Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin

Koldo Izagirre-(r)en argazkia Koldo Izagirre 2022-11-30
Argazkiak: Gipuzkoako artxiboa, Larrea familia

Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin –

Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin

Balentin Larrea (1876-1970)

Udalak idazkari, maisu eta organista gisa kontratatuta egin zuen Zalduondotik Gabiriara Meliton Larrea Perez de Lazarragak. Idiazabaleko idazkaria ere, Domingo Mujika, Zalduondotik etorria zen, harritzekoa ez harremanak sortzea bi familien artean. Horrela ezagutu zuten elkar Domingoren semea zen Mateok eta Melitonena zen Balentinek. Gaztetxotan banandu ziren ikasketak egiteko. Bata Oñatin eta Gasteizko apaiztegian, bestea Madrilgo kontserbatorioan.

Balentin Larrea gabiriarrak airez aire burutu zituen ikasketak eta Iruñeko Nuevo Casino Eslavan pianojole titularraren lanpostua hartu zuen, lehiaketako epaimahaiaren aho bateko oniritziarekin. Madrilen ezagututako Teresa Auzmendirekin ezkondu zen eta Iruñean bertan hartu zuen bizitokia. Txapitela karrikan bizi izan zen hirurogeita hamar urtez familia osatzen, klaseak ematen, piezak konposatzen, kontzertuak jotzen eta sariak irabazten.

 

Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin

 

Mateo Mujika (1870-1968)

Sermoilari gaitza, euskaltzale suharra, eta, Euskalerriaren Alde aldizkariak ohartarazi zuenez “musikari inteligentea”. Apezpiku maila hartu zuen Elizaren nomenklaturan: Burgo de Osman aurrena, Iruñean hurrena, Gasteizen azkenik, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen zuten probintzia eklesiastikoaren buruzagi. Gasteizko apaiztegiko irakasle zela hasi zen Mateo Mujika agertzen Gipuzkoan barrena egiten ziren Euskal Jaietako eratzaileen artean. Baita bestelako zirkulu batzuetan ere, Euskal Esnalean Y de la Academia qué? artikuluak jakinarazten duenez.

Akademiko Jaunak, D. Resurrección Mª de Azkue, D. Karmelo de Etxegarai, D. Arturo Campion, D. Mateo de Mujika, zergatik ez da sortu sorrarazteko agindua daukazuen erakundea?

Zein ote zen Mujikaren zeregina euskalarien artean? Azkueren laguntzaile, apika? Iduri luke, batera eta bestera zerabilen artzaintzan, Iruñean apezpiku eman zituen lau urteetan ardurago batuko zela Balentin Larrearekin Euskal Jaietan, hirian bertan baino.  

 

Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin

 

Piarres Ibarrart (1839-1919)

Bettiri esan ohi zioten ahaideek eta adiskideek, latinezko Petri euskaraz goxatua. Lapurdin munduratu zen, Jatsun. Ithurraldia etxea poxelu zen trenbidearen lanetarako, eta suntsitu egin zuten. Hurrengo mendean Udarregi jaio zen Artikula Aundi ederra suntsitu zuten bezala autobidearen probetxuz. Aitarik ez, amak eta aitona-amonek hazi zuten Bettiri, katixima eta eskola ez ezik kultura ere emanez: kantuak, ipuinak, ahozkotasuna. Ttipitatik erakutsi zuen kanturako eta zirtoetarako jaidura. Laster ezagutu omen zituen Etxahun zaharra eta Otxalde gaztea. Biekin jardun omen zuen ostatuetan. Ez ziren bakarrak bertsotan, Otxalde bera informatzaile.

 

Saran egun badugu bertsulari hanitz

Katxo ustariztarra, Beskoitzeko Felitz

Bettiri jatsuarra hortik dago irriz

Xetre Hazparnekoa, partida nik aldiz

Anibar arin hiz

Zeraidarrak berriz

Muske erakuts erhiz

Xara mintzo lodiz

Otxalde kantugile, zaharra ez balitz!

 

Zazpi urte eman zituen soldadu, herritik urrun. Halako ahots gozoa eta halako gustua kantatzeko, antzerkilari behar lukeela esan zioten, gerora Etxahun Iruriri Pariserakoa aholkatu zioten era berean. Eta honek bezala, irri egin eta ezetz, nahiago Jatsun munduan baino. Soldadugoan, elenga ditzakegun jakingarri baliosez beste, oinetakoak konpontzen ikasi. Lanbide horretan jarri zen Montelimar-etik etxeratutakoan zazpi urtez jantziago. Marianne lehengusinarekin esposatu zen sakramenturik gabe. Halako batean, herriko gazteek eskaturik, Baigorrin azaldu zen. Erretorearen etxetik hurbil antolatu zuten tobera muntra. Barnetxe erretorea eta J. B. Etxegarai bikarioa leihoan, Ibarrarten kantu maneraz liluraturik. Etxegarai ere Jatsukoa izaki, erraz egin zuten Ibarrartekilakoa. Xantre izatea proposatu zioten. Eta luze gabe hantxe berriz, Baigorrin, emaztearekin, zapetain tresnekin, elizako kantari nagusia izateko kasik hil arteraino. Eskualduna baionarrean bere sinadura bertso azpian “Baigorriko xantrea”, Euskal-Erria donostiarrean “Baigorriko eliza-kantaria”. Han ezkondu bide ziren elizaz. Baldintzaño profesional bat zeukan, hala ere, Barnetxek eta Etxegaraik eragin tratuak: bertsotan ez aritzea plazan. Konprenitzekoa da koruko liderrak ez lukeela ibili behar ahakar eta zurrut…

 

Aitak eman zerautan zerura joaitean

enetzat mahastia, artzeko lanean

arta nezala

aitak bezala

haintzur eta jorra

laguntzat hor nuela… sotoko goporra.

Mahastian xoriek goiz dute kantatzen

orduan bozkarioz lanari naiz lotzen

gero zait hasten

bihotza hozten

agortzen zintzurra

laster dut eskuratzen sotoko goporra.

 

Udarregi ondoezik

Nola edo hala heldu zen erretorea, aldatzean gora, Usurbilgo Artikula Aundira. Okerrago zegoen Udarregi ordea. “Nekatu al zera, nekatu?” arnasa ia ezin hartuan zegoen bertsolariari.

 

Bai jauna! Ezin ukatu

talentuak berriz bajatu

mundu hau ezin bukatu.

 

Hobera ez, herriko medikuak lankide bat ekarri zuen bien artean gaitzaren erroa hobeki atzemateko.

 

Bat Usurbilgo semia, Aiakua bestia

neri bisita egitera etorriak dia

eztula txarra daukat, petxua tristia

ni sendatz’ez banaute gizonak eztia

 

Udarregiren heriotza santua, 1895

Usurbilgo Urdaiaga Torreako semea zen Felix Zatarain apaizak Udarregiri buruzko lan eder bat argitaratu zen 1933an, Argia astekarian eta Ardunbe izengoitiz. Udarregiren hainbat lagun, pasarte eta bertsoren berri emanik, bertsolariak eredugarrizko heriotza izan zuela esplikatuz amaitzen du lana. Udarregiren heriotzaz jakin zuena —hala dio berak—, bertsolariari elizakoak eman zizkion apaizaren ahotik jaso zuen. Antza denez eta sinestekoa, Usurbilgo erretore zaharra ezinean zebilen aldatzean gora Artikula Aundira eta beste baserri askotara. Laguntzaile bat eskatu eta gazte apaiztu berri bat bidali zioten, Mateo Mujika. Honen besotan egin omen zuen azken hatsa Udarregik. Komunioa eman aurrekoak bete zituen, bekatu guztien barkazioa eskatu zion Jainkoari, eta Elizak erakusten dizkigun sinesgaiak egi-egiaz sinesten zituela aitortu zion Udarregik. Gero —Felix Zatarainen hitzak— “beregana zatorkion Jaunari harrera eginez” hitz hauek esan omen zituen:

 

Jesus jaun on-ona

Trinidadedo bigarren pertsona

Atoz, atoz nigana.

 

La muerte del bersolari, 1936

Orduan ere gaur egun bezain garestia zatekeen Arte Popular vasco liburua. Gure herriaren kultura, gure herriaren ondare bizia erdaldunei erakusteko opari dotorea eta hainbat adituren lanez osatua: Bernardo Estornes Lasa, Aita Donostia, Jose Agirre San Telmo Museoko zuzendaria, Joakin Irizar arkitektoa, Jesus Larrea Bilboko etnografia museoko zuzendaria, Enrike Jorda orkestra zuzendaria, Violet Alford nazioarteko Folk Dance Festivaleko partaide eta The tradicional dance eta English folk dances liburuen egilea.

Bertsolaritza esplikatzeko, Dunixi izengoitiaz sinatzen zuen Dionisio Azkue hautatu zuten. Pintorea zen. Euskaraz bazekien, artikulu bakan batzuk eginak zituen gure hizkuntzan. Bertsolariak ikusi eta entzun zituela, erran gabe doa. Gaztelaniaz egin zuen bere lana, gainerako gehienek bezala.

Uhinak hausten dituzten arrokak bezain gogorra, itsasaldeko pendizetako otea bezain latza, Igeldoko mendikateak arraza berezi bat elikatzen du: alkandora mahuketatik lepoan lotu eta harritzarren ertz gainetik saltoka ibiltzen diren zuntz tinkoz egindako gizonak. (…)

Udazkena, gaztaina arbolak urre eta iratzeak purpura? Udaberria, sagarrondoak zuriz jantziak? Ez dakit nola agurtu zuten Usurbilgo zelaiek beren Sortzailea, parrokiako koadjutore gazteak zeharkatzen zituela, bere baitan bildua eta begirunez, Viatiko Santuaren eramaile.

Udarregin sartu zen Jauna. Bertsolari zaharra hiltzen ari zen. Lasai ari zen hiltzen, bakean ari zen hiltzen, are gehiago, alai ari zen hiltzen, Kempisek dioen pozarekin, gizon onaren altxorra den kontzientzia onaren pozarekin. Izan ere, santuki alai ez dagoen inor, Esperantzaren alaitasun jainkotiarrak gainez egiten ez dion inor ez dugu entzun izan abesten une bat geroago betiko epaitu behar duen Hura bera hartzean.

Eta hori bai dakigula, badakigu nola agurtu zuen Udarregik bere Sortzailea azken arratsalde hartan, hurbiltzen ikusi zuenean bere hil-ohetik:

 

Atoz Jesus Ona

etorri nigana

Trinidade Santuko

Bigarren persona.

 

Bistan da Felix Zatarainen artikulua baliatu zuela Dunixik bere kolaborazioa egiteko. Udarregiren bizitzaz ere badihardu, baina heriotzarena nagusitzen da, tituluak agindu arau. Arbasoen fede sendoa, egia eternoak oroz gain. Horrela hiltzen omen da bertsolaria. Horrela, nola baina? Dunixiren kontakizunean ageri dena kontuan harturik, Udarregi bere garaiko beste edozein kristau bezala hil zen: nekatua, ahuldua, zintzo… Oker gaude ordea! Ez, ez beste edozein bezala, zeren Udarregik behar bezala hiltzeko laguntzaile ukan zuen apez hura —Dunixik antolatu amaieraren jukutria estilistikoa– “Gasteizko Apezpikua da egun”. Udarregiren heriotza santuak goratu ote apaiz gaztea Apezpikutzara? Apaiz gaztearen dohainek bideratu ote Udarregi santutasunera?

 

La muerte del bertsolari, 1937

Ez, bertsolariak ezin du hil beste edozein euskaldun arruntek bezala. Herriaren manuz kantatu ohi du eta Herriaren manuz da euskaltasunaren ordezkari, eredu. Gerrako literaturan badago lekukotzarik fusilatuez eta fusilatuak izatera kondenatuez. Fusilatuek berek esana edo idatzia eta lagunek, ziegakideek kontatua. Basilio Pujanak eta Balendin Enbeitak eman dizkigute Dueson ikusitakoak. Tomas Gerrikagoitiak, fusilatu behar zutelako susmoak hartuta, sakelan ibili zuen emaztegaiari idatzitako hunkigarria, emateko beldurrez. Tximela kapitainak Ramon Azkueren kuraia kantatu zuen.

 

Eguntxinta orduko giltzaren soinua,

sarrailaren mingainak tristea doinua;

gelako atetik bota Azkuek oihua:

Agur, euskeran alde hiltzera nihua!

 

Lekukotza ongi dago, baina gerrak beste zerbait behar du, bertsolaria bera behar du… hilik.

 

Bertsolaria, euskal poeta popularra, euskaldunen arimaren ordezkaririk garbiena dugu.

Mendian jaio ohi da, eta bere nortasuna, nahiz eta nahikoa ikasi ez, jatorrizko euskaldunaren adierazgarririk gorenena da zalantzarik gabe, espiritu zorrotza, malgua, burutsua.

Gizarteko maila guztiek izan dituzte, gerra odoltsu honetan, beren martiriak, traidoreen tiropean erorita: apaizak, abokatuak, industrialak, emakumeak… Bertsolaririk ez martirietan.

Ondikotz, horretan ere, hartu du lekurik.

Iazko egun triste bat, euskal poeta gaixo bat pelotoiaren aurrean. Zein da zure bekatua? Nazionalista izatea, Euzkadi maitatzea.

Prestatu dira borreroak exekuziorako, jo dute deskarga lazgarria, lurrera zerraldo gure herriak hainbeste maite duen gizona, bertsolaria.

Une ikaragarri hura baino lehentxeago, gizon gazte eta osasuntsu hark, kontzientziaren lasaiak ematen duen patxadaz, eta pultsua galdu gabe, honako agur hau idatzi zien aitari, anai-arrebei eta lagunei:

Aita eta anai maiteak:

Gu hola hiltzea nahiko zuan gure Jaungoiko maiteak,

zuei ere ditxa on bat eman dizutela Ama Birjina graziaz beteak

gure odolarekin garbi ditzala gure munduko kalteak.

Agur egiten dizuet nere aita eta munduko lagunak.

Bukatu dira kontatutako egunak

munduan ez dira danentzat holako portunak,

hemengoak utzita zeruan eitera noa ezagunak.

Eta erantsi hauxe postdata gisa:

Ondo bizi eta beti katoliko onak bezela, gure Ama Elizaren alde egin. Goraintziak. Zerura arte.

 

Bertsoa eta postdata ez beste guztia gaztelaniaz emana dago Eusko Deya-n 1937.02.25, gaztelaniazko itzulpen bana dutela. Euskararen eskubidea eman zaio bertsolariari, edo ezinbestez txertatu da zinezkotasun indargarri? Egin litekeen zalantza da, bertsolariaren izenik, sorlekurik, arrastorik, ematen ez denez.

 

Horrela hiltzen dira gure gizonak, justuaren lasaitasunarekin.

Eta heriotza tristeak gogora ekartzen digu militar espainolek fusilatu zuten beste poeta batena, Jose Rizal Filipinetako abertzale handiarena. Gizon bikain hark ere, hil baino lehentxeago, Adios a Filipinas poema eder hura idatzi zuen, guztiz hunkitu gabe inork irakur ez dezakeen benetako harribitxia.

Filipinetarainoko raida egin zuten espainiar hegazkinlari militarrak Manilara iritsi zirenean, eta atzerritar orok hiri horretara iritsitakoan ohi zuen bezala, abertzale handiaren monumentuaren oinean oroigarri bat eskaintzea izan zen beren aurreneko egitekoa.

Iritsiko da, bai, hainbeste zanpaketa basati burutzen dituztenek, Kristoren jarraitzaile onenak omen diren horiek, doilorki eraildako euskal poeta zintzo eta xumearen oroimena ere omendu beharra.

Gerraurrean Aitzolek eta bere akolitoek arbuiatzen zuten bertsolaritza libre lotsagabea kirastutako tabernetarik eta negargarrizko bertsoetarik betirako erredimiturik zintzotasunez, xumetasunez. Bertsolariak —noizbait!— odola eman dio aberriari. Azken finean, fusilaketa honek —benetakoa, asmatua?– bertsolaritza garbi eta abertzalearen garaipena antzezten digu: euskal arimak behar zuen martiria sortu da.

 

Organoaren laudorioz, 1923

Obra handiak egin zituzten Usurbilgo elizan, eta organo berria bedeinkatzeko, Udarregiri kristautasunez hiltzen lagundu zion apaizari deitu zioten, haren bedeinkazioa goi mailakoa bihurtua baitzen, Balentin Larrea 1900az geroztik bizi zen Iruñeko apezpiku izendatu berria zen Mateo Mujika. Eguna igande zela, azaroak 25 egun zituela, goizeko zazpietan hartu zuen Usurbilgo bidea apezpikuak, autoz. Balentin gidari? Lagun? Bi zaldizkok eta hamaika mutil gaztek bizikletan itxoin zioten herri-mugan, eta haiek zituela eskolta —zain-gudari dio kronikalariak— heldu zen hiribarnera eguerdian. Elizaurrean, agintariak eta jaun-andere nagusiak buru zituztela, harrera sutsu eta zoragarria egin zioten usurbildarrek. Apezpikuak meza nagusia eman zuen, noski, eta berrogeita zortzi minutuz aritu omen zen komunioa ematen “eta emakumezko adina gizonezko Jauna hartzen”.

Apezpikuaren kalitateari dagokion gisan, Mateo Mujikak sermoi gogoangarria egin zuen.

Eliza hau beti izan da ederra; orain askoz ederragoa: lehen ez ziran gauza ikusgarri asko dituzute. Dirua ona da, gauza onetara zuzentzen bada. Aberats batzuek beren diruak buru gainean jartzen dituzte, eta diru hoien pisuak inpernura hondatzen ditu: beste batzuek beren diruak oinazpian jartzen dituzte, eta diru hoien bultzadak zerura jasotzen ditu.

Herriko seme ezagun eta ospetsu baten oneginak ere gogorarazi omen zituen. Izan zitezkeen Joxeanton Artzek poema ironiko hura egin zion Etxebeste jaun indianoarenak edo Torreako beste Zataraindarren batenak, ez dakigu.

Gero, organoaren laudamena egin zuen Mateo Mujikak.

Gauza guziak Jaunarengana kantari zuzentzen dira: ibai, itsaso, zuhaitz, haizeak; guziak dute beren soinua. Zilar, urre eta marmolak ere, Jauna omenaldu dezaten jartzen dira elizetan. Organoak, guzien izenean, guzien aldez, gauza guzien soinuerak beragan bildurik, Jaunari zuzentzen dizka bere soinu eta kanta ederrak.

Antza, ez zen Udarregiz oroitu.

Era guztietako festak egin ziren Elizaren berritua ospatzeko: organo kontzertua, dantzari txikien emanaldia, antzerkia, bazkaria… Kronikek ez dute bertso saiorik aipatzen. Aginagako Gaztelu bizi zen oraindik.

 

Mendiaren maizter

Gure ahozko zein paperezko literaturan, mendiaren maizterra artzaina izan ohi da, eta artzaintza —erromatarrentzat bezalaxe— bizitza idilikoaren eredua dugu, alegia, kolpe zorrik jo gabe libre bizi ahal izateko modua. Erran nahi baita, egunak bertsogintzan eta kantugintzan emateko aitzakia haritz eder baten itzalpean. Nondik zeukan Xalbadorrek horrelako talentua? Artzaina zen! Nahi bezainbat ordu ideiak eta koplak lantzeko!

 

Piarres Ibarrart eta Artzaintsa mendian

Zenbait katalogotan Artzaintza Mendian izenarekin ageri da, artzaintsa hitza oker delakoan. Ahaztu egin zaigu, nonbait, Maialen Lujanbio agertu izan zela bertsolarisa izendapenez hedabide batzuetan.

 

Herriko ene gazte lagunak nitaz dira urrikaltzen

heien josteta zoroetalat ez naizelakotz hurbiltzen

bainan gaixoek erran bezate zer zorion dutan galtzen!

Bakea eta librotasuna osoki ditut gozatzen

eta menditik ez ote dut nik gauza ederrik ikusten?

 

Ibarrarten artzaintsak eguzkiaren agertze miragarria eta elizako ezkilen oihartzuna dastatzen du, itsas aldera behatu eta arrantzaleen ontzi ttipiak ditu ikusten, beren bela zuriekin, kukuak kuku egiten dio pago gainetik, zozoek ziztu sasi barnetik, haritz baten azpian egiten du oturuntza, edateko ur garbia damaion xirripatik urrun gabe. Urrun, Ameriketan, hitza eman diona dago: hura han deino izanen da mutxurdin, baina helduko baita —zilar poltsa batekin, suposatzen dugu– ohore eginen diote emandako hitzari. Eta menditar biziko dira, jakina, zilarrak zilar.

Mendia, larrea, ardiak, txoriak kantari… zoriontasuna.

 

Bake osoa, mendian ikazkin

Ramos Azkarate tolosarra eta Augustin Etxeberri saratarra ere zapatariak eta bertso jartzaileak ziren. Baina ez batak ez besteak kantatu zuten zapatariaren lana edo zapataren mesedea. Ibarrartek ere ez.

 

Zapetain, sastre, arotz, zurgin eta hargin,

Hek, hirian lanean igandearekin

astelehena besta, gero min burian!

Ni zuhur eta sano ikazkin mendian.

 

Gizon gazte, lorios merkatukaria

jan-edan onen zale eta jokaria,

ontasunak horrela goaten direnian

erranen duk «Hobe zen ikazkin mendian!».

 

Lili-arrosa ainitz bada bazterretan,

gaztien xoragarri herri guzietan,

ez naute enganatu ni orai artian;

lorerik gabe nago ikazkin mendian.

 

Igande bestetan dut garbitzen larrua

plazara naiz agertzen ongi apaindua,

arrai dut arpegia, hitz onak mihian.

Nork ezagut nagola ikazkin mendian!

 

Ibarrarten ikazkina bakezko estatus baten bila dator mendira, lagun zoroengandik urrun. Hiria galgarrizko lekua da, salbu eta mezetarako edo familia bisitatzeko. Mendian lili engainagarririk ez, nahiago ikazkin zapetain baino! Lau haizetara agerian dagoen komentua dugu mendia.

 

Ikazkin liluratua

Bertso saioetako ofizioetan ezin konta ahala bider erabili izan dira artzainak. Apenas baliatu izan den ikazkintza gai bezala. Alta bada, ikazkinak eman dio ederrik kantuari. Tene Mujikak, gizonezko lotsatiaren baitan ausartuta, poema labur bezain delikatu hauxe sortu zuen.

 

Neure txondorra utzita iturrira nintzan

suila betetzen zegon neskatxa bat bertan.

Hark eman zidan ura, ai zer gozoa zan!

Geroztik hain gozorik ez dut berriz edan.

 

Ikazkina naizenez ta ikazkintzan beti

hain ume ederrik inoiz ez nuan ikusi.

Horrela bere itxurak eder, zoragarri

gentza lapurtu zion nere bihotzari.

 

Lagundu nion suila burura jasotzen

baina ezin ausartu etxera laguntzen.

Nahiagatik lagundu ez dakit zer nuen

inola asmatu ezin baimenik eskatzen.

 

Ikazkin zuloan

 Hezur gogorreko eta odol biziko ikazkin erreal batek erakutsi dizkigu, eta Kaliforniatik, erregaia ateratzearen nekea, gogorra. Mendian ardi artean edo iturriko bidean ez baina kantinan aurkitzen du, dirua dueino, pinterdika karesatzen dakien emaztekia.

 

Biba arrosa lilia

haren gainean erlia

arnoa edan eta joka dut ardur-ardura legia

arros kolore nere sudurra, ikatz kolore begia.

 

Diote lehen gizona

lurretik zela egina

lurretik heldu, lurrak higatu eta iresten duena:

jaun mineroa, zu bide zira bizirik tripan daukana.

 

Lanjer handian goatzi

errekontruak ainitzi

harri batek jo, bolborak erre edo bizirik ehortzi

arno maitea, eman kuraie!, zuretako bainiz bizi.

 

Karta joko eta drago

libertimendua frango

arropa zikin, mutur zikina, sosa bota nahiago

mina ziloan barnarik noa eta zorretan barnago.

 

Zerbitzaria karesaz

Marka pinterdia beraz

egarria naiz eta zainetan odol beltz hortarik eskas

bihar ere ttut kargatu behar hemezortzi tona ikatz.

 

Akabatu da eguna

maite zaitut arno una

zuk ifernuan ezarri nauzu, halere zaitut laguna

miserable bat bizi naizela ahantzarazten duzuna.

 

Horrela, hamabi ahapaldi gordin, eder. Iholditik Arizonara, 1952-1959. Les Chantes basques de Charles Uhalde. Maiatz, 2005. Baptiste Orpustanen sarrera eta Claude Mehatzek apailatu hogeita hamazazpi kantu.

 

Nolakoa den Ibarrarten koblagintza

 Anitz jende plazan, leihoetan, zolako harresiaren gain eta gibelean, karriketan. Baionatik, Bordaletik, Parisetik, Espainiako eskualdun herrietarik ere etorriak Baigorrira 1905eko Euskal Bestara. Taula gainean zuberotarrek xoraturik atxiki zuten, betiko gisan, ikuslegoa. Zuberotarren ondotik lumazko koblakarien aldia, sari banaketa.

Hirugarren saria, Piarres Ibarrart. Makila zilarreztatu bat.

“A! zer makila” dio Jean Etxepare medikuak, bekaitzez.

Ezagun da zer koblari den; erran nahi dut hoberenetarik dela, ez baita orobat Eskual Herrian nehor nausitzen zakonik, non ez diren Elizanburu zena eta Zaldubi. Gozoak dira haren bertsuak, asetzen daukute beharria, ez datxikite ele alferrik, baditeke ez duten bihotzari min egiten, atseginarekin edo beren argiaz liluraturik uzten izpiritua, bainan hunkitzen gituzte.

 

Ibarrart ikazkin, Larreak muzin

Gipuzkoan aski indartuak zeuden Euskal Jaiak XX. mende hasieran. Ganadu feria eta herri kirolez gain, dantzari, idazle, bertsolari eta musikari lehiaketek osatzen zuten programa. Balentin Larreak hainbat sari jaso zituen norgaiagoka hauetan. Eresiak lanarekin nagusitu zen Donostian. Lan hura derrigorrezko pieza ipini zuten abesbatzen lehiaketan Eibarren, 1901ean, Eduardo Mokoroaren Sentierak izenekoaren ondoan. Eta epaimahaikoen artean ipini zuten Balentin Larrea, Beltran Pagola eta Jesus Santestebanen pareko. Gizon eskolatu haien multzorako gure hizkuntzak garrantzia zeukan edo Lore Jokoen araudiak behartzen zituen hartara, ez da arinki trenka genezakeen zalantza. Iduri luke, hori bai, bertsolaritza musikarien artera hurbildu zitzaigula, zigutela.

Segurak 1911n antolatu zituen Euskal Jaiak.

