AMAraun, amatasunaz eta sareez

Iraitz Mateo-(r)en argazkia Iraitz Mateo 2023-01-23
Argazkiak: Iurre Aranburu, Egoitz Bengoetxea, Iraitz Mateo

AMAraun, amatasunaz eta sareez –

AMAraun, amatasunaz eta sareezAma izan ala ez izan. Kezka horren bueltan estreinatu zuten apirilean Oihana Iguaranek (Villabona-Amasa, 1991) eta Amaiur Luluagak (Ibarra, 1992) AMAraun ikuskizuna. Lehenagotik bazuten elkarren berri, Oihana dantzazalea eta Amaiur bertsozalea izaki, baina Lankuren proposamenaren harira elkartu ziren lehen aldiz. Ez zuten emanaldi bat egiteko zer behar zuten galdetzeko bilerarik egin behar izan, kafeko hizketaldian konturatu ziren bertan zegoela kontatu nahi zutena: alabatik amatasunez (eta ez-amatasunez) hausnartzea eta gorpuztea.

Bertsoa, dantza, musika, hitza, antzerkia, mugimendua… guztiak elkarreraginean ulertzen dituzte eta oholtzan biak ikusiko ditugun arren, ezinbesteko babesa eta laguntza izan da berentzat lantalde osoa: Eñaut Zubizarreta musikan, Junki Mayo argi diseinuan eta Jon Garagarza soinu diseinuan.

Emanaldiak berak elkarrizketa askotarako bide ematen duelakoan daude, beren inguruak eta publikoak hori aitortuta. Ezkutuko lokatza azalera ekarri eta ereduak ez-eredu bihurtzen dabiltza ordutik.

 

Zuentzat zer da AMAraun?

Oihana Iguaran: AMAraun opari bat izan da, nik hala bizi dut egia esan, proposamen, gonbidapen bezala iritsi zitzaigun proiektu bat. Eta oso prozesu potentea, niretzako behintzat pertsonalki, izugarrizko bidea izan da. Eta aukera bat, nire kasuan urrunduta nengoen dantza mundura berriz gerturatzeko.

Amaiur Luluaga: Sortu genuenetik denbora pixka bat pasa dela, egia da jartzen zarela atzera begira eta esaten duzu —sortu dugunak guregan eragin duen guztiagatik, mugitu duen guztiagatik bakarrik merezi izan du.

 

Ez da dantza emanaldi bat, ez da bertso saio bat, ez da antzerki bat… baina guztietatik du, zer da AMAraun?

O.I: Emanaldi ezberdinen formatua ikusten hasi ginen, Errimak Oinetan eta Errimak bi oinetan denaren estiloa ez genuen nahi, ez genuen nahi Amaiurren dantzari hitzak jartzea ere, eta momentu batean, hainbeste elkarrizketa geneukan, eta hainbeste gauza kontatzeko… eskatzen zigula joan-etorrian ibiltzea rol horiek. Eraiki eta deseraikitzea, momentu batean izatea gauza bat, gero beste bat… jolastu ahal izatea horrekin. Ditugun baliabide guztiak: bai gorputz adierazpen, bai hitzak, bai dena… elkarrizketan gertatzen da emanaldian. Amaiur gorputzarekin erantzuten ari zait une batzuetan, ni esaten ari naizena osatzen besteetan. Ez da nik esaten dudana exekutatzea, baizik eta erantzuten ari da. Elkarri aportatzen ari gara, elkarri eragiten ari gara denbora guztian diziplina ezberdinetatik. Eta hori niretzat berria izan da.

A.L: Nik sumatzen dut askotan biok bat garela, beste batzuetan Oihana da nire mamua, nire ilusioa… rolak eskatzen diguna, une oro eskatzen zigunaren arabera joan gara bertsoa, antzerkia edo hitza eta dantza uztartzen. Askotan ez da koreografia edo exekuzio bat hain zehatza, da gehiago mugimendua eta atmosfera bat sortzea. Eta atmosfera bat sortze horretan, elkarreraginean gaude.

O.I: Amaiurrek askotan aipatu izan du, dantzan eta ohituta gaudela gorputza potentziatzera indarretik, erakustaldi bat. Eta kasu honetan, nire ustez izugarrizko potentzia erakustaldia dago, baina zaurgarritasunetik, intimitatetik, postura batzuk zuk sekula oholtzan hartuko ez zenituzkeenak…

A.L: Niretzat biluztea izan da, inoiz aurretik egin ez dudan zerbait izan da. Ohituta egon naiz beti koreografiak exekutatzera, oso indartsu, oso modu militarrean, eta orain izan da dena jartzea eszenatokian oso modu intimo batean, barruko arropatan jartzea eszenatoki batean. Sekula ez nuen pentsatuko egingo nukeenik, eta orain gaiak horrela eramanda, oso modu naturalean egin dut. Erditze bat irudikatzea suposatzen du momentu batean, eta ez nuen sekula pentsatuko iritsiko nintzenik hori egitera. Erditzea irudikatzea, adibidez, ez da dantza, mugimendua da. Nik orain arte dantzarekin neukan ikuspegia ere ez da, eta hor gaude. Niretzat bai suposatu du orain arte egin dudanetik haustura bat.

