Francoren bilobari gutuna

Amagoia Mujika-(r)en argazkia Amagoia Mujika 2017-03-20

Francoren bilobari gutuna

Testua: Amagoia Mujika
Argazkiak: Ekaitz Filarmendi

 

«Kontatu barik kontatzen diren istorioek sortzen dituzten zauriak dira sendatu behar direnak»

 

Dena da Franco eta denok gara Franco. Frankismoa azalean sufritu zutenek kontatutakoak eta isildutakoak egin gaitu gaur garen tribua, garen bezalakoak. Franco hil ondoren jaio zirenen pausajean ere igartzen da haren itzalaren pisua. Karga.

Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeek sortutako azken antzezlanak, Francoren bilobari gutuna izenekoak, Euskal Herriaren iragan traumatikoa du ardatz, baina egungo Euskal Herriaren minetan eta ezinetan jartzen du begiratua

2010. urtean Errautsak antzezlanarekin abiatu zuten aipatu hiru antzerki taldeek elkarlana, helburu berdinen bueltan indarrak batuz; Euskal teatroa egitea, euskaraz eta euskalki desberdinetan, mugak gaindituz, zazpi herrialdeetako aktoreekin, tematika propioak landuz, zerotik hasitako antzezlanak sortuz… Errautsak Ximun Fuchsek zuzendu zuen, eta antzezlaneko hitzak Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi zituzten. Eta oraingoan, berdin.

Duela urte eta erdi inguru etorri zitzaien Fuchs Elortza eta Iturriagari oinarrizko ideia batzuk besapean hartuta. Gidoia idazteko modua oso bizia izan da. Aktoreek sei bat egonaldi egin dituzte, bakoitza astebete ingurukoa, Euskal Herriko hainbat antzokitan. Egoerak proposatu, egoera horien baitan inprobisatu eta inprobisazio horietatik jasotakotik idatzi dute Elortzak eta Iturriagak gidoia. «Horregatik jartzen du Unai Iturriaga eta Igor Elortzarekin idatzia, elkarlan bat izan delako», zehaztu dute bertsolariek.

 

Francoren bilobari gutuna-Ximun Fuchsek bazituen oinarrizko ideia batzuk zuengana hurbildu zenean, bazekien zeri buruz idatzi nahi zuen.

Unai Iturriaga: Hasiera-hasieratik garbi egon zen espazioa. Antzezlana ospitale batean gertatuko zen, ospitale prekario batean, gaur egun Europan osasungintzan gertatzen ari diren murrizketak kontuan izanda.

Antzezlanaren abiapuntuan Ximunen familiako istorio batzuk daude. Bere bi aitonek gerraren ondorioak modu basatian jasan zituzten. Bat judu alemana zen, Frantziara ihes egin zuen, baina  bere familia guztiak Auschwitzen bukatu zuen, juduak zirelako. Beste aitona euskaldun peto-petoa zen, eta nazien aurka gerrara joateko muga pasa zuen, bizikletaz. ‘Beste aldean’ ere euskaraz ari zirela ohartuta guardia zibil bati galdetu zion geltokia non zegoen, baina euskaraz. Kontzentrazio eremu batera eraman zuten eta hilabeteak pasatu zituen han, euskalduna zelako.

Bere familiaren istorioak abiapuntu hartuta, bi liburu edo teoria ere ekarri ditu Ximunek lan honetara. Batetik, Günther Anders filosofo judu alemanak 1964an idatzi zuen Gu, Eichmannen seme-alabak liburua. Gutun filosofiko bat da, Eichmannen semeari zuzendutakoa. Eichmann deportazioaren antolatzailea zen, milioika erahilketaren antolatzailea, bere burua funtzionario xumetzat bazuen ere. Bere kontrako auzia egin zenean ere argudio horixe erabili zuen, «ni langile xume bat baino ez nintzen».

Andersek gutuna idatzi zion semeari, bere aitaren biktima bezala. Hartan esaten dio ez duela bere izenagatik inor epaitu nahi, bere aitak egin zuen bezala. Eta eskatzen dio aitarengandik aldentzea eta borrokan sartzea, basakeriaren kontrako borrokan. Antzezlan honetan Eichmanni beharrean Francoren bilobari idatzi diogu gutuna.

