Iñaki Murua: "Aldapan gora baina gustura!"

Iñaki Murua-(r)en argazkia Iñaki Murua 2018-12-22

Aldapan gora baina gustura! –

Gustuko lekuan aldaparik ez, dio esaerak. Ez, horixe, batere ez! Gauza bat da pozik aritzea eta bestea den-dena kriskitinak joz egitea. 2005ean hasi nintzen lehendakari lanari erantzun nahian eta merchandising kontzeptuarekin egin nuen topo.

 

Aldapan gora baina gustura!Urte hartan hasitako urratsak garatu eta gauzatu dira ondorengo aldi batean, aparraldian-edo nolabait deitzearren. Belodromotik Barakaldorako saltoa emanda, pantaila erraldoiak eta bestelako bitartekoak txapelketa ikusgarriago eta gaurkoago bihurtu asmoz erabili genituen. Aspaldiko, betiko, xume, nekazaritza munduko omen zen ahozko komunikazio kantatua Munduari erakutsi, saldu nahi genion inongo erreparorik gabe. Ez Mundu borobilari bakarrik, geure etxean ditugun mundu karratuei ere bai, eta esango nuke borobilarekin gehiago asmatu dugula “etxeko” karratuarekin baino, edo gogotsuago hartu gaituztela hango urrunekoek hemengo urrunekoek baino. Orduan, zer esan behar dut, iritsi garela ala ez? Esaerak dio hobe dela alferrik egotea alferrik aritzea baino. Gurea sormena eta inprobisazioa da, ezin da emaitza asmatu aldez aurretik eta, askotan, ondoren ere kostata! Nik basoa erdi betea ikusteko joera daukat!

Jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa bizi izaten hasi ginen garai hartan, eta bizi izaten hasi ginen hark, bizi ezinean jartzeraino estutu digu arnasketa. Bertsozale Elkarteko lantaldea lurralde guztietan hazi da, hitzarmenak ugaldu ditugu, eta nabarmen. Hezkuntzan egundoko haur eta gaztetxo multzoari iristen zaio, ia astero, bertsolaritza lantzeko eta bertsotan gozatzeko abagunea. Zer esanik ez, horretarako, Unitate Didaktikoetan jaso den materiala egokitu, osatu, aberastu da, eta metodologia aproposarekin landuko duten irakasleen formazio beharrak asetzeko ahalegina egin dugu.

Gai horri bezala besteei ere erantzun beharra sentitu dugu edo hartan saiatu gara: Xenpelar Dokumentazio Zentroaren topaketak eta sortzaile desberdinen arteko gogoetak, hausnarraldiak; Bertso Plaza, Hitzetik Hortzera, irratiekin bertsolaritza tratatzeko eta eragiteko dauzkagun hitzarmenak… Etxeko ekipo propio batek kudeatzea hobetsi eta lortu dugu. Geu gara bertsoa eta bertsolaritza ongien ezagutzen ditugunak, eta interesik gehien dugunak behar bezala maneiatzeko… Inoren esku uzteak hozkia ematen digu… Baina nire dena kontrolpean eduki behar honi, muin-muineko eta aspaldikoagoa den ahotsak kontra egin dio, elkartekide gazte baten ahotik, zera erantsiz: “Gure baliabideak guk kudeatzea borroka askoren ondorio eta lorpena den arren, bertsolaritzan proiektu asko daude Elkarteak kudeatzen ez dituenak, Bertsolari aldizkaria bera, adibidez; edo hainbat eta hainbat bertso saio, bertsolari gazteentzako sariketa eta txapelketa… Eta osasun onaren seinale da hori”. Berak arrazoi! Akaso, batzuetan, izaten dugu dena gure bizkarrean hartzeko joera ere, baina, nik uste, Elkartetik kanpoko proiektuek ere ezinbesteko ekarpena egiten diotela bertsolaritzari eta bertsogintzari, eta gainera, urrearen balioa daukala jardun eta ekarpen horrek, bertsozaleon ekintzaile izatearen herentziazko transmisio gisara.

Eta jarraituz, Bertso Eskolen ilara luzatzen ari zaigu eta bertsoaren lanketa zehazten; Hezkuntza Arautuan bezala, alor honetan ere, material ugari eta bere taldearen ezaugarriei egokien txertatuko zaiona jarri behar diogu eskura bertsolaritza eta bertsogintza lantzen ari denari. Udalekuetan gero eta gazte gehiago dabil; hori da etorkizuneko oinarria, bertsozale berrien inurritegia edo habia, abiapuntua ziurrenik, egungo mundu (itxura batean) anitz eta kultura indartsuenen ohituretatik at edo aldi berean geuretu nahi badugu etorkizuna…

Jarrai nezake gaiak eta gaiak ateratzen beste puska batean, baina aski da, eta hauxe da galdera: non du bukaera —Andoni Egañak asmatua da esamoldea– okupatu baino lehen pre-okupatzeko gure joera honek? Zein da Bertsozale Elkartearen ekipoak bizkarrera dezakeen lan karga, lan erritmoa eta erantzukizunez aurre egiteko jardunaren neurria? Urteak daramatzagu “egin beharra dago edo nork egingo du guk egiten ez badugu?” eta antzeko arrazoibideek estomagoa txikituz eta arnasestua sortuz. Gure jarduna egingarri eta gauzagarri bihurtu behar dugu jasangarri izatera iritsi baita, ala jasanezin?! Bizitzan zoriontsu izatea badugu helburu, lanak ere zoriona ekarri beharko digu bada… jasan eta zoriontsu ezin ditut elkarrekin irribarretsu eta gozo irudikatu…

Aldapan gora baina gustura!

