BECtarra, identifikatu gabeko espeziea

BECtarra, identifikatu gabeko espeziea –

Testua: Jokin Bergara
Ilustrazioak: Joseba Larratxe “Josevisky”

 

BECtarra, identifikatu gabeko espezieaEuskal Herriko egun nazional handitzat dute batzuek, igande-pasa atsegintzat beste zenbaitek eta katarsi kolektiboaz hitz egin duenik ere bada. Denek ere, une eta memento bera partekatu izana daukate lotura, bakoitzak bere modura, noski. Bai, ez da ezkutalekutik askotan ateratzen, baina lau urtean behin lotsa guztiak ahazturik agertu ohi zaigu BECtarra.

Nor da, ordea, bectar izateko ohore ahaztezina lortzen duen pertsona moldea? Nondik dator? Zergatik? Zerk motibatzen du? Zer da beretzat hor gertatzen ari dena? Zer esanahi ematen dio? Bada, metodo zientifiko-soziologiko berritzaile eta huts egiten ez duena erabili dugu hautsak harrotzera datorren ikerketa honetan: intuizioa. Guztioi loa kentzen diguten galdera horiei erantzuna emateko, Mintzolaren ikerketari itzala egingo dioten emaitzak atera ditugu argitara, bectarren sozio-logika begi-bistan izan dezagun.

Pertsona bakoitzaren berezitasun eta zehaztasunetan sartu barik, patroi orokorra jarraitzen duten lau bectar talde mota bereizi ditugu. Batu ginenotarik %90 sar gaitezke bertan; hortik aurrerakoa, unexplored zone. Hauek dira, bada, perfil soziologikoaren osaeran parte izateko ohorea izan duten pertsona motak:

 

 

BECtarra, identifikatu gabeko espezieaIntelekt-santea: Masa kulturaren gizartearekin erabat kritikoa den betaurrekoduna. Futbola, showa eta diskoteka parrandako planak gorroto ditu, nahiago du bere etxeko bakardadean Jean-Paul Sartre irakurtzen egon, musika klasikoa entzuten duen bitartean. Nazkagarri zaio elkarrizketa oro (ogia erostera ere kostata jaisten da etxetik) eta ez da oso hitz egin zalea, maila batetik behera bederen. Kapital kultural handikoa, liluratuta dago ikusita era honetako gaiak lantzen dituen jardun batek nola bil ditzakeen horrenbeste mila pertsona. Mintzolak argitaratu dituen azken doktorego tesien marko teorikoak irakurri eta aztertu ondotik, BECeko aulkietan beretzako toki bat dagoela nabaritu du azken urteotan. Elortzaren amerikana bereziki gustatu zaio. Orain, beste lau urtez gordeko da etxean, masa ekitaldi baten parte izateak (borondatez joanagatik ere) energia sozial guztiak xahutu baitizkio.

BECtarra, identifikatu gabeko espezieaGazte kritikoak: Herri kultura eta kapitalean oinarritu gabeko jarduera ikusten dute bertsolaritzan, gauzak eder esateko modu bat, hegemonikoa ez dena (euskal mundutik kanpo, esan nahi baita), eta unibertsitate(garai)ko lagunak topatzeko aukera ematen diena. Oroitzen dute Gasteiz edo Bilboko alde zaharra zein ederra den ostegun gauetan. Eskuarki kamiseta aldarrikatzaileak daramatzate, izan Errekaleor, Herria bizirik edo AHTrik ez leloak dituztenak. Bada alkandora eta pastazko betaurrekoak janzten dituenik ere, antikapitalistaki eleganteagoa (Uxue Alberdi dixit) izan nahian edo. Euskal Herriko bertso-eskolak tipologia horretako jendez beteak daude. Iruditzen zaie txapelketa alternatiboetan salbatuko dela Euskal Herria, eta Sarasuaren zortziko txiki famatuaren posterra dute logelan. Halakoa erraz identifikatzen da bertsozaleen faunan: eztabaida zalea da, twitter erabiltzailea gehienetan, eta ezin du jasan mikrofonoaren hankara itsatsirik dagoen Euskaltelen publizitatea.

