Bertso ibilbidea: Zuberoa

Mixel Etxekopar-(r)en argazkia Mixel Etxekopar 2020-09-30
Argazkiak: Joanes Etxebarria

Zuberoa –

BERTSO IBILBIDEA

Etxebarre – Barkoxe – Larraine – Iruri  – Gotaine – Maule

 

Berterretxeren kantorea (XV. mendea)

Agur Xiberoa, bazter guzietako xokori… berdeena, xuriena, gorriena, beltzena ere, zein egunetan gertatzen den. Goazen EHko iparralde ekialde urrun hartara. Zuzen ez dakigu batzuetan non garen, zeren Etxahunen ondokoek, gure etxetik hegoaldera begiratuz, Orhi gainea baitugu iparrorratza! Lehenik autobidez, gero autobiaz, bidez eta, azkenik, xendraz heltzen gara Zuberoara, Xiberora, batzuetan Siberiara erran genezake, hain hurbil izanik hain urrun sentitzen garelako! Gurera bizitzera datorrenak batzuetan berrogeita hamar bat urte pasa dezake lekuko altxorrera, euskal hitzera hots, hurbildu gabe! Horrek pena ematen du, dakigularik mende bakoitzak utzi duela ontasun ederrik, airean kantatutako poesietan, gure bardoek mendez mende asmatu eta errepikatu errima haietan. XV. mendeko Berterretxeren atorraren koloreaz beharrik axolatzen diren, garen batzuk, eta, gehiago dena, lau haizeetara zabaltzen, XXI. mende hiperkonektatu honetan. Oilo bat gripez eztulka Maltako uhartean eta baietz hiru minutu barne jakin, baina Etxebarreko Ezpeldoi aldeko harriaren berririk ez! Zorionez, harri hura bera mintzo da, isil-isila, oihuz. Ezpeldoia Etxebarre herri bazter batean dago, eta harria han datza, Zalgizeko erretorea zen Roger Idiarti esker, iragailearen bistan. Agerian da larraintarra hil zuen balezta ere… Berterretxe gaztea oraindik harrian harritua dago, bera hil zutenetik kasik sei mende geroago gertakari latz hura kantuz aipatzen dugulako. Berak orduan haatik axola guti zukeen Andozeko ibarra hatsalbo zeharkatu zuenean, haboroziz Marisantz ama belaunak herresta lasterka heldu zenean Lakarri Büztanobira bere semea hil ala bizi zen jakin nahian…

Baina batek bertso kronika ondu, eman zuen, beste batek entzun eta ikasi, ama batek sutondo zokoan haurrari xuxurlatu, artzain batek olhan oihuztatu, ahoz aho kurritu zen gutara heltzeko. Haltzak ez du bihotzik, baina oinak urean laket da eta ostoetarik odola omen dario, Margarita alabaren negarra, Larraine Berterretxeko seme maitalea galdurik. Haltzen erregea ere ez zatekeen Berterretxe, baina atorra xuriak gorritu ziren Ezpeldoiko bokata hartan, bugada bearnesek diotenaz, lixiba hots.  Ibilaldian Etxebarre non den jakin nahian bazaudete, erranen dizuete munduaren bazterrean dela, ez da egia, aitoren semeek ere gezurra diote, zeren munduaren abiapuntua baizik ez baita, goazen…

 

Berterretxeren kantorea

Haltzak ez dü bihotzik / Ez gaztanberak hezürrik
Ez nüan uste erraiten züela aitunen semeek gezurrik

Andozeko ibarra / Ala zer ibar lüzea
Hiruretan ebaki zeitan armarik gabe bihotza.

Berterretxek oheti / Neskatuari eztiki
«Abil, eta so egin ezan gizonik denez ageri»

Neskatoak berhala / Ikusi zian bezala
Hiru dozena bazabiltzala borta batetik besteala.

Berterretxek leihoti / Jaun konteari goraintzi
Ehün behi bazereitzola beren zezena ondoti.

Jaun konteak berhala / Traidore batek bezala
«Berterretxe haigü bortala ützüliren hiz berhala».

«Ama indazü atorra / Mentüraz sekulakoa
Bizi denak orit ükenen dü Bazko gaüerdi ondoa

Marisantzen lasterra / Bosmendietan behera
Bi belaünez herresta heltü da Lakarri Büztanobila

«Büztanobi gaztea / Ene anaie maitea
Hitzaz honik ez balinbada ene semea joan da».

«Arreba, hago ixilik / Ez otoi egin nigarrik
Hire semea bizi bada, Maulera dün joanik.

