Mikel Mendizabal: «Bertsotarako giroa piztu behar zen, eta katea sortu zen"

Mikel Mendizabal –

Goiberrin egindako elkarrizketa.


Lanetik erretiratuta egon arren, batetik bestera ibili ohi da Mikel Mendizabal Garmendia (Itsasondo, 1956). Semeen eskola-ibilerak eta haien pilota txapelketak; gustua hartu dien goizeroko oinezko bueltak. Eta aspaldiko bertsolari lagunekin astean behin galdu ezineko afari, lagunarte, solasaldi, saioxka ditu orain ‘lanak’. Bertsolaritza eskoletan txertatzen lan egin du 40 urtean, labealdi berrien okin.

Bertsolaritza ikastetxeetan txertatzen lan egin duzu, Gipuzkoako Ikastolen Elkartean. Lan polita dirudi bertsolari batentzat.
Bai. 1982an sartu nintzen. Irakaskuntzan kezka bazebilen orduan, bertsolaritzak lekua bazuela, ekarpenak eta baliabideak bazituela ikasleen irudimena eta ahozko hizkuntza lantzeko. Aldi berean, bertso eskolen mugimendua hasita zegoen. Talde bat sortu eta Diputaziora bideratu zen; Imanol Murua zegoen, eta hark ere lagundu zuen. Bitxia da, lehenengo Eskolarteko txapelketa 1981ean Diputazioak antolatu zuen, Elixabete Garmendia-eta zebiltzan han. Gero, aldundiak ezin zuela antolatzen segi, eta ardura ikastolen elkarteak hartu zuen. Koordintzaile ni izan nintzen.

Eskoartekoak 40 urte bete ditu.
Urteroko ohitura bihurtu zen, Karmelo Balda kiroldegian: lehenengo bertsopaperak idatzi eta gero bat-bateko saioak. Izugarrizko jende pila joaten zen gaztetxoak bertsotan entzutera. Han azaldu ziren famatuen lehen labealdiak: Euzkitze, Iñurrategi, Sarasuatarrak, Arantzazu Loidi… Joseba Tapia trikitilaria eta halako adibide asko daude, orduan plazaratutakoak.

Berria izatearen ilusioa?
Bai, berritasuna zen. Xabier Amurizak orduan atera zuen bertsotan ikas zitekeen teoria, eta eztabaida hasi zen. Pixkana, eskolatik etorri zen bertsotan egiten zuen jendea. Figura on horiek lagundu zuten hasieran. Gaur egun, bertsotan dabiltzan gehienak handik pasatu dira, lehenago edo geroago.

Gezurra dirudi, duela urte asko ez dela, bertsotan ikasi egiten ote zen edo berezkoa ote zetorren eztabaidatzea.
Orain dela 40 urte. Hori iraultza txiki bat izan zen. Bultzatzaile Amuriza zen, eta denen gustukoa ere ez zen: apaiza zela, eskolatua, ikasitakoa zela… Denborarekin argi geratu da, kiroletan bezala, bertsolari gazteak eta berriak sortu nahi baditugu, eskola bidetik zegoela egin beharra. Eskola leku ona da lanketa horretan laguntzeko; eta, aldi berean, bertsolaritzak eskolari asko eman dio. Gaur eztabaida hori gaindituta dago, eta bakean.

Zeu gustura aritu zara lan horretan? Geletan irakasle ere jardun zara?
Hasieran, bai. Denetik egin behar izaten genuen orduan. Oso lan polita izan da. Urtero ikasle berriak, izen berriak eta ekarpen berriak ikusten genituen. Askotan, harrituta geratzen ginen gazteen ekarpenekin eta sasoiarekin. Eta inguruan dena laguntzailea zen: gurasoak, bertso eskoletako irakasleak, arduradunak, ikastetxeetako irakasleak…

Itsasondon jaioa zara, 1956an. Zuek giroak zaletuko zintuzten?
Nire hastapenetan eragina sariketek izan zuten: Idiazabalgo Zepai, Añorgako Orixe, Zarauzko Lizardi, Durangokoa eta Mungiakoa Bizkaian, Gabiriako Osinalde, Segurako Txoritegi… Guretzat horiek izan ziren lehenengo plazak, eta hasierako bultzada horiek eman ziguten. Orduan hasi ginen Murua, Telleria, Peñagarikano, Lizaso eta; sariketa horietan elkartu ginen.