 

Iturriaga: “Zadgek esaten du arazo psikologiko guztiak ez direla indibidualak, batzuk kolektiboak direla eta kolektiboki tratatu behar direla”

 

Beste erreferentzia garrantzitsua Nathalie Zadge etno-psikiatrarena da. Giza-taldeen ibilbidea aztertzen du eta Zadgek dio trauma kolektiboak modu kolektiboan tratatu behar direla. Etno-psikiatrak genozidioen biktimen seme-alaben ametsak ikertu zituen eta ohartu zen haiek ere beren gurasoek garatutako beldur eta sindrome berak garatzen zituztela. Zadgek esaten du arazo psikologiko guztiak ez direla indibidualak, batzuk kolektiboak direla eta kolektiboki tratatu behar direla.

Erreferentzia horietatik guztietatik paralelismo bat egiten du Ximunek: Nazismoak auzia izan du, bai Jerusalemen eta bai Nurenbergen. Frankismoak ez, eta gure zauriek eta gure traumek hor jarraitzen dute. Sendatzen ez badira, hurrengoei pasatuko dizkiegu. Hori zen oinarria, lehendabiziko ideia.

 

Igor Elortza: Bi ideia baino ez ziren. Bata, Frankismoak ez zuela epaiketarik izan eta, bestea, trauma kolektiboak modu kolektiboan tratatu behar direla. Eta galdera zen; baina, orduan, zein izango da ideia nagusia? Frankismoari epaiketa sinbolikoa egitea edo Frankismoak euskaldunongan, gaur egun oraindik bizi garen euskaldunongan, eduki duen eta daukan eragin, min, samin eta amesgaiztoen sendabide bat egitea? Antzezlanak bietatik dauka, baina bigarrenerantza jo dugu gehiago. Beharbada ez hainbeste traman, baina bai antzezlaneko gai moduan, proposatu beharreko galdera moduan.

 

Francoren bilobari gutuna-Frankismoak zer trauma, min, ametsgaizto pizten ditu zuengan?

Unai Iturriaga: Nahiz eta inoiz serioski horretan pentsatzen jarri ez zaren, gauza batzuen erantzuna edo oinarri teorikoa topatzen duzu. Gure umezaroa oraindino garai hori zen, 1974koa naiz ni. Eta ordukoa ez zen mundu hau. Gu ikastolako umeak gara; ikastola nola sortu zen, zein mailatako proiektu komunitarioa zen, auzolana… hori guztia oso presente egon da beti. Gu baserritarren semeak gara, Durangon hazi gara eta gure etxean beti esan izan da Durango karlisten herria zela. Gure etxean, esaterako, gurasoek beti oso garbi esan dute ez zirela durangarrak. Gurasoek kontatzen dute garai hartan Durangon hiru familia zeudela euskaraz hitz egiten zutenak, ez gehiago. Guk ez dugu diktaduraren garaia bizi gure azalean, baina oso presente izan dugu gure egunerokoan.

 

Igor Elortza: Zadgen ildotik erantzunez, nire bi aititek bizi izan zuten gerra. Gure aitite batek –nahiz eta askoren aukera ezer ez kontatzea izan den–, asko hitz egiten zidan umezaroko eta gaztaroko kontuez, eta baita gerraz ere. Ni umetan desiatzen egoten nintzen gaixotzeko, aitite etortzeko ni zaintzera, bere kontuak kontatzen zizkidalako. Kirikiñoko bataloian egon zen, Kalamua, Intxorta, Gernika bondardatzen ikusi zuen… Beste aitite, berriz, Bilbo eta Zalla inguruan ibili zen gerran, eta duela gutxi arte ez dut jakin. Etxe askotan gertatu da hori. Batzuek kontatu egin dute. Besteek, batere ez. Eta beste batzuek erdia kontatu dute. Horiek dira sendatu behar diren zauriak. Kontatu barik kontatzen diren istorioek sortzen dituzten zauriak.