Tema Primero. Melodía de carácter vasco, para canto y piano, adaptada a la poesía Ikhaskina (sic) Mendian, de Pierre Dibarrart.

Lehen saria eman gabe utzi zuten. Bigarren saria, Larreari.

Konposizioa, menor tonuan, ongi sentitua da, gustu onekoa eta euskal kutsu nabarmenekoa. Piano zatia ongi ulertua dago. Epaimahaiak lehen saria emanen ziokeen lan honi, baldin eta aurkitu ez balu ‘biziago’ delakoak, temaren aurkeztean eta amaitze errepikatuaren artean kokaturik, ez daukala euskal nortasun berezirik, batez ere azken konpasetan. Bestalde, badauzka konposizio honek kolore tragiko edo dramatikoa duten konpas fortissimo batzuk letrarekin adoskaitzak, eta azkenik, pianoaren sarrera edo preludioa luzexkoa da. Egileak erraz konponduko ditu akats hauek, ez baitira oinarrizkoak, azalekoak baizik.

Epaimahaikoak Arturo Campion, Francisco Gaskue, Juan Montes, Jose Mª Agesta, Buenaventura Zapirain, Secundino Esnaola. Erdaraz publikatu zen akta.

Irailaren 25ean, plaza lepo, Sesé abeslariak Ibarrarten Ikazkin Mendian oinarri Larreak egindako kantua eskaini zien segurarrei pianoa lagun, eta publikoak sutsuki txalotu omen zituen konposizioa zein Sesé jaunaren lana. Akatsak barne? Epaileek aholkaturikoa eginda? Ez dakigu. Antzeko kronikak ageri direnez aldizkari bietan, oso litekeena da Segurakoaren berriemailea pertsona bera izatea, Euskal Esnalea-n euskaraz eta Euskalerriaren Alde-n erdaraz. Euskal Esnalea-k, hala ere, detaile interesgarri bat dakar sariketari buruz.

Eresi batzaldia. Lehendabiziko gaia: Pierre Dibarrart jaunak “Ikhaskina (sic) Mendian” irakurburu zutela egin zituan neurtitzai eratutako euskaldun eresia. Lehendabiziko saria, ez da inorentzat izan. Bigarrena, Usandizaga jaunaren “Mendi-Mendiyan”, Balentin Larrea jaunari eman zitzaion, baina gauza gutxi dalako ez du hartu nahi izan.

Bigarren saria, izan ere, Mendi-Mendiyan delakoa, izen horretako opera komikoaren pianorako partitura zen. “Gauza gutxi” hori, hein batez, irain handi samarra da konpositore batentzat.

 

Balentin Larrea eta bertsolaritza

Interesgarria izanen litzateke jakitea nolatan iritsi zen Ibarrart lapurtarraren Ikazkin Mendian bortxazko pieza izatera Seguran. Haren omenez, aurreko urtean hil zelako? Zergatik bertso sail hori preseski? Euskal Jaiaren eratzaileen artean ageri zenez –eta txistularien epaimahaiko–, Mateo Mujikak iradoki ote zuen? Edo Lekarozko musikari handi haietakoren batek gomendatu ote zuen Ibarrartena?

Dena den dela, Oiartzunen 1915ean antolatu ziren Euskal Jaietan, abesbatzen emanaldian, plaza lepo, Joakin de Errandonea tenoreak Ikazkin Mendian abestu zuen.

Balentin Larreak ez zuen bertsolaritza ezagutu Ibarrarti esker, lehenagotik zetorkiokeen interesa. Irunen 1902an eratu ziren Lore Jokoetan Seis preludios vascos aurkeztu zituen. Horietarik bat, laugarrena, Diálogo de los bersolaris. Eta ohar teknikoetan, Allegretto animato, Menos, A tempo.

Lehen saria irabazi zuen.

 

Zarautz, Francisco Franco karrika

Tarteka, udan bereziki, Zarautzera ezkondu zitzaion alabarenera azaltzen zen Balentin Larrea. Baina alabak etxean pianorik ez eta Balentinek “behatzak egin behar”, Elena Berazadi bilobak dioen bezala Berria-k 2021ean egindako elkarrizketan. Pianoa, Zarautzen, askok zeukaten. Hiru probintzietako apezpiku ohiak ere bai, Montemar etxera deserrefuxiatu zenetik 1947an. Balentin Larrea harengana. Behatzak egitera, doike, eta musika ez beste kontu batzuen inguruan eleketan aritzeko, aspertzeko, eztabaidatzeko menturaz, biak bakarrik gertatzen zirenetan: katoliko izatea zer den, komunismoa, Franco, molde berriko musika, Nafarroa, euskaltasuna… Mateo Mujikak hainbat bisita hartzen zituen, ez apaizenak bakarrik. Abertzaleek gogoan zeukaten Apezpikuak emandako laguntzak 1936ko altxamenduaren ostean. Berak bideratu zituen seguruenik han-hemengo gordegietara Manuel Lekuona bezalako asko, fusila ez zitzaten. Oraindik bizi da hark ezkondutakorik 1950-60 urteetan.

