Beñat Gaztelumendi: “Bertsolaritzarentzat arrotzak ziren guneetako ikuspegiak txertatu dira plazan”

Beñat Gaztelumendi –

Testua: Ainhoa Agirreazaldegi

Argazkiak: Conny Beyreuther

 

Añorga (Gipuzkoa), 1987.

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua (EHU). Kazetaria eta bertsolaria.

Umetan hasi zen bertsotan, eta hainbat bertso eskolatako partaide izan da (Igeldo, Hernani, Santutxu eta Añorgakoan, besteak beste). Birritan izan zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan txapeldunorde (2007an eta 2011n) eta txapela jantzi zuen 2015ean. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izan zen 2013an eta 2017an.

Kazetari gisa hainbat lan egin ditu, eta www.bertsoa.eus proiektuan aritu da lanean hainbat urtez.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza taldeko kidea 2008tik, eta Ikerkuntza saileko arduraduna da gaur egun. EHBEko lehendakaritza taldeko kidea da 2018tik.

 

 

 

Beñat Gaztelumendi-Berriro jo du Bertsozale Elkarteak EHUko lan taldearengana. Horrek esan nahi du aurreko azterketa soziologikoa emankorra eta baliagarria izan zaiola Elkarteari? Zein izan da aurreko Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoaren erabilgarritasuna?

            Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa jada sistematizatua daukagun azterketa bat da: 1991-1993 bitartean egin zen lehendabizikoa, 2005-2007 artean bigarrena eta 2015-2018 artean egindako hau da hirugarrena. Hiru azterketak mamitsuak izan dira, eta azterketa bakoitza bere horretan interesgarria izan arren, elkarrekiko konparazioak ere indarra ematen die, bertsozaletasunaren eboluzioak eta joerak erakusteko balio baitute.

            Bertsozale Elkartea gizarteari lotua dago, gure proiektuak eragin egin nahi du, eta eragin hori neurtzeko ezinbesteko tresnak dira Azterketa Soziologikoak. Gainera, urte hauetan guztietan bertsolaritza aztertzen aritu den soziologo taldeak ezagutza handia dauka bertsolaritzaz, intuizio handia, eta horrek ere lagundu du eurekin lan egiterakoan.

-Azterketa diseinatzea eta azterketa bera egitea izan ziren lehen bi faseak. Bi urteko prozesua…

            Diseinuak sekulako garrantzia dauka halako lan batean. Askotan, erantzunak ematea baino zailagoa izaten da galderak pentsatzea. Bertsozale Elkarteak 2005ean  zeuzkan galderak eta orain dauzkanak ez dira berberak, Elkartea aldatu egin delako, bertsolaritza eta bertsogintza aldatu diren hein berean. Alde batetik, azken urteotako joera berriak neurtu nahi genituen: Internetek bertsolaritzaren zabalkundean duen pisua adibidez, edo egiten dugun lanak hezkuntza arautuan dauzkan ondorioak. Eta, bestetik, garrantzitsua zen aurreko azterketetako galdera batzuk errepikatzea ere, erantzunak konparatu ahal izateko.

            Behin azterketa diseinatutakoan hiru fasetan egin da azterketa. Lehendabiziko fasean bertsolaritzaren inguruko 30 bat kideri elkarrizketa kualitatiboak egin zitzaizkien, bi ordu bueltakoak. Hortik erantzun batzuk jaso ditugu. Eta ikertzaileak horiek txukuntzen aritu dira.

            Ondoren, 2017ko udaberrian, plazako inkestak egin ziren.

            Azkenik, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren inguruan ere inkestak egin ziren. Lan luzea izan da, baina bertsolaritzaren inguruko hainbat geruzatara iristea lortu dugu, erantzunak ere ahalik eta osoenak izan daitezen.

-Behin azterketa amaituta, Bertsozale Elkartearen hurrengo 12 urteetarako plan estrategikoa osatuko da. Horretarako gogoeta fase batean sartuta zaudete. Lehendabizi bertsozaleei emaitzak aurkeztu zenizkieten herrialdez herrialde; ondoren hausnartzekoak izan daitezkeen gaiak atera, multzokatu eta horien gaineko iritziak biltzeko tailerrak egin zenituzten Baionan; prozesu parte hartzaile hau amaitzeko, azaroaren 10-11ko gogoetaldia izango da.

