Urriaren 3an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Urriaren 3an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa –

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ataritik.


 

Sei kanporaketa, hiru finalaurre eta finala jokatuko dira; finala abenduaren 18an izango da Bilbao Arenan.
 
Urriaren 3an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
 

Aurkeztu dugu Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 2021. Urriaren 3an abiatuko da Durangon eta Bilbon amaituko da abenduaren 18an, final handiarekin. Guztira sei kanporaketa, hiru finalaurre eta finala izango dira Txapelketa osatuko duten saioak.

Kanporaketa fasean Durangon, Igorren, Ortuellan, Mungian, Elorrion eta Getxon izango dira saioak; finalaurreak Etxebarrian, Galdakaon eta Larrabetzun jokatuko dira; finala Bilbon izango da, Bilbao Arenan.

Kanporaketetan 36 bertsolarik kantatuko dute: Udabarriko Fasetik sailkatutako 28 bertsolarik eta 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten beste zortzik. Finalaurrekoetako fasera 10 bertsolari sailkatuko dira eta han izango dituzte zain 2018an finalista izan ziren 8 finalistak. Hiru finalaurrekoetako irabazleek eta puntuazio altuena lortzen duten beste bostak sailkatuko dira finalera.

Gaur egin dugu Txapelketaren aurkezpena Bilbon, Rekalde aretoan. Aurkezpenean, Belate Olabarria Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidenteak, Ione Narbaiza Bizkaiko Txapelketako arduradunak eta Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatuak hartu dute parte.

Saioei buruzko informazioa, protagonistei buruzkoa… webgune honen atal desberdinetan aurkituko duzue.

Sarrerak, salgai

Saioetako sarrerak erosteko www.bertsosarrerak.eus atarian dago aukera. Antolakuntzatik sarrerak Internetez erosteko gomendioa luzatu nahi dugu aforo kontuak direla eta, arazorik ez sortzeko.

Oraindik sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan txarteldegia zabalduko litzateke, 16:00etatik aurrera.

Pandemiaren eraginez ezarritako neurriak errespetatzeko eskatuko dizuegu, guztion osasunaren eta zaintzaren alde.

Urriaren 3an hasiko da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa