Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus

Jokin Bergara-(r)en argazkia Jokin Bergara 2019-05-20
Argazkiak: Andoni Lubaki

Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus –

“Kantatzea bera oso gustuko dut eta izan dut beti. Ez dago momenturik, bakarrik nagoenetan, buruan kanturen bat bueltaka ez dabilkidanik”

 

Azken boladan, irratian Gaztean eta telebistan Gure Kasa saioan, ekarpen musikatuak egiten ikusi dugu Maddalen Arzallus (Hendaia, Lapurdi, 1990). Izan modako melodiei letrak jarriz edo euskal kantagintza klasikoagoko bertsioak eginez, hitza eta musikaren arteko uztarketa eguneroko langintza du Maddalenek. Nazioarteko inprobisatzaileen biraren erdian tartetxo bat egin digu. Goizeko kafearen bueltan, kantagintzaz, gazteez, edo bertsolaritzak har ditzakeen forma berriez aritu gara.

 

Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus

 


 

Zein da kantagintzarekin duzun harremana?

Ni hendaiarra izanik, Iparralde osoan dagoen kantatzeko joera horrek eragin nabarmena izan zuen nigan. Hendaian bi familia mota daude; batzuek Hegoaldera asko jotzen dute eta beste batzuek Iparraldean egiten dute bizitza. Gure familia, agian, bigarren multzo horretakoa izan da, nahiz eta Hegoaldera joan Iparraldean bizitza dexente egin duena. Ohitura dago, edozein herritako festetan edo ospakizunetan, bazkaldu eta kantatzekoa. Ni txiki-txikitatik ohitua egon naiz horretara.

Anekdota bezala, gogoan daukat ume ginela nire ahizpak trikitia jotzen zuenean kantatzeko eskatzen zidala. Agian hor izan nuen lehendabiziko harremana. Asko lagundu zidan goiko eta beheko ahotsak bilatzen eta kantuari gustua hartzen. Gero ere esan beharra dut solfeo ikasketak egin nituela kontserbatorioan. Nire bizitzako lau urte gogorrenak izan ziren.

Ume garaia pasata, edozein kantatuzaleren harremana izan da eduki dudana. Kantatzea bera oso gustuko dut eta izan dut beti. Ez dago momenturik, bakarrik nagoenetan, buruan kanturen bat bueltaka ez dabilkidanik. Kotxean, paseoan… edozein lekutan, ahots goran ez bada ere, beti dut kantua presente.

Kantu sorkuntzak bi zati elkarren oso desberdinak ditu, musika eta hitzak. Zu bertsolaria izanda, nola bizi duzu kanta bat sortzeko prozesua?

Egia da kanta baten letra idaztean beti daukazula askatasun gehiago. Bertsoa asko maite eta bizi dudan arren, badauka metrika zurrun hori, egitura jakinarekin edozein doinutan dela ere. Kantuan, aldiz, nahi duzuna egin dezakezu. Nahi duzun melodia sortu eta, hortik abiatuz, egitura nahierara osa dezakezu: errimak iruditzen zaizun lekuan sartuz, edo errimarik ez sartuz ere.

Esan duzun bezala, kantak bi zati izaten ditu, musika eta letra. Badago jendea letrari erreparatzen ez diona eta musikan zentratzen dena. Nire kasua ez da hori. Agian bertsotan aritzen naizelako-edo izango da, baina letrari garrantzi handia ematen diot. Melodia oso ona izanda ere, letra eskasa baldin badu, baztertu egiten dut kantua. Arreta handia jartzen diot letrari.

Musika eta hitzak batera egonik, iruditzen zaizu kantaren bidez bertsoak baino esan-indar handiagoa lor daitekeela? Errazagoa da kantaren bidez jendearengana iristea, bertsoen bidez baino?

Ez, ez nuke esango. Are, uste dut bertsoak bere soiltasunean indar gehiago eduki dezakeela. Bertsoa momentuko zerbait izanik testuinguru horretan ulertu behar dugu. Kanta, aldiz, atenporalagoa da, nahiz eta gero modaz pasatu. Kanta batentzako hitzak pentsatzen direnean, edozein unetan eta edozein lekutan kantatua izateko pentsatzen da: kotxean, mendian, dutxan goizez, arratsaldez edo gauez… Ez dauka bertsoaren une eta leku jakineko izaera hori.