 

Zaila izan da sorkuntza prozesuari amaiera ematea?

O.I: Bertsotan ari zarenean zirriborroa egiten duzu. Ahalik eta zirriborro onena, baina bat-batean ari zara, egiten duzu eta botatzen duzu. Gero kotxean, bueltan hobetuko duzu, baina botatakoa han geratu da. Kezka handia sortzen zidan emanaldiak, ea behin eta berriz kantatzeko bezain onak izango ziren bertsoak. Aldi berean, atera bezala jarritako bertsoak dira batzuk, beste asko emanaldirako sortuak dira. Baina behin idatzita uzterakoan, inprobisatuak ez direnean, esaten duzu —behin eta berriz kantatzeko bezain ona da?

A.L: Gero zu zerorri nola zauden ere ezberdina da. Nik batzuetan pentsatzen dut —hau ze kaka da?—, eta guztia aldatuko nuke, baina gero ikusten duzu emankizunean funtzionatzen duela, ongi dagoela. Inkonformismo horrek ere bizirik mantentzen gaitu.

 

AMAraun, amatasunaz eta sareez

 

Publikoan ere izango du eragina gaiak berak, formak…

O.I: Puntu batzuetan ditugu oinarri batzuk, badakigu zer ari garen kontatzen eta, gero, egoeraren arabera egokitzen dugu. Batzuetan publikoan zer ikusi dugun, zer sumatzen den…

A.L: Bai, zer atmosfera dagoen, gehiago sartzen gara publikoarekin edo gutxiago.

O.I: Momentu batean interpelatzen dugu publikoa, eta parte hartzea eskatzen diogu. Hor adibidez biok inprobisatzen dugu. Paretaren kontra jartzen dugu momentu batean publikoa, epai gogor batzuetan esku hartzea eskatzen dugu.

A.L: Eta horrek, modu askotako erreakzioak dauzka, eta benetan da momentu oso potentea. Sortzen duelako deserosotasuna, eta hori bilatzen dugu. Gero, badugu beste elkarrizketaren bat badakiguna nora iritsi nahi dugun, baina ez dakigu nondik iritsiko garen. Gure artean ere oso ongi ulertzen gara eta horrek asko errazten du.

O.I: Asko astintzen eta mugitzen gaituzten gauzak dira, niri behintzat kantatzen ditudan gauza askok asko mugitzen didate. Orduan paperean sartzen naiz, baina gero daude momentu asko barne borrokan nabilenak negargura jartzen zaidalako, eta beste momentu batzuetan barregura, eta hori ere egiten duzu.

Umore kode jakin bat da, eta berehala ikusten duzu nork harrapatzen dizun eta nork ez duen harrapatzen. Eta horrek ere asko erakusten du. Momentu batzuetan gure buruari ere barre egiten diogu, nola zabiltzan arrastaka ume txiki batekin, eta zure buruari oholtzan bost minutu ematea barre egiteko, hori ona da.

A.L: Segituan ikusten duzu nork ikusten duen bere burua errepresentatuta eta nork ez.

O.I: Eta beste batzuek ez dute sentituko, berdin du, publikoaren zati handi bat sentituko da errepresentatuta eta orain arte ez du halakorik izan. Eta gure erabakia izan da horri ere garrantzia ematea, eta denbora ematea.

 

Amatasunaz hitz egiteaz gain, emankizunean amatasuna gorpuzteko erronka jarri diezue zuen buru-gorputzei.

O.I: Amatasunari begiratzeko moduak ere denongan eragin desberdina du, eta bakoitzak bere modua du. Baina badaude faktore batzuk esperientzia gehienak gurutzatzen dituztenak, eta gure kasuan partekatzen genuen zerbait zen oholtza. Gure lanbidea oholtzan eta publikoki gauzatzen da, eta hor bereziki eragiten du. Batez ere Amaiurren kasuan, gorputza sartzen delako. Eta sortzen zitzaigun aukera gorputzaz hitz egiteko. Eta hitz egiteko amatasunak eta beste prozesu batzuek nola eragiten duten gorputzean, eta gorputza oholtzan jartzen duzun momentuan ere beste zer faktore gurutzatzen diren hor. Eta hori niri bertsolari bezala ere asko interesatzen zitzaidan. Aspaldi ari gara horretaz hitz egiten, eta uste dut badela egoera bat zeina nabarmena eta saihestezina den. Eta hor non gorputza bizi-bizi daukazun oholtzan, eta gorputzak lehentasuna hartzen duen, eta hori  potentea izan da, eta hori lantzeko aukera ere bai.

