Miren Artetxe: “Gaur egungo gazteek talde sentipen handiago bat dute”

Miren Artetxe –

Joanes Etxebarriak Miren Artetxeri egindako elkarrizketa Ipar Euskal Herriko Hitzan.


MIREN ARTETXE, Bertsolaria eta irakaslea

Bukatu berri du Ipar Euskal Herriko bertsolari gazteen hizkuntzaerabileren inguruan egin ikerketa tesia, eta liburu bat argitaratu berri du Ane Labakarekin batean: ‘Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen’

Miren Artetxe

1985ean sortu zen, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta 5 urte zituelarik joan zen Hendaiara bizitzera. Erran ohi du bere “bizia gehien esplikatzen duena Hendaiakoa” dela. Donostian bizi da egun, eta Xilabako taldekakoan txapela jantzi zuen, Ez Otoi Pentsako kideekin. Euskal Herriko emazte bertsolarien lan kolektiboetan ere ari da.

Tesia bukatu berri duzu. Bazenekien nola bideratu, edo ikerketak bere bidea egin du?

Pentsatu nuen zerbaiti buruz idaztea, eta gero beste zerbaiti buruz idatzi dut. Hastapenean nire kezka zen gazteen euskara erabilera; ikusten nuen bertsotan ari ziren gazteek bazutela euskaraz aritzeko joera bat, eta nahi nuen hori ikertu pixka bat. Uste nuen gehiago izanen zela hizkuntzaren ludikotasunetik, umorea eta halako gauzek bazutela eragina… Egin dizkiet elkarrizketak Iparraldeko gazte bertsolariei, behaketak ere bai, eta atera da nerabezaroan frantsesera jotzen dutela, eta —denetarik izanik ere— euskarara itzultzen direla lizeo garaian. Bertso eskolak ekartzen diena gehiago da gazte identitatea garatzeko tresna bat; gehiago lotua da lotsa galtzearen sentipenari, hitza hartzearen eta gogoetatzearen esperientziari. Sentipena dute gazte izateko bidean badutela espazio bat gogoetatzeko eta haiek nahi duten bezalako gazteak izateko; bertsoa aitzakia bat da, azkenean.

Aipatu duzun profila, Iparraldeko bertsolari gazteena, zuk ere baduzu.

Bai. Hori zen hastapenean: nire ibilbidetik, niretzat inportanteak izan ziren gauzak aurresuposatzen nituen. Gauza da egoera anitz aldatu dela Iparraldean, eta nire garaian ez genuen bereziki taldetasun bat. Bertsotan ari ginen gazte batzuk, baina ez genuen baitezpada lagun harreman biziki estu edo esperientzia konpartitu anitz; bakoitzak egin du bere ibilbidea. Ikusi dut gaur egungo gazteek badutela deia talde sentipen handiago bat. Bertsotan sozializatzeko espazio gehiago sortu dira: topaketak, udalekuak… Hori bizi dute gehiago kolektiboan.

Aurten taldekako Xilaba txapelketa izan da. Ikerketan ikusi duzun hori ilustratu da?

Ikusten nuen bereziki gazteentzat euskararen transmisio ideia hori badutela biziki sartua, baina behar dutela beste zentzu bat eman euskara erabiltzeari; ez gurasoek eta ikastolakoek esan digutelako baizik eta guk nahi dugulako. Haustura bat egiten dute horrekin, justuki bertso eskola delako haien espazioa. Hor egiten da zubia: bertsotan haiek nahi dutelako ari dira, beraz ez dute ardura baten modura hartzen, eta katebegi hori egiten dute. Bertsotan, aldiz, anitzen diskurtsoa zen sentitzen dutela ardura Xilaban parte hartzeko eta abar, baina ez dute hori nahi. Xilaba taldeka izate horrek informaltasun bat ematen du; ez da hainbeste banakako ibilbidean zentratzen, eta gazte anitzek parte hartu dute.

Xilabako finalean mutil bat bazen neskaz inguraturik; Gipuzkoako finalean, lau eta lau… Nola ikusten dituzu datu horiek?