Zuk kanta batentzako hitzak idaztean, beraz, kontuan izaten duzu atenporaltasun hori?

Gaur egun, adibidez, Gaztean aritzen naiz kantentzako letrak idazten. Normalean aktualitateko gai bati buruz egiten dut. Orduan, esango dugu ez dela hain atenporala, momentuan puri-purian dagoen gai bati kantatzen baitiot. Ez zait iruditzen, hala ere, bertsoak baino irismen indar handiagoa duenik. Gehiago esango dut, momentuan bertsoa indartsuagoa dela eta aurrean dagoen entzulearengan eragin handiagoa lor dezakeela uste dut, kanta batek lor dezakeenarekin alderatuz.

Hala ere, normalean kantak izaten dira herri iruditerian geratzen zaizkigunak, bertsoak ez horrenbeste.

Bai, bertsoa momenturako eta sortua dagoen egoera jakin horretarako sortzen baitu bertsolariak. Une horri balio dio. Kantak, aldiz, beste modu batean pentsatuak daudenez, normalagoa da denboran zehar gehiago irautea.

Aktualitateko gaiak lantzen dituzu irratian, ezagunak diren edo modan dauden kantuen melodia hartu eta gai sozial edo politiko baten inguruko hitzak lotzen dizkiozu. Zer dela eta egiten duzu nahasketa hori?

Alde batetik, esan behar dut, niri kantua bera asko gustatzen zaidala, eta euskal kantagintzaren inguruko jakintza dexentea daukadala. Hala ere, ez naiz gauzak memorian gordetzekoa, ez izenak, ez taldeen izenak… Nahiko memoria txarra daukat, alde horretatik. Esango nuke nazioarteko kantagintzan edo historikoan ez daukadala horrenbesteko jakintzarik.

Bestetik, Euskadi Gaztea da. Badakigu irrati kate horren helburua izan daitekeen perfila nolakoa den. Beraz, pixka bat egokitzen naiz irratiaren egiteko modu horretara.

Iruditzen zaizu era horretan mezu zehatz batzuk hel daitezkeela jende mota batengana, bertsoen edo bestelako moduen bidez helduko ez direnak?

Egia esan, ez dut horretan pentsatu, baina esango nuke baietz. Badago jende asko ia bertsorik entzun ez duena bere bizitza guztian, baina Euskadi Gaztea entzuten duena. Horiengana ere iritsi beharko da, ez? Ni ez naiz dantzan hasiko, ez naiz Dantz&Gora joango, baina kantei letrak jar diezazkieket.

Gaiari dagokionean, enkarguz etortzen zaizkizu eskaerak edo zuk erabakitzen duzu zeri kantatu nahi diozun?

Zentzu horretan guztiz libre uzten naute, bai kanta, bai gaia… Programako kide bati esaten diot, bezperan, zer melodia aukeratu dudan, baina besteek ez dute ezer jakiten. Astero egin beharra daukadanez, exijentea ere bada, etengabe bilatzen aritzea eskatzen baitu, zer doinu, zer gai, zer hitz…

Egoten dira letra batzuk dagoeneko doinua emanda eta, enkarguz, gai zehatz bati idazteko eskatzen dizutenak. Zure kasuan, zer zaizu sortzeko errazago, enkarguz datozenak edo sorkuntza librekoak?

Egia da enkarguz datorrenean errazagoa dela, ez duzulako pentsatu behar zeri kantatu behar diozun, ezta zein melodiaren barruan ere. Gehienetan, sorkuntza baten parterik zailena hori izaten da, lan pisutsuena hor dago. Agian, zeri kantatu ez dakienak ez du kantatu behar… Ni ideiak bilatzen saiatzen naiz, eta, normalean, etortzen zaizkit; onagoak edo txarragoak, baina izaten ditut.

Izaten dituzun ideia horiek, kantetako letretan erabilitako hitz, esaldi, errimek… nola lagundu dezakete ondoren bertsoak kantatzeko orduan? Doinu berriak ekartzen, gauzak esateko beste modu bat bilatzen…

Nire iritziz, bi modutan lagundu dezake. Lehendabizikoa da burua aktibo daukazula, eta bertsotan ibiltzeko erabiltzen dugun muskulua da. Besoak gimnasia behar duen bezala, garunak ere behar du. Berdin dio kantu bat buruz ikasten ibili, letrak egin edo hiztegia irakurri eta hitzak buruz ikasi… Buruari denak balio dio biziago mantentzeko eta lo ez edukitzeko. Hortaz, astero-astero kantak egiten aritzeak bai, balio dit burua esna edukitzeko.