Zerrendan hizki deigarriz ageri zait “generoa” hitza. Eztabaida bat baino gehiagoren iturriko ur hari meheak sortu zuen taldea, eta denok ekin genion aldapan gorako bideari, andrezko zein gizonezko. Oso interesgarria eta aire freskoa izan zen hasiera hura, bere aldapak aldapa! Orain eztabaidak, heziketa saioak, gogo-jardunak… “genero bertso eskolak”, e.a. martxan dauzkagu, baina, nik uste, hasierako emakume eta gizon kopuru orekatuago hura galdu dela.

Nabaria da zer lan egin den eta nolako lana, gainera. Txapela janztekoa! Eta egin den hori lehenaldi amaituan atera zait, baina egiten ari diren da aditz egokia.

Bai, ari diren horrek kezkatzen nau, bai baitirudi “generoa” gaian gizonezkoak ez duela tokirik, interesik, kezkarik, gogorik… Ezta adin edo bizi esperientzia edo estilo, diskurtso, antzekotasun, identifikazio… horrelako zerbait edo agian denak deigarri ez zaizkion emakumezkoak ere. Ahalegin galantaren premia daukagu orekaren bila, eta gizonezkoek daukagun parte hartze apurrari nola eutsi asmatzen eta gogoetatzen. Dena soka bat baita, eta, bereziki, Txapelketa datorrenean hasten dira lazoak airean, eta batzuk, lazoan erori eta nola litekeen ulertzen saiatu arren, ezinezkoa dugu. Hizkuntza desberdinetan ari gara, batzuk banaka eta besteak ekipoan ikusten ditugu, batzuekin lazoa lasa darabiltela irizten diogu, eta gurekin, itolarria sorraraziz. Orduan hasten gara ekipo egiten, ulertu nahi eta esateko premien zurrunbilo zorabiagarrian ahopeka, ahots gora, idatziz, lagunartean, hedabideetan… Sentiberatasun ikaragarriz tratatu beharreko gaia, gure Elkartean beste gehienak bezala, eta idatzi honetan bertan, argitara bota baino lehen hamaika buelta eman eta gero erabakitako espresioak dituzu, gaian behar beste hausnarketa egin ez duen baten komeriak.

Errosario honen letania jarioan segiz, Mintzola datorkigu. Egundokoak eta bi egin ditugu Bertsozale Elkarteak bere ekarpenak egin ahal izateko eta beste kultur genero batzuekin elkarlana sustatzeko eran proiektua bideratzen. Kantua, ipuina, antzerkia, bertsoa… elkarlanean jartzea lortu dugu azken hiruzpalau urteotan. Baita ikerketa proiektuak eta tesiak Laboa Katedrarekin elkarlanean abiarazteko modua egin ere, bertso munduko gazteak ikerketan eta euskaran entrenatuz… Baina ez da aski, nonbait, gure bidelagun ditugun erakunde zenbait eta Administrazioa asebetetzeko edo beste batzuen begietara interesgarri izan gaitezen. Egiten duguna egiten dugula, ikusezinak gara…

Aldapan gora baina gustura!Mintzola Fundazioa ahozkotasunean goi mailako lanketan aditua den jende anitzen erreferente eta bilgune bihurtu nahi genuke; Unibertsitateek, Aldundiek, Gobernuek… parte hartzeko irrika sentiarazteko bezain esanguratsu; gure ikasle, bertsolari gazte eta ikerlarien egoitza kuttunena, denok mimatu, mamitu, zaindu, usaindu… beharra eta nahia sentiaraziko digun etorkizuneko ernamuina. Inork ba al daki zer eta nola egin behar dugun amets hau errealitate sendo bilakatzeko, denon eskutik?

Geureari tiraka ongi baino hobeto asmatzen ari gara eta proiektua, serio hazteaz gain, osasuntsu dago. Hala ere, energia dena irensten digu geureak, eta ez zaigu tantarik geratzen herrigintzan esku hartzeko; kulturgintzako beste agenteekin etorkizun estrategiak aztertzeko eta adostasunak lantzeko, herri eta etorkizun ikuspegien uztarduran ekarpenak egiteko… hori ote da arrazoia? Beste agenteekin elkarlana pragmatiko, eraginkor, aberasgarri ikusten al dugu? Kulturaren eremu zabalean ekipoan aritzeko entrenatuta al gaude, komentzituta? Herrigintza ez dela gure espazioa sinesten al dugu, eta hori politikarien esku utzi eta kito?

Bertsozale Elkartearen proiektuan lidergoa hartu duen ekipo berriak sentsibilitate, ezagutza, eskarmentu, ikuspegi… aniztasuna bermatzen digu. Lanerako gaitasuna eta entzuteko jarrera bikaineko ekipoa dela badakit. Iritzi, izate, esperientzia aniztasun hau aberasgarri gertatuko zaigu, eta denbora behar izan dugun arren ordezkatze bidea osatzeko, ongi egindako ibilaldia dela ziur nago. Horregatik, oso lasai sentitzen naiz esku aldaketa egin dugulako eta egin dugun moduan eginda.

Amaitzeko, hamahiru urte hauetan bidelagun izan zaituztegunoi eta Elkarteko ekipo humanoari, bereziki, eskerrik asko benetan gauzak egitean eman diguzuen babes eta garantia guztiagatik. Lezio asko eta oso aberatsak eman dizkidazue, eta asko ikas nezan aukera bikainak. Zuekin batera egin dudan bidea izan da bizitzeak merezi duela sinesteko adina, eta pozez gainezka nago; bikainak zarete!

Aldapan gora baina gustura!
Aldapan gora baina gustura!
Aldapan gora baina gustura!
Aldapan gora baina gustura!
Aldapan gora baina gustura!
Aldapan gora baina gustura!
Aldapan gora baina gustura!