            Prozesu luze bezain ederra ari da izaten. Zuzendaritza Batzordekide gisa prozesu hau bizi ahal izatea luxu handia da. 2006an egin zen Bertsozale Elkartearen azkeneko gogoeta estrategikoa, eta orduko hartan, sailez sail, 12 urteko epe baterako helburu estrategikoak markatu ziren. Epe hori 2018an bete dugu, helburu gehienak beteta eta Bertsozale Elkartearen proiektua ikaragarri zabalduta, bai egitasmoz eta baita ekipoz ere. Orduan ez geneuzkan tresna asko dauzkagu gaur egun. Horietako bat, adibidez, Mintzola Ahozko Lantegia da, besteak beste, bertsolaritzaren ikerkuntza bultzatzea helburu duen erakundea. Mintzolaren bitartez gauzatu dugu, adibidez, hizpide dugun Bertsolaritzaren Azterketa Soziologikoa.

            Behin 2006-2018 epea beteta, aurrera begira jartzeko garaia da, eta horregatik abiatu dugu Gogoeta Prozesua aurten. Berriz ere ekipoa trinkotu nahi dugu, ikuspegi berriak proiektuan txertatu, hemendik 10-12 urtera Bertsozale Elkartean lidergoa edukiko duten belaunaldi berriak garai horretarako helburuak gurekin diseinatzen jarri… Funtzio asko dauzka Gogoetak, horregatik antolatu dugu hainbeste hilabete hartu dituen prozesua.

            2018ko ekainean jarri genuen lehenengo fasea martxan, helburu batekin: zertaz gogoetatu nahi genuen erabakitzea. Galderak egitea, alegia. Horretarako beharrezkoa zen non gauden jakitea, egoeraren diagnostiko xehe bat egitea. Hori lortzeko dauzkagun tresna guztiak aprobetxatu nahi izan genituen eta, noski, Azterketa Soziologikoa tresna bikaina zen horretarako. Azterketan ageri diren gaien hustuketa bat egiteaz gain, herrialdez herrialde aurkezpenak egin zituen Harkaitz Zubirik, ekarpenak jasotzeko. Horrez gain, Bertsozale Elkarteko sailetatik ere ekarpenak jaso genituen, landu nahi zituzten gogoeta-gaien inguruan. Jasotako gai proposamen guztiak bildu eta bertsolaritzan ari diren eragile, bertsozale eta sortzaileei bidali genizkien, gaietan lehentasunak markatu eta ekarpenak egin zitzaten. Horrela osatu genuen gogoetarako gaitegia.

            Irailaren 22an, bigarren faseko tailerrak egin genituen, Baionan. Gaika sailkatu genituen edukiak eta sei tailer egin genituen guztira: “Non eta nola geroratu bertsolaritza?”, “Zer eta zertarako ikertu?”, “Norantz doaz plaza eta bertsogintza?”, “Genero berdintasuna: zertan eta nola eragin?”, “Nola hedatuko dugu bertsolaritza gaur egungo kontestuan?” eta “Zer eta nola komunikatu behar dugu esfera publikoan?”. Denera 100 lagun inguru elkartu ginen, ekainean zehazturiko gaitegia edukiz bete eta adostasun eta tentsioak non zeuden identifikatzeko.

            Hirugarren fasea azaroaren 10ean eta 11n egingo dugu, Barrian. Hirugarren fase honetan iraileko tailerretatik ateratako edukiak lehentasunen arabera antolatu eta adostasunetara heltzen saiatuko gara, datozen 10-12 urterako helburuak zein izango diren zehazteko.

            Dena den, 2018a gogoeta urtetzat hartu baldin badugu ere, gogoeta etengabea da Bertsozale Elkartean: etengabe aritzen gara gure egitura eta funtzionatzeko moduak dauzkagun helburuetara doitzen, eta azaroan helburuak markatu ondoren ere horretan jarraitu beharko dugu eguneroko lanean.