Bada, alde batetik, finaleko kopuruek erakusten dutena, eta, gero, icebergaren puntaren azpian den guztia: Xilaban taldeak ikusten baditugu, gehienak gizonak dira askogatik; talde anitz baziren gizonez bakarrik osatuak, eta, kasualitatez edo, iritsi dira iritsi direnak finalera. Gipuzkoako txapelketan ere abantzu ehun ziren izena eman zutenak, eta laurdenera ez zen iristen emazteen kopurua; aldiz, finalean lau eta lau da. Iduritzen zait izena ematerakoan deia badela muga bat, emakumeek beharbada ez dugula sentitzen edo gutxiago ari garela plazetan edo gutxiago garela 18 urtetik aitzina segitzen dugunak. Eta, aldi berean, izena ematen dutenek, estatistikoki, maila hobea dutela proportzioan mutilek baino. Izena ematen duten neskek ematen dute onak direlako; mutil batzuek, aldiz —ez dut esaten txarrak direnik—, konfiantza hori badute izena emateko garaian. Eskolarteko txapelketan ikerketa soziologiko bat egin zen iaz, eta ikusten zen erdi eta erdi direla; lurraldekoetan eta plazetan, aldiz, %20 gara; beraz, hor bada zerbait. Txapelketan ikusi behar da egitura guztia ere: gaiak, gai emaileen taldeak, epaileak, irizpideak… nola eragiten duen horrek guztiak. Lau eta lau zen, baina ezin da esan parekidea zenik, egitura ez baita parekidea.

Argitaratu berri duzue Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen. Feminismoak bide egiten du bertsolaritzan. Gizonek ere ardura beren gain hartzen dute?

Argi da bertsolaritza inklusiboago bat egitea denen ardura dela eta denen onerako dela, zeren eta emazterik gabeko bertsolaritza bat ez dakit zenbateraino den interesgarri, egia erran. Aldi berean, ikusten da azken urteetan pausoak emazteek autonomoki eman dituztela gehienbat, topaketak antolatuz, Ez da kasualitatea saioak antolatuz…

Gero, elkarteak ere egin du bere lana, ahalduntze bertso eskolarekin, genero batzordea sortuz… Egia da gehienbat emazteek egin dutela lana. Uste dut badela gizon anitz inplikatua dena eta nahi duena horren inguruan ongi kokatu; gero ez da erraza. Uste dut hortik badela lan egiteko, bai.

Donostian bizi eta Xilaban parte hartu duzu. Mugaz bi aldeetan feminismoak ez du indar bera, Martxoaren 8ko mobilizazioetan argiki ikusi denez.

Ikusten dut Iparraldean feminismoaren inguruko diskurtsoak hurbilago zaizkiela gazteei zaharragoei baino, orokorrean. Baina egia da: gizarte mailan Iparraldean gauza batzuk zailak dira biziki; oraindik ari dira drame domestique edo violence conjugale eta halako kontzeptuetan, eta lege aldetik ere desastre bat da.

Hegoaldean iduritzen zait politikoki zuzenaren espazioa irabazia dela neurri batean, baina horrek ez du erran nahi gure praktikak feministak direnik. Euskal Herri mailan Iparraldeko mugimendu feminista izanik aitzindaria 70eko eta 80ko hamarkadetan, orain, aldiz, euskal mugimendua eta feminismoa ez ditut ikusten bereziki hurbil. Gero, ez naiz hemen bizi, beraz, ez dakit, baina ikusiz Martxoaren 8a Baionan, edo Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean, ikusten dut diferentzia bat.

Bertsotara itzuliz, ikusten duzularik Elixabet Etxandiren moduko bertsolari bat (harro eta aho handi), borroka feministaren emaitza bezala ikusten duzu?

Ez dakit emaitza den, baina abiapuntua bai, segur! Ez dakit berak nola ulertuko duen, eta ez nuke bere ahotan eman nahi ezer, baina, nire ikuspuntutik, ikustea gazte bat hola asumitzen duena bere ahotsa, bere burua, bere pentsatzeko manera, ahobizarrik gabe ari dena berdin sakonetik edo umoretik… Iduritzen zait hori eredu bat dela. Nik hori ez nuen; bertsotan hasi nintzelarik baziren bertsolari emazte oso-oso gutxi, eta gainera ez nituen ikusten, ez nuen haiekin kantatzen. Elixabet bat ikusi izan banu, nire idoloa izanen zen.

Miren Artetxe
Miren Artetxe
Miren Artetxe
Miren Artetxe
Miren Artetxe