A.L: Hortik abiatu gara azkenean. Emanaldia hortik abiatzen da, gorputzetik. Eta hori dela-eta, egia da emanaldi guztia abiatzen dela amatasun biologiko batetik, gorputzetik abiatzen garelako. Eta horrek mugatu gaitu amatasun mota batera. Baina bai egin nahi genien lekua eta uste dugu, zenbait faktorek gurutzatzen dituztela beste amatasun mota guztiak, eta presentzia eman nahi genien. Kontua da ordubeteko emanaldi bat izanda, pixka  bat geratu zaigun arantzatxoa hori izan da: mugatuta geratu garela, eta amatasunaren zati bati eman ahal izan diogula patxada, eta arakatu ahal izan dugula, baina  beste asko, ia denak, geratu zaizkigula esploratzeko.

O.I: Dantzari bezala eroso nago hori gorpuzten. Baina kontziente naizenez bertsolari bezala nagoela emanaldi honetan, bertsolari bezala hori egiteak, jendeak nire iruditik daukanarekin ufff! Bertsolari bezala kokatzen nau jendearen aurrean, lotsa handia ematen dit.

Baina oso polita ere bada. Momentu batean erditzeoste bat irudikatzen ari gara. Gorputzaren trantsizio ezberdinak irudikatzen ari gara, nik bizi izan ditudanak oholtzan, nahiz fisikoki ez naizen dantzara atera. Eta aldi berean erditzeoste batetik ari naiz emanaldi guztia egiten. Nire gorputza fisikoki erditzeostean kokatuta dago, oraindik errekuperazioan ari nintzela hasi ginen. Irudikatzen dugun hori, ni benetan gorpuzten ari naiz, ni erditu osteko gorputz batetik. Muskulatura galdu duen sabelalde batetik ari naiz hor oholtzan eta hori ere ederra da.

 

Izan ala ez izan. Eta nolakoa izan edo ez izan, horiek dira amatasunari egiten dizkiozuen hainbat galdera.

A.L: Emanaldian amatasun ikuspegi idealizatu batekin hasten gara, eta gero egiten dugu berrikusketa bat, edo bueno, dagoena erakutsi, lokatza. Gizartean dagoen trataera amatasunarekiko, oso gordina da.

O.I: Amatasunaren ikuspegi sakrifikatu, puru, onbera hori berrirakurtzen dugu. Bertsotan eta musikaren bidez ere hori egiten dugu. Hartu ditugun doinu askok erreferentzia egiten diote amatasunari, baina gizonek amez eman duten ikuspegia da. Eta hori ere aitzaki polita izan da guretik ere doinu horiek hartu eta buelta bat emateko. Zentzu horretan ere euskal kulturaren edo tradizioaren iruditegian sortu den irudia Ama Birjinarena delako.

Zorionez, milaka emakume daude gauzak diren bezala kontatzen, eta nik ere ardura hori sentitzen nuen. Bizitzan mila esperientzia daude, eta feminismoak ongi erakutsi diguna da zuk sentitzen duzun zerbait zure akatsa dela edo gaizki egiten ari zarela, arazo kolektibo eta egiturazkoa dela konturatzea. Eta jende askok egin du lan hori gure inguruan ere.

Hitz egiteko espazioak behar dira, ez da batere hitz egiten. Adibidez, erditzeostea izugarrizko basamortua da. Ematen du erditu eta hor amaitzen dela guztia, baina ez. Eta basamortu hori ere zeharkatu egin behar da. Depresioaz ere ez da hitz egiten, izugarrizko portzentaje altua da, eta horren inguruan inork ez du hitz egiten, edo horren prebentzioaz; gerta daitekeela eta ohikoa dela jakiteak bakarrik kentzen dizun ardura izugarria da. Putzu horietan sartu nahi genuen.

 

AMAraun, amatasunaz eta sareez

 

Oholtza eta amatasuna uztartu al daitezke?

O.I: Nik eskertu behar dut euskal kulturan oholtza eta amatasuna uztartu izan dituzten emakumeek izan duten ausardia, kontatzeko dituen argi eta ilunak. Batzuetan publikoki, eta beste batzuk zuzenean zuri kontatuta, baina asko eskertzen den gauza bat da. Nik buruan banituen Estitxu Arozena, Oihane Perea izan zirela guraso eta gero oholtzan kantatu, baina agian beren esperientziak ez nituen horrenbeste ezagutzen, Erika Lagoma, Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi… horiek ere gauzatu zuten. Baina orduan nola ikusten nuen eta orain nola ulertzen dudan ezberdina da. Hor ere badago genealogia bat ezagutzen ez duguna, eta eskertu beharra dago jende horrek izan duen borondatea kontatzeko, eta elkar laguntzeko dagoen sarea. Talde bat osatzen da azkenean, eta talde horretan ama izatea erabaki ez dutenak ere badaude.