-Ustekaberik jaso duzue azterketako emaitzekin? Izan da bereziki poztu edo/eta kezkatu zaituzten ezer?

            Ustekabeak baino gehiago geneuzkan susmoak berretsi dizkigu Azterketa Soziologikoak. Puntu asko aipa daitezke bertan, baina hiru aipatuko nituzke nik. Alde batetik, mugimendu gisa, Azterketak ateratzen duen ondorio nagusia da bertsolaritzak aurrera egin duela, gizarte mugimendu gisa egituratzen eta funtzionatzen asmatu zuelako. 1980ko hamarkadan, transmisio naturala ia etenda egotetik eta hiri-eremuetatik kanpoko fenomeno bat izatetik bere testuingurua aldatu eta aurrera begiratzeko proiektu sendo bat edukitzera igaro da bertsolaritza, bere burua antolatzen asmatu duelako.

            Bertsogintzari dagokionez, Azterketa Soziologikoak dio bigarren “boom” baten aurrean gaudela. 1990eko hamarkadan izugarri hazi zen bertsolaritza jendez: jaialdi erraldoi ugari egin ziren. Gaur egungo gorakada ez dago hainbeste jaialdi erraldoiei lotua: entzuleria, bertsogintzako ereduak eta saioak dibertsifikatu egin dira, eta horrek esan nahi du leku gehiagotara iristen asmatu duela bertsogintzak.

            Ondorio negatiboak ere atera ditugu, ordea. Bertsolari Txapelketa Nagusian askotan aipatu zen emakumeen parte hartzearen gaia, finalean bereziki. Azterketak erakutsi duena da parekidetasunera heltzeko izugarri falta zaigula plazan ere. Bertso eskoletan, gaztetxotan mutil adina neska aritu arren, 16-18 urtera heltzean, arrakala izugarria da, eta nesken kopurua ia lautik batera murrizten da. Plazan ere, batez beste, saioetan, lau bertsolaritik bat izaten da emakumezkoa, eta kopuru hori ia ez da aldatu ere egin azkeneko 15 urteotan. Kezkarako motiboa da hori.

 

IKERKETAK EMANDAKO HAINBAT DATUREN AZTERKETA

-Bertsolaritzaren habitat berria hiriburuak eta horien inguruko eskualdeak dira. Nork esango zuen duela zenbait urte hala izango zenik?

            Oraindik landa eremuan bertsolaritzak estimazio handia badu ere, egia da aldaketa nabarmena izan dela. Azterketak berak aipatzen du orain dela 40-30 urte bertsolaritza desagertzeko edo minoritario bilakatzeko bidean zen kultur adierazpen bat zela, landa guneari lotua, transmisio naturalaren bidez geroratzen zena… Gizartea hiritartzen ari zen, eta bertsolaritzak murrizten ari zen mundu bati itsatsia geratuko zela zirudien. Baina bertso eskolak agertu zirenean dena aldatu zen. 40 urte igaro dira, eta oraindik ere bertso eskolak dira mugimendu bezala sortu dugun tresnarik eraginkorrena.

            Bertso eskolak ez dira teknika bat erakusteko leku bat soilik, ez dira bertsotan ikasteko gune hutsak. Bertso eskolak sozializazio gune ezinbestekoak dira bertsozaleentzat: bertso eskolak dira bertsoa bizipen bezala gozatzen dutenek elkar ezagutzeko guneak eta, aldi berean, baita norbere bizipenak bertsotara eramateko guneak ere. Bertso eskolak herriz herri eragiteko tresnak dira, bertsolaritza herriko dinamikan txertatzeko oinarria. Eta dinamika horretatik etorri dira bertsogintzara artikulazio berriak ere: dinamika horretatik iritsi zen Azterketa Soziologikoan aipatzen den “Rockaren belaunaldi” hori bertsogintzara, eta hortik iritsi zen bertsoa garai batean hain urrun zegoen entzuleria batera. Eta etorkizunean ere, bertso eskolak ezinbesteko tresnak izango dira bertsolaritza bestelako mugimendu eta mundu-ikuspegiekin uztartzeko.