Bestalde, letrak jartzen ditudan momentuan, gai sozial bat hartzen dut eta horren inguruan pentsatzen dihardut. Ideiak sortzen, gai horri esaldiak jartzen… Horrek denak balio du bertsotarako, noski. Inprobisatu egiten den arren almazenean gordeta dauzkazu ideiak eta esaldiak, eta hitzez hitz errepikatuko ez dudan arren, zerbaiti buruz pentsatu eta hausnartu baduzu, eta gai hori jartzen badizute plazan, garbi dago errazagoa egingo zaizula.

Doinuari edo melodiari dagokionez, oraindik ez zait gertatu aukeratu ditudan kantekin bertsotara egokitutako doinu bat ekarri izana, baina seguru badagoela baten bat eta noizbait ekarriko dugula.

Estiloekin jolasean ibiltzen zaren neurrian, uste duzu bertsolariak bertsoaren oinarritik abiatuta jar ditzakeen hitzak hobeto egokitzen direla musika estilo batzuetara besteetara baino? Edo zuri zein iruditzen zaizkizu egokienak?

Dudarik gabe rap-arekin lotura handia dauka bertsoak. Ikusi da Odei Barroso, Viñaspre eta beste batzuekin bertsolaria izan daitekeela raperoa. Agian, bertsoa bere zurruntasunean hartuta, bai egokitzen da errazago beste herrialdeetako kantu tradizionaletara: kantu irlandarrak, countrya… Bertsoa horietara egokitu daiteke ia egokitu beharrik gabe.

Beste kantugintzetara zabaltzen bagara, malgutasun gehiago eduki behar da, eta bertsotik gehiago urrunduko gara. Bertsoa ez da 7-6 edo 10-8 bakarrik, bere errimak eta metrika aldakorrak dauzka, eta denetara egokitu daiteke, ezaugarri horiek bai behintzat.

Bertsogintza eta kantagintzaren gaur egungo harremanaren inguruan, hasieran bertso jarrien moldetik sortzen ziren arren kantak, belaunaldi berriak konbinazio berriak bilatzen ari dira: Bi-zio, Bi Bala… Iruditzen zaizu, oro har, badagoela bulkada berri bat bertsogintza beste estilo batzuekin nahasteko eta lurralde berriak arakatzeko?

Epe ertainera begira, uste dut bertsolaritzak berean mantentzen jarraituko duela. Ez dut ikusten, bertsolarion aldetik, bertsolaritza aldatzeko gogorik edo beharrik. Hori bai, bertsolaritza bere horretan gordeta, paraleloki probatzeko gogoa, bai, nabari dut. BertsoJazz-arekin izan zen bere garaian, aipatu dituzun musika talde berri horiekin, dantza, margoketa… Molde askorekin nahastuta egiten da.

Kontziente izan behar dugu bertsolaritzak, gaur egun, gizartean baduela pisu bat, baina historian gauzak hasi eta bukatu egiten direla. Eta orain loraldian egonagatik etorkizunean beste forma batzuk har ditzake. Nik uste, iritsiko dela bertsolaritza moldatzeko beharra.

Zer itxura har dezakeela esango zenuke? Genero berriak sor daitezkeela uste duzu, musika estiloekin nahastuta?

Bai genero berriak izan daitezke, musikak lagunduak. Atzerriko inprobisatzaileak egon dira emanaldiak egiten egunotan Euskal Herrian, eta guztiek kantatzen dute musikarekin. Bakarrenetakoak gara ahots hutsarekin kantatzen dugunak. Badaude gurean ere Ez da kasualitatea eta era horretako saioak musikatuak direnak.

Bertsoaren generoa mantenduko den arren, bai, uste dut sortzen ari diren nahasketa eta esperimentazio berri horiek geroz eta leku gehiago izango dutela, zeren berria berria ere ez da. Guretzat da berria. Kanpotik datozenek erakusten digute beste herrialdeetan kantu inprobisatua beste era batean garatu dela. Gurean ere gerta daiteke hori.

Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus  Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus  Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus  Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus  Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus  Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus  Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus  Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus  Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus  Bertsolari letra-egileak: Maddalen Arzallus