Gauza zuzenagoak aipatuz, guk, umeak ginela, bagenekien Gernika bonbardatu zutela, baina Durangoko bonbardaketaz ezer gutxi genekien. 50. urteurrena izan zenean, artean gu umeak ginela, Gerediaga elkarteak erakusketa bat antolatu zuen, baina Durangon apenas gogoratzen zen ezer bonbardaketa hartaz. 65. urteurrena iritsi zenean, Berbaro, Gerediaga eta Kriskitiña hasi ginen bonbardaketa hori gogora ekartzen, bizi zirenak omentzen… Aurretik ez Udalak ez beste inork ez zuen ezer egin. Apurka-apurka, horrek beste presentzia bat hartu du, baina kostata.

Gehiago arakatuz, hor dago gaur egun oraindino euskarak berak daukan estigmatizazioa eta gutxiespena, dela interesatuki bortxarekin lotzen delako edota dela PSOEren azken kanpainaren harira. Zenbateraino ez dira edo badira orduko haren eraginez? Zenbatuta ote ditugu Frankismoaren zauri horiek denak? Ebidentea da oraindino daukan eragina. Eta eragin horren aurrean nola erreakzionatu izan dugun euskaldunok. Hori guztia hor dago.

Elortza: “Bi ideia baino ezi ziren. Bata, frankismoak ez zuela epaiketarik izan; eta bestea, trauma kolektiboak modu kolektiboan tratatu behar direla”

 

-Azken urteotan lan handia egiten ari da memoria historikoa osatzen. Eta nabarmen geratzen ari da isiltasuna zein luzea eta itxia izan den. Nolako tribua egin gaitu isiltasun horrek?

Unai Iturriaga: Hau etorri baino lehenagotik, Durango 1936 elkartearentzat lan bat egiten ari naiz juxtu. Beraz, hornituta nago azalpenez. Laurogei elkarrizketa ikusi ditut eta kasu gehienetan kristorenak eta bi pasatakoen seme-alabek oso gutxi jakin dute horri buruz, edota kanpotik jakin dute. Beldurra. Ahal dela inork ez du nahi bere seme-alabek berak sufritutakoa pasatzea. Hori da arrazoi bat. Ostera badaude beste pare bat elkarrizketa argi eta garbi ikusten dena zelan eragin duen gugan horrek guztiak. Ezingo litzateke aztertu ezta ETA bera ere ez, hori guztia barik. Gure erantzuna zelakoa izan den…

Era berean, ikusi beharko da isiltasun horrek eta orain isiltasuna hausteak nola eragingo digun. Nola eragin dezakeen deskubritzea zure gurasoak zapalduak izan direla edo zapaltzaileak izan direla. Itzelezko eragina izango du, seguru. Ximunek esaten du hemen ez dela Nurembergik izan eta horrek ez du permititu jendea osasuntsu bizitzea. Hori hor dago.

Isiltasuna, gainera, ez da bakarrik etxeetan eman. Zergatik egon dira erakundeak isilik hainbeste urtean? Ni elkarrizketa horiek ikusten ari naiz eta jende horren izenak agertzen dira. Zer gertatu daiteke izen horiek argitaratzen badira?

«Ez ibili lehengo hezurrekin» eta horrelakoak esaten dira. Oraindino gauza asko kontatu eta entzun behar dira. Krimen asko daude isilik. Dena harrapatzen duen sare bat da frankismoa; hor dago umiliazio pertsonala, kolektiboa, ondasunen eta enpresen lapurreta… Maite zituzten pertsonak kendu zizkieten, beren negozioak itxi zizkieten, etxeak kendu zizkieten. Era horretara esan nahi zietena zera da: ‘Bizirik zaude nik nahi dudalako’.

Hori guztia hor dago eta derrigorrez buelta eman behar diogu. Bestela, ezer jakingo ez duten hurrengo belaunaldiek –berentzat Franco izango da guretzat Karlistadak izan direna– horren guztiaren eragina izango dute. Alde batetik denbora asko pasa da, lekuko asko hil egin direlako dagoeneko. Baina beste aldetik, historiaren ikuspuntutik, artean ez da denbora pasa.