Montemar txalet handia eraitsi egin zuten etxemulko baten goititzeko. Hantxe du hasmenta, egun Gipuzkoa Etorbidea izena duen kantoi batean, Mateo Mujika karrikak.

 

Mixelengo zubia

Badakigu haizea ate joka ibitzen dela, leihoak zabaltzen dituela baimenik eskatu gabe, teilak harrotzen dituela, idortzen geneukan arropa eraman dezakeela, egosten ari behar lukeen ikatz txondorra erre dezakeela… Bertso paperak ere milaka eraman omen ditu betirako, haizeak. Lapurrari zemai eginez, Piarres Ibarrartek galera horren zati on bat estali zuen.

 

Mixelengo zubia, zubi famatua

arraintzariendako toki hautatua

haize hegoak han du azkarra xixtua

niri laster egin daut xapelaz tratua

xapelaz tratua.

 

Hameka orenetan, oraino barurik

Zubi hartan arraintzan ari nintzelarik

arrain bat naukalarik amuan loturik

haizeak ereman daut xapela burutik

xapela burutik.

 

Hasarre heldu hintzen, hozturik mendian

hiri mendekatu haiz, hobenik ez nian

zer huen hartzekorik ene xapelian,

gisa hortan sartzeko hartuta urian?

 

Apezari burutik xapela kentzia

barkatu erran gabe, hoi duk ausartzia!

Hegoa ero zela nian aditzia

noiz ikasi-gogo duk zer den zuhurtzia?

 

Hastiagarria haiz, egunaz bai gauaz,

oro erokeria, ez dakik zer nahas…

Ez duka urrikirik egin dukan lanaz,

gisa huntan emanik apeza buru-has?

 

Nungo Satan gorriak igorria hintzen?

Ez haut ikusi ere xapelaren hartzen!…

Hartu dukan lekurat ez baduk bihurtzen,

jakinen duk enekin zertarako haizen.

 

Haizea, izanen duk justiziaz gerla

segur duk, preso ere harturen hutela

Baionan galtzen badut, Pauberat apela

ez badautak bihurtzen ebatsi xapela.

ebatsi xapela!

 

Apezen xapelari aski aiher denik

baduk bai mundu huntan haizeaz bertzerik.

Kentzen ahal baluzte hik bezain isilik,

ez ginezakek ibil buruan xapelik,

buruan xapelik!

 

Baigorrin bertan bada zubi bat Errobi ibaiaren alderik alde Mitxelenia auzorako. Bai, irriño ironiko bat dario xantreari bertso hauek kantari. Doinu aparta asmatuko ziokeen Balentin Larreak, ez genuke zer harriturik. Ez ote luke barre eginen Mateo Mujikak berak?

 


 

Iturriak

X.X. Las Fiestas de Eibar. Euskal-Erria, 1901.07

Etxepare, Jean. Baigorryko phestak. Eskualdun Ona, 1905.08.11

Un socio de Euskal Esnalea. Y de la la Academia, qué? Euskal Esnalea, 1908.03.15

X.X. Certamen Musical. Euskalerriaren Alde, 1911. 09.30

X.X. Segurako Euskal Jaiak. Euskal Esnalea, 1911.09.30

X.X. Gora Usurbil. Argia, 1923.12.02

Ardunbe. Udarregi. Argia, 1935.01.02

Dunixi. La muerte del bersolari. Arte popular vasco, 1936

Olerkizale. La muerte del bertsolari. Euzko Deya, 1937.02.25

Lafitte, Piarres, Ibarrarten koblak. Herria, 1948

Urkizu, Patri. Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako kantak 2. Etor, 1991

Ugalde, Martin. Don Manuel Lekuona. (Etxezarreta, J. M. Bertsolarien desafioak guduak eta txapelketak. Sendoa, 1993)

Telleria, Enekoitz. Aitona Valentinen doinuak. Berria, 2021.05.26

https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/fr/mugica-urrestarazu-mateo/ar-82637/

Eskerrik anitz Amagoia Gurrutxagari, Gorka Arreseri, Iñaki Muruari.

 

Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin Balentin Larrea musikari, Mateo Mujika apezpiku, Piarres Ibarrart ikazkin