Marisantzen lasterra / Jaun kondearen bortala
«Ai, eia jauna non düzüe ene seme galanta»

Hik bahüana semerik / Berterretxez besterik
Ezpeldoi altean dün hilik habil eraikan bizirik»

Ezpeldoiko jenteak / sendimentü gabeak
Hila hain hüllan üken eta deüs ere ez zakienak

Ezpeldoiko alaba / Margarita deitzen da
Berterretxen odoletik ahürka biltzen ari da

Ezpeldoiko bukata /Ala bukata ederra
Berterretxen atorretarik hirur dozena ümen da.

 

Zuberoa

 

 

Beñat Mardo (XVIII. mendea)

Etxebarretik Barkoxera, Maidalena mendia gaindi goaz, han dagoen Errauts Gorri Xehe jainkosa agurtuz, Erromatarren Aroan kaperan grabatua utzi baitzuten. Nor ote zen ez jakin, baina bere garrantzia zukeen harrian egoteko. “Hautsak errautsak bezain”, gure Itxaro Bordak dioen legez. Zenbat bertso, zenbat neurtitz ez da erraustu, ahantzi. Barkoxen ere koblakari famatuak ziren, hala  Beñat Mardo, eta pentsatzen ahal da haren bertso gehienak erraustu direla. Alta, Jaun Baru batentzat egin zituenak ez dugu urterik pasatzen ostatu zokoan oihuztatu gabe, ez Xiberoan, ez Orioko bardoari esker zabaldu zena. Gatü jaleen kantore pollita ere berak sortu omen zuen. Barkoxeko merkatu egun hartan desafio airea zen XVIII. mende hartan, eta bertso horietan nabaritzen dena da Mardo ez zela bakarrik, Museina bertsolaria zuela ihardesle. Koblakari bat ez litzateke koblakari ez balu inguruan lehia, purfudia, nehor hari erantzuteko. Goazen entzutera, begiak itxi eta filma ikusi, joslea zintzarrigilearen aitzi, merkatu betean, Barkoxeko bertso-kale-borroka:

 

Beñat Mardo: Ni deitzen nük Beñat Mardo

Ni deitzen nük Beñat Mardo, Barkoxe Basabilako
Otoitzen haüt ez dizadala kantorerik hont haboro
Ez dakika ni nizala bürüzagi hartako?

Kantore hontzale hizalakoz düka hartzen banitate?
Aprendizik etzaik ez jinen Gainetarik batere
Basabilako laurentako nihaur enük ahalke

Kobla horren emailea ezta laboraria
Zonbait markis edo konte edo kardinalea
Bürdüñarik düanean zintzarri egilea.

Zintzarri egile nizala ez hadila ez düda
Alta ez haüt interronpitü izigarri ardüra
Bürdüñaren txerkara jinik hire magasiala.

Hitzaz gütük estonatzen Museñako kontia,
Zerentako hartzen düan Gainetarren altia
Ar’eta nik ere eztiat hiretako antsia.

Konte markis kardinale ezin izan gintake
Hobe diagü bai egonik hartü gabe banitate
Hi tallür hizan bezala ni zintzarri egile

Zuberoa

 

 

Etxahun Barkoxe (XIX. mendea)

Merkatua urrendu zen, Mardo eta Museina luzatu ziren ostatuan, Mardoenean menturaz, orain berriki arte ostatu baitzen Barkoxe erdi-erdian. Bertso andana galdu zen, baina hazia egon zen zeren XXI. mendean oraindik dantzari, kobla eta pastoralzale sutsua dago etxe hortan!

Barkoxe herri zabala, Basabila ez da Burgua, biak Txapela eta Gaztelondo auzoetarik urrun daude. Mardok ez zuen Pierre Topet Etxahun Barkoxekoa ezagutu, azken hau 1786an sortu baitzen, Etxahunean. Etxegune zela ezin uka, nahiz eta orain gunea bai, baina etxerik ez izan… Eskerrak Barkoxtarrei haren memoria minbera gogoan atxiki dutelako, harrian bai eta gehiago kantoreak errepikatuz, pastoralak eginez. Bitxia, zeren bazatekeen arrazoin gehiago Barkoxeko Etxahunen ahanzteko, Beñat Mardo baino, beharbada… Etxe ona zela aldiz ez daiteke erran poeta dohakabe honen bertsoei paratzen bada. Bizitzearen kantorea izenekoak berrogeita zortzi ahapalditan berrogeita zortzi urteko zorte tristea kontatzen du, bat aipatzekotan! Poeta madarikatutik bazuen segur ere, Jon Etxaide Ithartek bere fikzio historikoan ezinago ederki harilkatzen duen bezala, baina satira-kitzika ere erabiltzen zuen maisuki. Ene ustez horrek zion preseski arrakasta ematen, XIX. mendeko jendarte pisu hartan ziri zirrikitu leihoak egiten baitzituen…