-Bertsolari kopurua hirukoiztu egin da azken hogeita bost urtean. Horrek zertan aldatu du bertsolaritza?

            Ez dakit bertsolari kopurua hazteak aldatu duen bertsolaritza edo bertsolaritza aldatu izanak handitu duen bertsolari kopurua. Bertsolaritza gune gehiagotara iritsi izanak bertso eskoletarako sarbidea erraztu du, eta bertsolari izatearen definizioa ere aldatzen ari da urteotan. Xabier Amurizak aipatzen zuen garai batean hiru muga jartzen zitzaizkiola bertsolariari: bertsolaria ezin zen egin, jaiotzetik izan behar zuen bertsolari; ez zen emakume bertsolaririk izango eta sehaskan euskara jaso gabeko haurrik ez zen bertsolari izango. Pentsa nola aldatu diren gauzak: gaur egun plazan ari diren bertsolariak bertso eskoletatik igarotakoak dira, neska ugari ari dira plazan ikaragarrizko mailan, eta guraso erdaldunak dauzkaten bertsolariak asko dira. Mundu honetarako sarbidea asko erraztu da, eta hazkundea, beharbada, hortik etorri da. Eta horri esker, bertsolaritzarentzat arrotzak ziren guneetako ikuspegiak txertatu dira plazan, eta ikuspegi horiek txertatu izanak oraindik gehiago errazten du bertsolaritzarako sarbidea. Uste dut bi fenomenoek elikatzen dutela elkar.

-90eko hamarkadaren amaieran Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren booma arriskutsutzat jo eta hanpatze hori gelditzeko esku hartu zuen. Azken hamarkadan berriz gora egin du bertsozaletasunak, baina ez dira orduko ezaugarri berberak.

            Azterketatik atera daitekeen ondorio nagusietako bat horixe da. 1990eko hamarkadan aparraldiaz hitz egiten zen, boomaz, eta bazirudien burbuila hura lehertu egingo zela. Lehertu aurretik aparra jaistea erabaki zen orduan. 20 urte igaro ondoren garai hari begiratu eta irakurketa orokorrak egitea beti da arriskutsua, salbuespenak ere izango zirelako, baina badirudi jaialdi erraldoien garaia zela, eta jendearen eman horretan garai hartan halako oihartzuna zeukan telebista programa bat edukitzeak sekulako pisua zeukala.

            Bigarren goraldi honetan saio kopurua izugarri hazi da, baina saio bakoitzeko entzule kopurua ez da 90eko hamarkada amaierako kopuruekin konparagarria. Orduan baino jarraitzaile gehiago dauzka bertsolaritzak, baina bertso saio kopurua da hazi dena, ez saio bakoitzeko entzuleria. Gaur egungo kultura joerekin bat dator hori: gero eta eskaintza pertsonalizatuagoetara ohituta gaude, eta bertso saioak ere egokitu egin dira horra. Gune bakoitza ari da bere gustuak garatzen, eta hori osasungarria dela iruditzen zait. Azterketak aipatzen du gaur egungo bertsozalea ez dela 90eko hamarkadako bertsozalearen profil berekoa: bertsozalea da, baina ez bertsozalea bakarrik. Diziplina askotatik jasotzen du kultura.

-Bertsolaritzaren gizarte mugimenduak, bere burua berriro asmatu ezean, hiltzeko arriskua duela iradokitzen du azterketak. Mugimendua birpentsatzeko beharra ikusten duzue?

            Jakina. Baina birpentsatze hori etengabea delakoan nago: bertso eskolak sortu zirenean birpentsatu zen mugimendua, telebistara jauzia eman zenean ere bai, aparraldia murriztea erabaki zenean ere bai… Azterketak ondorio baikor asko ateratzen ditu, baina badaude autokritikarako osagaiak ere, bai esfera publikoarekin dugun harremanari dagokionez eta baita genero arrakalari dagokionez ere. Bigarren hori bereziki kezkagarria da. Azterketak berak esaten du parekidetasuneranzko urratsak egin behar ditugula, ez bakarrik bidezkoa delako, ematen ez baditugu bertsolaritzaren gizarte mugimenduaren bideragarritasuna bera kolokan egon daitekeelako baizik.