 

Francoren bilobari gutunaIgor Elortza: Ximunek beti aipatzen duen adibidea hor dago. Joan den urtean, lizeo bateko irakasle batek galdetu zion ikasle bati: «T’es con ou t’es basque?». Tontoa zara ala euskalduna zara? Eta klaseak irri egin zuen. Ximunek pentsatzen du onartezina litzakeela irakasle horrek «tontoa zara ala judua zara?» esatea. Batzuk horrelakoak nolako inpunitatearekin esaten dituzten eta besteek nolako normaltasunez onartzen ditugun, hoztasun pixka batekin begiratuta, harritzekoa eta asaldatzekoa da.

Altsasun guardia zibilarekin izandako iskanbilen harira, Francisco Marhuendak honako txioa sareratu zuen duela aste batzuk: «Es gente que tiene odio injustificado a España. Injustificado porque si algo trató bien Franco, fue Navarra». Alegia, justifikatu gabeko gorrotoa diotela Espainiari, Francok Nafarroa ondo tratatu zuelako.

Milaka nafar hil zituen gizon bati buruz hori esan du orain eta ez da ezer pasa. Gaur egun Alemanian kazetari batek nazismoari buruz gauza bera esango balu, epaitua izango litzateke.

 

-Batzuen inpunitatea eta besteen onartzeko gaitasuna. Tribuak azala gogortuta dauka.

Unai Iturriaga: Horretan parte handia dauka gerra zibila edo anaien arteko gerra izan zela saldu izan digutela. Altxamendu faxista bat izan zen, euskaldunak bi aldeetan egon ziren, baina horrek ez du esan nahi anaien arteko gerra bat izan zenik.

 

Igor Elortza: Eta bada beste alde nabarmen bat; altxamendu faxista horrek irabazi egin zuen eta nazismoak galdu egin zuen. Alde nabarmenena hori da.

 

Unai Iturriaga: Bai, zalantzarik gabe. Hori ezinbestekoa izan da isiltasun hau mantentzeko, motibo asko direla eta; konplizitatez, beldurrez, lotsaz… antzerkian agertzen dira horietako batzuk. Horrek guztiak osatu gaitu.

Geroago aztertu beharko da, beste denbora batean, beste bortxa batzuen aurrean izan dugun jarrera horrek baldintzatu ote duen. Erasotzen denaren arabera jarrera bat edo bestea izan ote den. Agian mendekua izan da. Baina isiltasun hori hor dago eta normalean jendeak isilik segitzen du. Duela 50 urte herriko nagusiak zirenek herriko nagusi izaten segitzen baitute orain. Hori da kontua. Hainbeste aipatzen den trantsizioa ez da fundamentuzkoa izan eta horrek estaltzen du guztia. Errukia eta kristautasuna ere hor daude, ikusi besterik ez dago jende horrek guztiak zein eliza klase jan duen. Onartu egin dute eta oso gutxi dira hainbeste urte eta gero jarrera tinkoa mantentzen dutenak; «ni ez noa zuri etxea kentzera, baina jakin ezazu etxe hori nire aititerena zela» esaten dutenak, adibidez. Indartsua izan behar da jarrera horretan irauteko.

 

Francoren bilobari gutuna-Nola jasotzen du hori guztia antzezlanak?

Igor Elortza: Badaude umorerako tarteak eta badaude tarte gogorragoak. Gaiarekiko hurbiltasunak eta norberaren nortasunak, hala ere, zeresan handia izaten du horrelako gai bat umoretik hartzeko orduan.

Antzezlana nahiko korala da, pertsonaia dezente daude. Pertsonaia nagusi batzuek daramate haria eta horren inguruan mugitzen dira gainontzekoak. Baina metafora horiek etengabe erabiltzen ditugu. Sokadantza moduko bat da. Hainbat pertsonaia daude eta bakoitzak iraganarekin bere loturak dauzka, gai zehatzekin lotzen direnak: Hizkuntza, amaren besoetatik kendutako jaioberria, gerrak banatu dituen elkar maitatu duten bi emakume… erietxe horretan hainbat egoera agertzen joaten dira. Istorioa gaur egun gertatzen da, baina iraganari lotuta dago. Pertsonaia bakoitzak bere eroa bizi du, bakoitzak bere trauma dauka, baina trauma kolektiboa da. Trauma beraren biografia partikularrak dira.