«Gaztelondo handian agitü niz arrotz…» Etxahun Barkoxe arrotza zen bere herrian, bizi osoan arrotz. Baina «ahaide deliziusetan» zenbat berset, zenbat bertso ez digu utzi ! Goazen berriz begiak zerraturik, filma hastera doa, Gaztelondo auzoko etxe aberats batetan nolako bazkaria eginen duen gure koblakariak:

 

Gaztelondo handian

Gaztelondo handian agitü niz arrotz
Apairü baten egin düt ez beitzen gorgotz
Ontsa barazkaltüren nintzala nintzan botz
Kümitazalea aberats nilakoz
Zopak nüntin artoz
salda ahül gatxotx
Golalea hur hotz
Eta hetarik landa bi pattako erhotz

 

Zopa jan nüanean ni alde orori so
Zer ote ükenen nüan pattako hekiko
Etxeko andereak ekarri züan arto
Ogirik ez beitzüan apairü hartako
Zieta nüan sako
gatülüa manddo
Küilera zurezko
Tahalla beltz ta xatar bat lunjetarako

 

Etxeko anderea aberats zira zü
Jeneros ere bai arrotza handi badüzü
Bena nahi bazina izan ohoratü
Ez zünükean behar ttipiez trüfatü
Zük butilla hartü
Besteer butillatü
Haier ez eskentü
Holako konpainetan ez niz agitü

 

Bazkari ürrentzean bi paper nik hartü
Bazkaria beitzeitaden eman pakü
Zük etxekanderea ordüan ardu hartü
Orori butillatü eni ez eskentü
Nik hura galtatü
Nahiz ardu hartü
zük ez konprenitü
Hartakoz lau berset horik üken dütüzü

Filma itzali da, oraindik Lohidoi pastoral aktorearen ahots ozena dugu gogoan, hark hiru aldiz “Etxahun zaharraren” kargua hartu baitzuen hain ederki!

Zuberoa

 

 

 

 

JB Borthiri Sala (XX. mendea) 

Bidea har eta goiti Larrainera.

Etxahun 1862. urtean hil zen, zahartzaroan bere etxekoak urrikaldu eta etxondoan harturik. Urte ttipi batzuk geroago Prusia handiak Frantzia handiagoa umiliatzen du, eta koadroa marrazten XX. mende odoltsua iragartzeko. Ez dakit zer oihartzun zuten Xibero Basaburuko Larraine Salan, nola aurkezten zioten Batista Borthiri Sala ttipiari (1889 – 1974), haurtzaro urosa bizi zuela etxondoan. Haatik gazte-gaztetatik bere haragian ikasi zuen gerla zer zen, eta etxean ikasi koblaka, on egin ziona gerrako aberekerien ondotik bizirauteko; batzuetan bertsoek beste dimentsio bat hartzen dutela dirudi. Berrogeita bat bertsotan bere zorigaitzaren kronika zabaltzen du. Gure ibilaldian, hemen, hamar batetan mugatuko gara; horietan, bizia eta heriotza arteko marra odol kolorekoa ikusi duela sentitzen da… Etxe anitzetan bezala, Larraine Salan lau seme izan ziren gerlan. Batek bizia galdu zuen, gure Batista elbarri itzuli zen eta Bordelen bizi berri bat abiatu zuen zerotik. Zahartu ondoan Atharratzeko ospitalean eman zuen azken hatsa, eta ez Craonneko bonben azpian, hiltzat utzia izan zen bezala alemanek bildu zutenean… Goazen “Chemin des Dames” xendra gorbeltz hartara:

 

Hamalau-hamazortziko gerla

(1919an onduak – airea: Ahaire delizius hontan)

 

Zorteak zer ekarri deitan / ene gaztetarzünian
Turmentü eta eskernio / enetzat bazen mündian
Sobera badüt ikusirik / edükiteko bürian
Breset zonbait adela eta / igorten tüt üngürian

 

Ezpiritü airusa nüan / hasirik gazte gaztetik
Denbora hetan irus nintzan / aitetama aurrideki
Ardüra nintzan deskantsüan / ene gazte lagüneki
Damürik ez beitüt ordüan / ez profeitatü hobeki

 