BECtarra, identifikatu gabeko espezieaBalekua izan denk!-tarrak: Herri euskaldunetatik datorren zalea izaten da honakoa, normalean. Herri-giroan bizi izan du bertsolaritza, umoretik eta elkar zirikatzetik. Euskara trinko dagoen inguruetatik, bertsoak tradizio sakona duen guneetatik edan du gehien. Kapital sozial ikaragarri handia du, komunitatean egoten oso ondo daki; alegia, soziedadeko asteazkeneroko afaririk ez zaiola falta. Ez da oso irakurzalea, taberna bueltako hitz-aspertuan nahiago du Reala edo Lau eta erdiko txapelketaren azken ordukoez aritu, Saizarbitoriaren literatura kostunbristaz baino, nahiz eta Durangoko Azokara hutsik ez egin. Deseroso dago oro har azken txapelketan kontatu diren istorio batzuekin, baina eztabaidatu dezake eta kolektiboaren parte sentitzen da. Balio aurrerakoiak dauzka orokorrean eta oso garbi du nondik datorren, txikitik eta xumetik. Lizasoren agurrean emozionatu egin da.

BECtarra, identifikatu gabeko espezieaFularzale koloniadunak: Hiritarrak edo herri handi samarretako biztanleak dira. Euskaldunen artean klase ertain altua osatzen dutela esan dezakegu: kooperatibisten seme-alabak, administrariak, banketxeetako langileak, irakasleak, profesionalak… Soldata ona daukate, igandetako arropa garestia erosteko ahalmena, eta BECen ez dira gutxiago izango. Horietako batzuek eskolan ikasi dute euskaraz, bereziki eskolan ondo ibiltzea garrantzitsua izan zelako euren gurasoentzat. Beste zenbait euskaldunak dira jatorriz, baina egunerokoan gaztelera dute lehen hizkuntza, bai idatziz, irakurriz edo prestigioa duen edozein ekimen burutzean (bilerak, solasaldi serioak etab.). Kultura kontsumitzeko egunpasa interesgarria ikusten dute horiek ere BECen. Ez dira lau urtean bertso-saio askoz gehiagotara joango; akaso, herriko antzokian egingo dutenera, BBK live edo beste jaialdi cool-ago batekin datak bat egiten ez badu behintzat. Polita iruditzen zaie jarduna, baina ez dute katarsi kolektiborik bizi, ez dira orgasmora iristen, erreferentzia askok ihes egiten baitie. Kultura maila txukunekoak dira, eta bertsoa balioan jartzeko gaitasuna dutelako daude hor, inguru euskaldun bat eduki bainoago. “Erkin” hitzaren esanahia ez dute ulertu, hiztegian begiratzen lehenengoak izan dira. Beste batzuek, zekiten itxura egin dute. Azkenaldian, euskal mundu interesantearekiko sinpatia nolabaitekoa garatu dute, Anariren diskoa eta Ruperren pare bat kantu entzunaz tarteka. Jaietan, txosnetara hurbiltzen ere hasi dira apurka, kuadrillakoren batek turnoa zeukala eta kunplitzearren; ez dira lekuz kanpo sentitu. Urkullu sinpatikoa zaie.

 

Ikerketa eremu zabala

Populazioaren %90 hartu du gure ikerketaren tipologia honek. Beste %10a deskribatzea oso zaila egin zaigu, gauzarik arraroenetakoak ikusi baitituzte ikertzaileek. EH Bilduko zerrendetan izena ematen duen hautagai independente despistatu horretatik hasi eta edozer topa daiteke ingurune honetan. Agian ez da gehiegi komeni terreno horretan arakatzea.

Berriz ere lotara gorde da bectarra, beste lau urtean ez dugu uste bere burua jendearen aurrean azalduko duenik. Ikusiko dugu zer-nolako itxurarekin datorren hurrengoan. Gure ikerketaren emaitzek bi tipologia-mozorro berri behintzat agertuko direla pentsatzeko nahikoa datu ematen digute. Adi jarraitu beharko haren loaldia.


Bertsolari Aldizkariarentzat egindako ilustrazio hauen marrazketa prozesua grabatu zuen Joseviskyk. Musika: Joseba Lenoir

BECtarra, identifikatu gabeko espeziea
BECtarra, identifikatu gabeko espeziea
BECtarra, identifikatu gabeko espeziea