 

-Erietxeetan denak gara benetakoagoak eta berdinagoak, ezta?

Unai Iturriaga: Egia da ospitale bat sekulako kontainerra dela zentzu horretan, jende oso desberdina elkartzen duena. Gainera, eta topiko bat den arren, ospitalean elkartzen dira bizitzaren bi muturrak, jaiotza eta heriotza. Toki aproposa zen istorio hori kontatzeko. Horrez gain, egungo krisia eta murrizketak hor daude, eta ospitaleak dauden bezala daude. Gizarte bezala nola tratatzen ditugu gure eritasunak? Hori guztia kontatzeko aukera ematen du ospitaleak.

 

Igor Elortza: Gainera, aipatu ditugun beste metafora batzuk tratatzeko aukera ere ematen du. Zeintzuk dira gure herriaren traumak? Sendatu dira edo ez dira sendatu?

 

Elortza: “Guk, umeak ginela, bagenekien Gernika bonbardatu zutela, baina Durangoko bonbardaketaz ezer gutxi genekien” 

 

-Antzezlanak ba al du zeozer bertsotik?

Igor Elortza: Bertso batzuk badaude, kantu zaharrak. Hortik aparte, antzezlanak bertsotik eduki dezake ezer ez eta dena. Gugana etorri izanaren arrazoietako bat izan da, euren ikuspegitik, euskal antzerkia testuan oso oinarritua izan dela. Garrantzi handia ematen diote, gainera, horrela izateari eta horregatik jo dute gugana. Horregatik diot bertsoarekin lotura hori izan dezakeela; dena edo batere ez. Zenbateraino igartzen den testuetan bertsolariak garela? Teoria desberdinak osa daitezke, baina egin dugun lana bertsogintzaren oso desberdina da.

 

Unai Iturriaga: Gure jarduna oso-oso desberdina da. Bertsotan ari garenean, gu ez goaz obra berdinarekin Abadiñora edo Gasteiza. Gu Abadiñora edo Gasteiza goaz, eta ez dugu berdin kantatzen, hasi euskalkitik eta segi beste guztiarekin. Gure jarduna, gainera, hasi eta amaitu egiten da, momentuan, eta inguruko baldintzek eragin handia daukate.

Antzerkian, berriz, hausnarketarako tarte handiagoa dago aurretik. Behintzat guk ikusi dugun antzerki mota honetan.

 

Igor Elortza: Gure bertso jarduna oso tokian tokikoa eta unean unekoa da. Beharbada, kasu batzuetan larregi komunikabideek ipinitako agendaren mendeko ere bai. Horrek ere baditu bere makurrak. Egia da bertsolaritzak azken urteotan gaur egun eta hemen bizi den jendearen kezkak agertzen dituela, eta Ximunek antzezlan honekin hori egin nahi du; tabuak hautsi eta eztabaida sortu.

 

Francoren bilobari gutuna-Antzerkia eta bertsoa taula gainean eta oinarrizko baliabideekin janzten dira. Ez daukate asko espektakulutik eta entretenitu baino gehiago egin nahi dute. Horretan antzik izan dezakete?

Unai Iturriaga: Akaso bai. Baina taula gaineko jardun gehienekin esan daiteke hori, nahiz eta beste batzuetan espektakulura jotzen den, eta entretenimendura. Nik badaukat azkenaldian kezka bertsolaritzan entretenimendura gehiegi jotzen ote den. Gauza horiek ziklikoak izaten dira. Akaso garai oso saturatuak eta ideologikoak bizi izan ditugulako izango da, baina, aspaldian, askotan esaten dut halako hustasun moduko bat sumatzen dudala tematikan. Gauza orokorra da, gizartean pasatzen ari dena, elementu oso garrantzitsuak kendu direlako joko taulatik, eta noraeza sumatzen dut. Akaso nire sentsazioa baino ez da. Baina asko eskertzen dut Ximun eta bere taldearen jarrera, irmotasuna, zer nahi duten garbi izatea… Antzezlana ez da sortu merkatuak eskatzen duelako. Gerraren 80. urteurrena suertatu da, baina antzezlana beraien beharretatik sortu da.