Baina sariketetara joateko ere irrika edo zaletasuna beharko zen aurretik.
Sariketetara gazteak eramateko arrantzan aritzen ziren antolatzaileak. Orduko esaera da: ‘han ere ba omen zagok poliki egiten duena’. Etxera joaten ziren bila. Hasi ginen gazteen lehiaketetan, eta Euskal Herriko Txapelketaren aurreko kanporaketan azaldu ginen gu lehenengoz, 1982an.

Gaur ere badira gazteen sariketa batzuk. Baina zuen garaian aukera gehiago zen agian?
Aukera gehiago, gaur. Bertso eskoletan astero elkartzeko aukera dagoelako. Guk hori ez genuen. Garai hartan gazteei laguntzeko izugarrizko borondatea eta gogoa zen. Giroa desberdin samarra zen: gazteak bultzatu beharra eta aukera eman beharra gehiago ikusten zen. Orain ez dago horren beldurrik, nahi adina dago herrialde guztietan.

«Garai berezia izan zen gure gaztarokoa. Gazte izatea, politika-giroa eta bertso kontua gurutzatu zitzaizkigun»
«Gure belaunaldiko bertsolariak astero elkartzen gara oraindik. Lagunartea ematen digu, eta ondo egiten digu»

Umearoa eta gaztaroa, nolakoak?
Garai berezia zen gure gaztarokoa, politika aldetik frankismo bete-betea, eta komeriak! Gurutzatu zitzaizkigun gazte izatea, politika-giro hori, bertso kontua ere bai… Pentsa, bertsoak kantatzeagatik kartzelan ere egon ginen.

Kartzelan? Hori ere probatua al zara?
Bai. [Xabier] Zeberio eta biok Martutenen egon ginen. Kasualitate ziztrin bat izan zen. Amezketara joan ginen, San Bartolome festak zirela eta, bazkal ondoren frontoian saioa egitera. Gaia zen Juan Carlos erregea Euskal Herrira zetorrela. Hasi ginen, eta nik Zeberiori esan nion «amnistia ekar dezala, bestela artzain Aralarrera bidaliko diagu». Zeberiok, berriz, «eta ni erreginarekin siesta egitera joango nauk». Horixe! Norbait bazegoen han, eta Beasaingo kuarteletik deitu gintuzten, eta Donostiako Auzitegira geroago. Estatuburua iraintzea leporatu ziguten, eta 40 egun egon ginen Martutenen.
Ordurako Lazkao Txiki, Lopategi, Azpillaga eta horiek plazetan aritzeko debekatuta egonak ziren. Herrian ere ezagutu genuen, bertso saioak antolatzerakoan, gaiak aurretik Gobernu Zibilera bidali beharra. Hura garai oso gogorra izan zen: hemen zegoen giroa, politika, atxiloketak ikaragarri…

Itsasondon bertso-girorik bazen?
Txapelketa bat ezagutu nuen Itsasondon, gazteentzat, ni hasi baino lehen. Batez ere Jesus Lete Ibaiertz-ek eta horiek antolatu zuten. Zeberio, Mendaroko Juanito Loiola, Ziolar, Attola-eta atera ziren, gu baino belaunaldi bat aurreragokoak. Loiolak irabazi zuen, eta bigarren Zeberio. Itsasondoko balkoian, lehenengo ikusitakoa hura izan zen. Gero bertsolaritza jarraitzen hasi nintzen. Gogoan dut, 1975ean, Txiki eta Otaegi hil zituztenean, Idiazabalgo Zepai saria entzutera joan nintzela. Urtsuaranen ere saio bat egiten zuten, probaketa modukoa.

Zein ziren bertsolari gazteen akuilu lana egiten zutenak?
Idiazabal inguruan, Jexus Azurmendi. Hil zen. Gai jartzaile eta aurkezle ibiltzen zen, eta Zepaikoa hura zen. Orixen, Joxemari Aranalde; Lizardin Artetxe eta; Seguran ere behin antolatu zuten, Etxezarreta, Agirre eta horiek; Gabirian, Euxebio Igartzabal; Durangon, Eguzki esataria; Mungian Karlos Ibartzabal… Han-hemenka ziren orduan sariketak, eta inguruan bertso-giroa edo plaza egokia ikusten bazuten, han antolatzen zuten.

Zu bihurtu zinen geroztik akuilulari. Gazte asko bideratu dituzu plazara.
Giroa sortu behar zen. Eskolartekoan, banaketa bailaraka egiten genuen. Gipuzkoan lau-bost talde, Bizkaian Juanjo Respaldiza, Lopategi-eta hasi ziren, Iparraldean Artzallus-eta, Nafarroan Manolo Arozena. Baldako finala egin eta gero, Lasarteko hipodromora joan eta bazkaria egiten genuen. Ibilaldi edo txangoak ere bai, bertsolari bat bisitatzera, norabaitera. Liburuxka bat ateratzen genuen bertso, parte-hartzaile eta argazkiekin. Euskal Herriko lurralde eta gune guztietan bazegoen talde bat, bere arduradunarekin. Hori jada erraztasun handia zen, eta katea sortu zen.