            Azterketak datuz agertzen du diskriminazioa badagoela, eta zein den bere neurria. Eta, aldi berean, datu kualitatiboagoak ere agertzen dizkigu. Agertzen digu, esate baterako, emakume entzuleen gustua aldatzen ari dela, gizonenak bere horretan jarraitzen duen bitartean. Gustuen eboluzio hori, neurri batean, emakume bertsolariak egiten ari diren lanari lotua dago. Gaur egun, sekula baino emakume bertsolari gehiago dauzkagu punta-puntan: Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Iguaran, Oihana Bartra, Miren Artetxe… Izen asko aipa nitzake. Lehen ikusten ez genituen gorputzak daude oholtzan, lehen entzuten ez genituen ikuspegi eta kokapenetatik kantatzen. Alde batetik, horrek eragin egin du gustuen eboluzioan. Baina banaka bakarrik ez, kolektibotasunetik ere etorri da aldaketa: “Ez da kasualitatea” saio musikatuak, Ahalduntze bertso eskola… Aldaketa handiak etorri dira kualitatiboki, eta entzule askorengana iritsi dira. Eta iritsi bakarrik ez: bertsozaleriaren zati handi baten sozializazio gune ere izan da ekosistema hori. Adibide ederra izan daiteke ekainean Iruñean egin zen Bertsolaritza Genero Ikuspegitik ikastaroa. Astinaldi bat izan zen ikastaroa bera, baina atzetik zetorren astinaldi zabalago baten isla besterik ez zen izan. Horrek guztiak leku bat behar du bertsolaritzan, ez egoteko soilik, eroso egoteko baizik. Hori lortzen ez badugu, bertsolaritzak, bere burua eraldatzeko aukera galtzeaz gain, zaleria handia galduko du, belaunaldi berri bat ere bai beharbada, eta orain hain osasuntsu ikusten dugun mugimendua ahul, gotortuta eta atzean geratuko litzateke.

-Aldi berean, Bertsozale Elkartearen barne antolaketa ere gogoeta-gai zentrala duzue, bai eta belaunaldi berriak erakartzea ere.

Etengabeko kezka da hori Bertsozale Elkartean. Ikaragarri zabaldu da proiektua urteotan, eta, ondorioz, baita Bertsozale Elkartea bera ere. 70 langile ari dira gaur egun elkarteetan lanean, egitura asko zabaldu da, erritmoa eta dimentsioa asko hazi dira… Baina, aldi berean, borondatezko langileen eta soldatapekoen arteko lankidetzan sinesten dugu. Gure zuzendaritzetan borondatezko kideak dira gehiengoa, haiek dira erabaki estrategikoak hartzen dituztenak… Beti ez da erraza izaten orekari eustea, ez eta bere lanordu libreak Bertsozale Elkarteari eskaintzen dizkionak proiektuaren ikuspegi osoa izatea ere. Baina hori da gure filosofia, hori da Bertsozale Elkartearen eta bertsolaritzaren mugimendu osoaren arteko lotura bermatzeko bidea. Eta horrek esan nahi du etengabe berrikusi behar dugula gure antolatzeko eta funtzionatzeko modua. Izaera oso ezberdineko jendea dabil Bertsozale Elkartean, oso leku ezberdinetatik iritsi dena. Ekipo hori zaindu beharra dago etengabe.

Bestalde, Bertsozale Elkartearen sorrerako helburua bertsolaritza geroratzea zen. Horrek esan nahi du proiektua bera belaunaldi berriei begira sortu zela. “Gazteak erakarri” esaten dugu askotan, belaunaldi berriak gonbidatze hutsa aski balitz bezala. Baina ez da nahikoa. Proiektu batean parte hartzera gonbidatzen dugunari proiektuaren sorkuntzan parte hartzen ere utzi behar zaio, diseinatzeko garaian ere zilegitasuna eta protagonismoa eman. Gazteak proiektura erakarri baino, proiektua bera gazteen mundu eta ikuspegietara eramatea. Ez da beti erraza izaten, baina belaunaldien artean lan egitea da Bertsozale Elkartean gabiltzanok izan dugun zorterik handienetako bat. Bertsolaritzaren mugimendua ez da Bertsozale Elkartea bakarrik, gazte asko ari dira buru-belarri bertso eskoletan, plazan, gaztetxeetan… Alde horretatik, transmisioa oso ondo bideratua dago, baina ederra litzateke gune horietako indar eta ikuspegiak Bertsozale Elkartean ere txertatzea.