-Ohituta zaudete elkarrekin aritzera. Nola izan da oraingoan elkarlan hori?

Igor Elortza: Lana banatu dugu, bakoitzak pertsonaia batzuk hartu ditu eta, uneren batean, bakoitza bere etxeko bakardadean aritu da lanean. Baina, gero, egoerak trukatu ditugu, pertsonaiak gurutzatu ditugu, egoerak partekatu… Eta biok batera aritzeaz gain, lantalde guztiarekin ere egon gara, aktoreek egin dituzten egonaldietan. Eta, noski, baita Ximunekin ere.

Egia da ohituta gaudela elkarrekin lan egitera. Ondo ezagutzen dugu elkar eta, neurri batean, inkontzienteki uzten diogu batak besteari bere espazioa. Hori ez da zaila.

Baina hori guztia aparte, aktoreek bezala, guk ere oso garbi izan dugu uneoro azken erabakiak Ximunek hartzen dituela.

Iturriaga: “Isiltasuna, gainera, ez da bakarik etxeetan eman. Zergatik egon dira erakundeak isilik hainbeste urtean?

 

Unai Iturriaga: Desberdina da, hala ere, gu biok taulan elkarrekin aritzea –neurri batean, bakoitza berea defendatzen–, edo antzezlan baten gidoia elkarrekin osatzen aritzea.

Prozesua luzea da, piezak pixkanaka-pixkanaka joaten dira enkajatzen, antzerki taldeek beren metodologia propioa daukate, idazten dituzun testuak ez dakizu azkenean erabiliko ote diren, entseguetan sortutako testuak –zuk sortu ez dituzunak– zureak balira bezala hartzen dituzu… prozesu osoan engranaje baten parte sentitzen zara, lantalde baten parte. Horrek gure lana errazten du. Badakigu nora goazen eta badakigu nork agintzen duen.

Batzuetan, zuk prestatu duzun testua aktoreak erabat desberdin interpretatzen du. Batzuetan, jendeak barre egitea espero duzun tokian, negar egiten du. Eta alderantziz. Horren kontziente izan behar zara. Zure egoari gasa kendu eta taldean lan egin. Baina, beste alde batetik, lasaigarria ere bada taldean aritzea. Mikro baten aurrean bertsotan ari zarenean han osatu behar duzu obra hori. Erabat desberdina da. Alde horretatik, oso ederra izan da antzezlana osatzen nola joan den ikustea. Egoaren aldetik, eskola oso ona da.

 

Francoren bilobari gutuna-«Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna». Eta Carmen Martinez Bordiuk betetzen du erietxeko egongelan dagoen bihotzeko aldizkariaren azala. Horretatik ere badu gure tribuak.

Unai Iturriaga: Herri bakoitzak bere drogak dauzka eta ez gara konturatzen gauza batzuk gainetik kendu ezean ezingo dugula aurrera egin herri bezala modu osasuntsuan. Batzuetan jendeak uste du aukera bat dela: erosi edo ez erosi aldizkari hori. Baina ez da aukera bat.

 

Igor Elortza: Horrek, hala ere, baditu bere aldagarriak. Batzuek aldizkari mota horiek erosten dituzte, baina bada beste zaletasun mota bat gure artean oso zabaldua: Tertulia megafatxak entzuteko zaletasuna. Jende askok entzuten ditu tertulia horiek irratiz edo ikusten ditu telebistaz. Carmen Martinez Bordiu hor dago, baina beste zaletasun hori ere hor dago. Nik askotan pentsatzen dut: zein behar klase dauka ni bezalako jendeak 13 TV ikusteko? Hor ere badago zer hausnartu.

Francoren bilobari gutuna