikoki honek izan duen erantzuna eurendako da ona. Beste modu batera zailagoa izan daiteke hona iristea, eta honek aukera hau ematen du.

Zuk, Manex, banakako bi txapel bazeneuzkan, eta orain, binakakoa lortu duzu. Zuk, Martin?

M.Ab.: Uste dut bizitzan irabazi dudan lehenengo gauza izan dela [Barre]. Banakakoa… momentuz, amestea da. Orain arte, behin bakarrik kantatu dut, eta ez nintzen sailkatu.

Udara begira, txapel honek ateak zabalduko dizkizue saioak egiteko?

M.Ag.: Bai, nik espero dut baietz, baina, horretarako, saioak egon behar dira. Ematen du etorriko direla; nik uste dut egoera zein izango den zain daudela antolatzaileak. Baina, guri baino gehiago, hauendako izan beharko litzateke: Martin, Unai, Manu, Aroa… Atzetik datorren jendearendako izan dadila bultzada.

M.Ab.: Bai; nik eskertuko nuke.

Txapelak Aramaiora etortzea ez da kasualitatea izan. Ondo lan egiten den seinale?

M.Ag.: Bai; nik beti esaten dut Aramaion ez dela kanpaina handirik egin behar umeek bertso eskolan izena emateko. Nik uste dut dela momentuan dabiltzan irakasleei eta arduradunei esker. Orain, Martin, Aitor Ugarte, Peru… Gu ere ibili ginen, eta pozgarriena da naturalki egiten dela. Umeendako zerbait erakargarria da, gustukoa; eta, gainera, ikusten dute fruituak ematen dituela.

Amaierako agurrak hunkigarriak izan ziren. Nori eskainiak?

M.Ab.: Lagunei; bereziki, bertsozaleak izan barik, Legutiora etorri eta bi orduko bertso saio bat entzuteak esfortzua eskatzen duelako. Horregatik eskaini nien eurei; eta euren aldetik erantzun ona jaso dut.

M.Ag.: Bertso eskola askotan aipatu izan dut. Oholtza gainera bakarka igotzen gara, baina guk talde-lan moduan ulertzen dugu hau, eta beste modu batera ez dakigu funtzionatzen. Keinu bat izan zen; gainera, ospakizuna egiteke dago!

Bertso eskolei esker hemen, jarraitzen dugu Bertso eskolei esker hemen, jarraitzen dugu Bertso eskolei esker hemen, jarraitzen dugu