-Urte askoan etxea eta lagunartea izan ziren bertsozaletasunaren transmisioaren gune nagusi. Gero bertso eskolak, hedabideak eta hezkuntza arautuko proiektuak etorri ziren. Baina gero eta jende gehiago da helduaroan bertsozaletzen dena.

            Azterketak berak aipatzen du bertsolaritzaren sozializazio guneak asko direla. Bertso eskolak dira nagusi, baina plaza bera ere sozializazio gune bat da, Bertsozale Elkarteko dinamika bera ere bai… Gune asko sortu ditugu bertsolaritzara sarbidea izateko, eta helduaroan ere asko dira zaletzen direnak, bai. Hipotesi bat baino gehiago egin daitezke horren inguruan. Nabarmena da “bertsolaria egin edo jaio” egiten ote denaren eztabaida gainditu zenetik ez dagoela adinik bertsotan ikasteko. Bertsoa garapen pertsonalerako tresna ederra da: gogoetak antolatzeko teknikak ematen ditu, lagunak egiteko balio du, herrian eragiteko aitzakia ematen du…

-Bertsolarien kanonari dagokionez, azterketak kanon artistiko bakarraren arriskua aipatzen du, eta polifoniaren alde egitea gomendatzen.

            Azkenaldian asko entzun dugun zerbait da ez dagoela bertsolaritza bakarra, bertsolaritzak daudela, pluralean. Alde batetik, bertsolari bakoitzak bere ahots propioa daukalako. Plaza bera ere dibertsifikatu egin dela esaten digu azterketak: gune asko daudela, eta gune bakoitzak daukala bere izaera, bere erreferentziak. Eta guneak dibertsifikatu diren bezala, gero eta bertsokera gehiago eta gero eta gorputz ezberdinagoak ateratzen dira oholtzara. Eta oraindik ere gehiago aterako dira. Hori osasungarria da, baina, horretarako, ekosistema hori babestu eta elikatu beharra dago.

            Kanon bakarrarena txapelketari lotuagoa dagoelakoan nago: baliteke bertsozaleak txapelketako une gorenean jasotzen duen hori eskatzea ondoren ere, eta une horrek daukan hedapenak eta oihartzunak kanon artistiko bat ikusgarriago egitea. Azterketak ez du zalantzan jartzen txapelketaren beharra. Baina bertsolaritzak baditu kanonak orekatzeko tresnak ere: txapelketatik kanpoko saioak, ikerketak, bertso eskoletan egiten den lana… Uste dut azken urteotan plazara proposamen oso ezberdinak iritsi eta ikusgarri egitea lortu dela, bai Elkartearen bidez eta baita bertsolariek egindako lanari esker ere. Baina beti jarri beharko dugu begia aniztasun horren zaintzan.

-Esfera publikoaren indarra ere agerian geratu da. Bertsozale Elkarteak ez du orain artean gehiegi parte hartu nahi izan, baina azterketan esaten da ez esku hartzea ere esku hartzeko modu bat dela. Buruko min bat baino gehiago sortuko dio horrek Bertsozale Elkarteari…

            Pertsonalki, uste dut Bertsozale Elkarteak parte hartu izan duela esfera publikoan, beste kontu bat da nola parte hartu izan duen. Bertsolari Txapelketa Nagusian, oholtza eta oholtzaren ingurua ahalik eta gehien soildu eta bertsoa erdigunean jartzearen aldeko apustua egin genuen; 2016an, Europa Bat-Batean topaketak antolatu genituen hizkuntza gutxituen gaia, transmisioaren gaia eta generoaren gaia erdigunean jarrita; hainbat elkarte eta erakunderekin ari gara lankidetzan… Hori izan da esfera publikoan parte hartzeko gure modua: egiten dugunaren (eta, nahi bada, egiten ez dugunaren) bidez komunikatzea gure diskurtsoa eta gizartean daukagun kokapena zein den.

