Bertso ibilbidea: Araba

Oihane Perea-(r)en argazkia Oihane Perea 2020-01-27
Argazkiak: Beñat Hach Embarek

Bertso ibilbidea Araban –

Barneko hots sendo bati entzunez bezala, azaletik barrura eta orainalditik iraganerako Ibilbidea prestatu nahi izan dut. Araban bertso mugimenduan, euskararen historian, eta nire bizitzan kolorea jarri duten oihal zatiak josi eta berrirakurri nahi izan ditut. Nire egin ditut emakume askoren puntadak. Testua Txatalez egindako alfonbra magiko bihurtu dela iruditu zait, gogorik baduzue, denboran eta espazioan gurekin batera bidaiatzeko.

 

 

  1. Geltokia: OLLERIAS.

Inprobisatutako hitzak buztinezko ontzitan

Gogoratzen naiz lehengo amonen
zapi gaineko gobaraz
gogoratzen naiz lehengo amonaz
gaurko amaz ta alabaz.
Joxei ta zuei mila zorion
miresmenaren zirraraz
ta amaituko dut txapel zati bat
zuek guztiontzat lagaz.
Gure bidea ez da errexa
bete legez, juizioz, trabaz…
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz
eta hemen bildu dan indarraz
grinaz eta poz taupadaz
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz.

Maialen Lujanbio.

2009ko Txapelketa Nagusiko finala BECen

Txapeldunaren agurra

 

 

Transmisioaren katea erabat eten gabe berreuskalduntzen ari den inguruan hasiko dugu bertso ibilbide berezi hau, Ollerias herrian, Buztingintza museoan. 1711tik 1958an urtegiko obrak amaitu arte Ortiz de Zaratetarrek zuten buztingintza labea berreskuratu eta lantegi eta museo bilakatu zituen ilusio handiz Blankak.

Euskaraz mintzo ziren diktadura aurretik inguru hauetan, diktadura garaiko belaunaldian gertatu zen etena, isilaraziak izan baitziren, eta belaunaldi oso batek galdu zuen salbuespen txikiren bat gorabehera. Oraindik ere estatu kolpearen aurretik jaiotako aitona-amona bakan batzuk bizi dira eta euskaraz mintzo. Azkenak dira zoritxarrez. Ahotsak proiektuak bildu du horien testigantza. Sarean daude eskuragarri www.ahotsak.euswebgunean.

Pilar Urkiola Badiola 1942an jaio zen Zigoitia inguruan. Elosun eman genuen urte batzuetan gazteen Legutioko bertso eskola eta gogoan dut zenbat zaindu izan gaituen beti. Bertso eskolara etorri zitzaigun behin laguntza eske, bilobaren ikastolan aitona-amonek zerbait egin behar zutela haurrekin jaialdi batean eta berak bertsoa bota nahi zuela… Konplexuekin baina erraztasun handiz osatu zuen eta gugana etorri zen egindako testutxoa zuzendu nahirik. Bertso eskolan amama arabar euskaldun bat egun bakarrez bada ere ikasle izateak eta bertso kantari entzuteak sortu zidan zirrara ezin dut hitzez deskribatu.

Gogoan dut Blanka Gomez de Segurak egin izan dizkigula finaleko oroigarriak urte askoan. Eta ez nolanahiko oroigarriak. Pegar eta pitxar ederrak maitasun handiz txapelketarako propio margotuak. Bertsolaritzarekin lotura estua izan du Blankak buztinaren bidez. Eta kariño handiz egindako pegarrak bere eskutik jaso genituen 2008an Printzipal Antzokian.

Garai bateko emakumeak iturrira, labaderora edo urtegira joaten ziren buru gainean zapia eta zapi gainean pegarra bezalako ontziak harturik zenbaitetan, arropa garbitzeko saskia bestetan. Bide luzeak egin behar izaten zituzten askotan tokira heldu arte, eta beldurra ere ezagutuko zuten. Horiek izango ziren nekazari mundu horretan etxetik kanpoko egiteko nagusiak. Pentsatzen dut gune ederrak izango zirela plaza horiek jendea ezagutzeko, lagunekin gauzak konpartitzeko eta kanturako, orduak emango baitzituzten kantari ur hotzarekin arropa garbitzen, ekin eta ekin aritzen ziren bitartean.

Pilar Urkiolak urtegira arropa garbitzera nola joaten ziren kontatzen du.

 

Bertso ibilbidea Araban

 

ZERAMIKA ETA BERTSOA ELKARREN ESKUTIK

Eraldaketa SortzaineON afera.

Izar Mendigurenek kantatua Blanka Gomez de Segura buztingintzan ari zen bitartean. 2018ko abendua.

Doinua: Abadiñoko Karmentxu

Ez gara soilik soineko,
baina pitxarren antzeko
buelta asko eman behar dira
nahi den emaitza lortzeko

Bizitza da keramika
hauskorra bezain polita
forma soilik ematen da
norbere eskuak bustita

Egin dugu historia
aldarriz bete ongia
arrakalekin beteta
ez al dago memoria

Borrokak eta lorpenak
zein ahots dauka sormenak
sarritan isildu dira
emakumeen izenak

Zer topatu dut euskeran
ontzi bat, anforen eran
alfonbra magiko gabe
urrun iristeko hegan

Gabezi denak gabezi
elkarlanaren sintesi
bakoitzak bere ukituak
egiten gaitu berezi

Sinistu eraldaketan
gozatu erakusketan
mundua gure begitan ez,
dago gure eskuetan

 

 

Erreportaia osorik Bertsolari aldizkariaren 115. alean…

 

Bertso ibilbidea Araban
Bertso ibilbidea Araban