Goierriko bertsolaritza mugimendua nola ikusten duzu, gaur egun?
Goierrikoa, aldatuta. Ez dakit, pixka bat hoztuta ere baietz esango nuke. Lehen, Goierriko gune indartsua Ordiziako Bertso Eskola izan zen, eta atzetik Argiberri elkartea zegoen. Taldeak herrietan zeuden, eta Argiberrin elkartzen ziren. Orain hori hoztuta ote dagoen sumatzen dut. Esan behar da, baita ere, Goierriko bertso eskolaren arduradun nagusitzat talde gaztea sartu dela, Argiberrik txanda emanda. Antolaketa ere aldatu egin da gure garaitik; orain asteburu bateko egonaldia egiten dute, Gipuzkoa osokoek. Baina Goierrin, lehengo puri hori ez dut sumatzen orain.

Zertan hoztu dela esango zenuke?
Gure belaunaldikoak, esate baterako, astero elkartzen gara oraindik, gure txokoan. Gazteagoei planteatu genien, baina ez dira giro honetara bildu. Belaunaldi berria bere erara dago gehiago, nahiago dute bakarrik: bere berrikuntza ekarri du, eta beraien artean antolatzeko beste modu bat daukate agian.

Zer ematen dizue zuei juntadizoak?
Aurrena, behintzat, asteroko lagunartea. Afarixka bat egiten dugu Patxi Garmendia zaldibiarrak Legorretan daukan txokoan; haren andreak bertan prestatzen digu. Aspaldikoa omen da, gainera, ohitura hori, gu hasi baino lehenagokoa. Garai batean Goiburu, Beasaingo Antxusi-eta hara joaten zirela esan zigun Patxik. Afaldu, broma giroan hasi, asteko errepasoa egin, txapelketan entzundakoak errepasatu… Eta, azkenean, bakarren bat kantari hasi eta saioxka bat beti egiten dugu. Ondo egiten digu, burua bertsoetan edukitzeko, doinu berriren bat hartzeko…

Plazan nahi adina aritzen al zara?
Urtean hamar saio egiten ditut. Nahikoa. Gainera, konturatzen naiz plazara joateko behar adinako garantiarik orain ez daukadala. Horretan ere ibili egin behar da, gako horretan egon.

Pagoak aldatzen dituen bertsoaren ernamuina

mikel mendizabalBataiarritik Migel Anton du izena. «Etxean horrela deitzen didate». Gainontzean, Mikel Mendizabal Garmendia. Abizen horiekin ezin bestela, eta mendian jaioa da: Itsasondoko Iraola baserrian, 1956ko martxoaren 31n. Bertsolari bezala lehen saioa mendiaz beste aldera egin zuen, 1974an, Aratz-Matxinbenta auzoan. Zeberio, Begiristain eta Murua kantukide, Sebastian Lizaso gai jartzaile. «Taldea osatu genuen».

Patxadako bertsolaria eta gizona da, ziria ere serio sartzen duena. Euskal Herriko Txapelketako finalera iritsitako goierritar gutxietakoa, 1989an eta 1997an. Bertso giroa bilatu, aurkitu eta sortu izan du. Martuteneko kartzelan izan ezik. «Han ez genuen horrelako girorik aurkitu».

Ezkion bizi da orain, Anduaga bailaran. Bi seme, oraindik haurrak, ditu goizero gaia eta neurria jartzen diotenak. Gero, berak errimatzen du eguneko lehen puntua: ibiliz. «Goizero norabaitera joaten naiz, bezperatik pentsatuta, zerbait ikustera: Arriarango putzuari bira, beste batean handik Garinera basoz, Ihurretik Idiazabalgo goiko mendiak… Pare bat edo hiru ordu, ibili. Kanpo librean nabilenean oso ondo sentitzen naiz». Soin eta buru zaintzeko balio izaten dio ariketak.

Itsasondora ere joaten da. «Etxetxo bat daukagu, baratzea eta landareak ere bai. Orain pago aldaketa egin dut». Beste ereintza, gazteak bertso zaletzea, ez du erabat utzi. Eskolarteko saioetara joan ohi da, «laguntzera». Eta taldea egitera.

Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal
Mikel Mendizabal