            Bestalde, esfera publikoa plaza da, Bertsozale Elkarteko bilerak dira, bertso eskolak dira, sare sozialak dira… Azken urteotan asko aldatu da publikoa denaren eta ez denaren definizioa, zailagoa da nork bere burua hor kokatzea. Sare sozialetan bertsolari bat iraintzen badute zer egin, bertsokera edo gorputz bat gutxiesten denean zer egin… Kasuistika zabala da, eta eztabaida sakona izan daiteke. Eta ematen diogun erantzunak lagunduko digu esfera publikoaren definizio zabal horretan gure burua kokatu eta gure nortasuna eta jardun eremua zehazten.

-Duela urte batzuk amaitu zen telebistaren aroa. Bertsoa.eus proiektua aspaldi sortu zen, baina gizartea harago doa…

            Telebistaren aroa ez dakit bukatu zen, baina telebistaren zentraltasunaren aroa behintzat bai. Oraindik Hitzetik Hortzera erreferentziala da bertsozale batzuentzat, eta, hala den bitartean, denboraldiz denboraldi hobetzen jarraitu beharko dugu telebistari egiten diogun eskaintza. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusian Aulki Jokoa ere egin genuen, bagenekielako oraindik badagoela jende bat bertsoa telebistatik jasotzen duena.

            Interneten dena dago egiteko. 2006an sortu zen Bertsoa.com, eta ordutik hona asko garatu dugu bertsolaritza hedatzeko daukagun proiektua. Gaur egun hedapen ikuspegi oso baten parte dira bai Hitzetik Hortzera eta baita Bertsoa.eus ere, eta horrek aukera ematen digu estrategia orokor baten barruan proiektu bakoitzari helburu konkretu batzuk emateko. Pantailaren beste aldean dagoena ere ez baita profil bakarreko bertsozalea.

            Gero eta ohituago gaude Interneten eskaintza pertsonalizatua jasotzera. Bertsolaritzan, oraindik, Bertsoa.eusekin erantzuten diogu Interneten erronkari, baina gero eta ikuspegi zabalagoarekin begiratzen diogu. Hala ere, erabiltzaileari soilik ez, edukiari ere begiratu behar diogu. Plaza dibertsifikatu egin dela esan digu azterketak, bertsolari kopurua hazi egin dela, gustuak ere dibertsifikatzen ari direla… Gogoetan ere atera zaigu gai hori: plaza mota hainbeste ugaritu den honetan, zer, non, nola eta norentzat hedatu nahi dugun pentsatu beharko dugu. Bertsoa.eusek bertsozale askori ematen dio plazaren jarraipena egiteko aukera, baina agian asmatu beharko genuke bestelako plaza mota batzuk bestelako erabiltzaile mota bati eramateko bidea ere. Internet bera ere bai baita bertsolaritzan sozializatzeko gune. Dena den, denboraren perspektibatik begiratuta, harrigarria da bertsolaritzak hedapenean eman duen jauzia ere: telebista programa bakarrik izatetik hedapen estrategia oso bat edukitzera igaro gara. Batzuetan kosta egiten zaigu dauzkagun tresnen eta potentzialaren kontzientzia hartzea.

-Genero ezberdinkeria agerian uzten duten hainbat ebidentzia eman ditu azterketak. Eztabaidaezinak dira, baina eztabaidatzen jarraitzen dugu. Genero berdintasuna ardatz izango duen egitasmo global bat diseinatzeko beharra azpimarratzen du ikerketak…

            Hamarkada bat baino gehiago da jada Bertsozale Elkartean Genero Taldea sortu zenetik. Ordutik hona Bertsozale Elkarte barruko funtzionamendua asko aldatu da: egituraren barruan, erabakiguneetan, emakumeen presentzia asko hazi da, bileretan hitz egiteko modua, elkarren zaintza… Etxe barruan, kontzientzia lan handia egin zen bere garaian, eta, kontzientzia hartu ondoren, bestelako praktika batzuk gauzatu ditugu.