Mundu eta gizarte egituraketa hau kontrakoa da amatasunarekiko eta zaintzarekiko oro har, eta oholtzan emakume bezala lurra kolokan baldin badaukagu, ama eta zaintzak eskatzen duen gorpuzkera eta denbora eta sakrifiziotik, izugarria da.

A.L: Dantzatik, orain arte uste nuen ama izatearekin amaituko zela nire oholtza gaineko jarduna. Eta gaur da eguna esan dezakedana geldialdi bat izan daitekeela, baina sare on bat eraikitzeko gai banaiz eta laguntzarekin, jarraituko nukeela, hori baldin bada momentu horretako erabakia. Ez dakit zer den erditzeoste bateko errehabilitazioa, ez dakit nire gorputzak nola erreakzionatuko duen… Zalantza askorekin, baina emanaldi honi esker jada ez dut ikusten bukaera bat bezala amatasuna. Are gehiago, ikusten dut oholtzan jarraitzea izan daitekeela nire buruan eta naizenean berresteko modu bat.

O.I: AMAraunen askotan sortu zaigun galdera izan da: “Eta emanaldi hau norentzat da? Amentzat? Emakumeentzat?”. Eta sare hori osatzen duten guztientzat da. Orain ere jaiotza tasak behera egin duela eta abar ari dira hizketan. Baina zer suposatzen du horrek? Nork zainduko ditu haur horiek? Nork heziko ditu? Nor arduratuko da horietaz? Gizarte bezala erantzuteke dugun galdera bat, eta hartzeke dugun ardura bat da. Horretaz hitz egin nahi dugu guk: sareaz, sokez eta korapiloez. Soka horiek askotan tenkatu egiten gaituzte eta sare horiek eraikitzea guztion ardura da. Ezin bada sostengatu ezin da.

A.L: Eta hori ez da gure ardura, guztiona da. Lan pertsonaletik asko du, baina kolektiboki lan handia dugu egiteko. Sentitzen dugun pisu hori nondik datorren ere begiratu behar dugu.

 

Apirilean estreinatu zenuten, egin dituzue emanaldi batzuk jada. Zein da orain arte jasotako erantzuna?

A.L: Inoiz gertatu ez zaidan zerbait gertatu zait, eta kuriosoa iruditu zait, jendea zorionak ematera etorri beharrean eskerrak ematera etortzen da. Eskerrik asko esatera etortzen dira, eta hori ederra da.

O.I: Elkarrizketa asko mugitzen dira, jendeak kontatzen dizkigu kontu asko. Gertuko jendearekin inoiz izan gabeko elkarrizketak izaten ari gara emanaldi honen harira; eta ez hain gertuko jendearekin ere inoiz hitz egin gabeko gai bat izan da; bertso munduan ere elkarrizketa horiek ireki dizkit. Gaia ere presenteagoa da, kide gehiago daude haurrak izaten, edo haurdun eta oholtzan, eta hitz egiten hastean konturatzen zara zenbateraino dagoen presente, eta zenbateraino ukatu zaion espazioa eta ez dugun hitz egin horretaz.

A.L: Nik uste dut emanaldiarekin jende askok sentitu duela babesa. Norberak barruan dituen kezka edo ardura horiek ez dituela berak bakarrik konturatzeko balio izan duela. Niri gertatu zait lagun askorekin hitz egitea orain ama izan nahi edo ez horren inguruan. Eta emanaldiarekin atera da gaia gure artean, inoiz hitz egin ez bagenuen ere emanaldia ikusi eta sentiarazi diegulako, batzuei behintzat, espazio seguru bat dela, ulertzen garela elkar.

O.I: Orain arte ez zegoela sentitzeak pena sortzen du. Eta aldi berean sentitzen duzu zeinen ederra den, guk gure ekarpen txiki eta mugatu horrekin jende askori bide ematea. Jende askori ere bide eman dio bere gurasoekin, eta batez ere amarekin hitz egiteko. Nik pertsonalki emanaldi honen prozesuan zehar alaba bezala ere asko bizi izan dut. Amarekiko hausnarketa prozesua ere sakona izan da, eta jende bati bide hori ere irekitzen zaio. Amatasuna alabatik ere egin dugulako.

 

AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez AMAraun, amatasunaz eta sareez