            Azterketak hori ez du zalantzan jartzen. Baina fokua plazan jarri du, eta, lehen aipatu bezala, genero ezberdinkeria begi bistakoa da: bertso eskoletan, 16 urtetik gorakoetan, lau ikasletik hiru mutilak dira; plaza bakoitzean, lau bertsolaritik hiru gizonezkoak dira… susmoak geneuzkan eta orain datuetan islatuta geratu da hori, eta abiapuntu bat ematen digu horrek, badakigu zehazki zein den oraingo egoera. Eta ez kuantitatiboki bakarrik: kualitatiboki ere Azterketak aipatzen du plazan bertsolariei jarritako roletan nolako bereizketa egiten den, adibidez. Horri nola buelta eman? Kontua ez da neurri puntual batzuk hartzea soilik: bertsolaritzak proiektu global bat dauka eta, generoak pertsona guztiok zeharkatzen gaituen gisa berean proiektu guztiak ere zeharkatzen dituenez, zehar-lerro gisa planteatu behar dugu: neurri eraginkorrak hartu behar ditugu eta ondo pentsatu zer transmititzen, hedatzen, sustatzen, ikertzen eta komunikatzen dugun. Osotasun hori kontuan hartu ezean, hartzen ditugun neurriak ez dira eraginkorrak izango.

-Bertsolarien lan baldintza prekarioak duintzeko lan prozesurik abiatuko duzue?

            Azken urteotan sekulako jauzia eman du Bertsozale Elkarteak bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko 2003. urtean sortutako Lanku Kultur Zerbitzuak enpresak. Bertsolariek, orain, aholkularitza zerbitzua jasotzen dute, kontratuak zaintzen dizkien erakunde bat daukate… Hor pausoak eman dira urteotan. Garai batean, bertsolaria bakarrik joaten zen plazara, berak kudeatu behar izaten zituen kontratu eta bestelakoak. Orain, hor dauka Lanku. Babes bat da hori. Baina oraindik ere bertsolariak prekario izaten jarraitzen du, Euskal Herrian sortzaile gehienak diren gisa berean.

            Hiru eremuk zeharkatzen dute bertsolarien egoera: kulturgileek orokorrean jasaten duten prekarietateak; euskal kulturgileek, behar besteko babesik ez duen hizkuntza batean ari diren neurrian, jasaten dutenak eta bertsolariek, Gizarte Segurantzak eta ogasunak arte bezala ere sailkatu ez duten diziplina batean ari diren sortzaileek, jasaten dutenak. Euskal artistak lan handia egiten ari dira azken hilabete eta urteotan gai honen inguruan, eta guk ere hor egon behar dugu, lehendabizi gure izaera eta gure garrantzia aitortu daitezen, eta izaera eta garrantzi horren neurriko ordaina eta babesa jaso ditzagun. 

-Jende asko biltzen du mugimenduak, bertsolaritzan kokatuta dauden lekuaren arabera, lehentasunen gaineko iritzi ezberdina izan dezaketenak. Nola lortzen da denen arteko kontsentsua horrelako gogoeta prozesu batean?

            Helburua ez da denok iritzi bera izatea: bertsolaritza oso mugimendu zabala eta anitza da, lehen aipatu bezala gune askotara iristen dena. Bertsozale Elkartearen helburua ez da gune horietako bakoitzetik ari direnak konbentzitzea, alderantziz baizik: gure proiektuan hain ezberdinak diren gune horietako ikuspegiak txertatzea nahi dugu. Gogoeta prozesu honen helburua ez da denok denean ados jartzea. Helburu estrategikoak markatzera goaz, hemendik 10-12 urterako norabideak. Hortik aurrera, gune horietako bakoitzaren esku egongo da norabide horri nola, zer erritmorekin eta zer ekiporekin jarraitu erabakitzea. Herrialdeetako Bertsozale Elkarteak autonomoak dira, denok proiektu baten parte garen arren. Autonomiaren eta batasunaren arteko tentsioa ez da beti erraz kudeatzen, baina horretan asmatzea klabea da proiektua benetan denona izan dadin.

Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi
Beñat Gaztelumendi