Obligazione bat beita / gizon gaztearentako
Legeak eraman nündüan / hogei urtetan soldado
Bi urte han igaran eta / beste biez berantago
Gazteko ene egün ederrak / han izan dira akabo

 

Mila bederatzü ehün ta / hamalaugarren urtea
Agorrilaren bigarrena / orhit edükigarria
Europa sütan ezari düe / hartarik mündü güzia
Pizteko aski izan beita / bi gizonen ürgüllia

 

Alagera egin beharrez / partitü nintzan etxetik
Ama nigarrez ützi eta / aita begiak beterik
Lau aurride gazteak ere / baratü ziren tristerik
Sor leküaren hola üzteak / ez zeitan egin plazerik

 

Bilagarroa da mintzatzen / goizean argi azkorrian
Heben orroaz hasten kanuak / Craonneko bixkarrean
Txoririk ez habo(ro) pausatzen / Hurtebiseko oihanean
Zühain adarrak beitirade / mila frisetan lürrean

 

Bere malürrez ohartzetik / nahiz ez den profeitürik
Oren hau ez zait ez seküla / joanen pentsamentütik
Kolpatürik erori baiko / etsaiez üngüratürik
Ez nüan besterik pentsatzen / nintzala baizik galdürik

 

Oren tristerik balinbadü / norbaitek üken mündian
Gaü egünak han igaran tüt / lagün bat hilik aldean
Berek hiltzat ützirik naüe / altxatü bihamenean
Zainetan odol güti bena / hatsa orano banian

 

Egünak doatza ondozka / bena ez algar üdüri
Gizonak ere ez dirade / ez oro bardin bühürri
Batak nündin botatü nahi / nonbait hurilat zübüti
Nahiz etsai bestea ere / ez dü egitera ützi

 

Ez hil ez bizi eraman naüe / nonbait Frantzia gaineala
Larraine Salan aldiz tristerik / berri gabe aitetama
Gaixo ainera hi abil hoa / otoi mezüler bezala
Etsaien aztapar pean bena / orano bizi bizia

 

Breset horietan aipatü düt / nolako zen ene xantza
Hala ez denik hitz bat ez da / segürrago zerbait falta
Diskrezione hau düt galtatzen / nola beitüt esperantza
Nihauren aitzinean otoi / ihork ez ditzala kanta

Bertsoak normalean kantatzeko eginak dira, kasu honetan haatik Borthiri Salak berak haren aitzinean ez kantatzea eskatzen du, eta aise konprenituko dugu, bai eta orain eskertuko guri hain hitz ederrez gauza hain itsusiak zabaldurik.

Zuberoa

 

Louis Ligetx (XX. mendea)

Ibil gaitezen, beti Larrainen, herri ttipia izanik lurrez zabalenetarik baitugu, Andozeko ibarretik Orhi gainera. Ligetxea, justuki, Andozeko ibar hartarik ez da urrun, nahiz mendi malda goratik bazterrak miresten dituen. Louis Ligetx (1901-1940) gazteegia zen hamalauko sarraskian sakrifikatua izateko, baina, garai hartako guziek bezala, hark ere pairatu zuen gerraren eragina: aurride bat galdu, funtsean orok izandako ordain minimoa, Larrainen berean 47 mutiko gazte hil baitziren, hau odolustea… Louisttori gaztetatik ernatu zitzaion koblakako ganoa, bai familiatik bai eta Larrainen zebiltzan langile nafar batzuei esker ere; haietan Oxobi izeneko inkatxero bertsolari bati omen… Nolanahi ere, bera bat-batean eta idatziz garaiko hoberenetan agertu zen, bai eta hasi plazetan ibiltzen. Diote Etxahun Iruriri ere koblakako pindarra piztu zitzaiola Zalgizeko besta gau batez, Ligetxi beha… Zorigaitzez, gazterik zendu zen, zenbat bertso egiteke utziz, eta Etxahun ihardeslerik gabe abandonatuz! Beharrik, perla sorta batzu egon zaizkigu zahar-gazte guzien ezpainetan; Buneta eta txapela famatua, besteak beste. Ibilaldi honetan haatik ezin burutik kendu gerraren herexa gorria Larraineko alhagia berde marduletan. Beraz, Ligetxen amets bati para gaiten:

 

Gerlondoko amets bat (1914-1918ko gerraondoan)

Urzo lepo xuria hona hiz apalik
hirekila jin nintek nik banü ahalik
Zohardi diagü eta airea epelik
Ez dük bardin aitzina joaiteko ahalik
Pausa hakit aldean ez dün ene axolik

 

Ihizlari gaixoa mintzo hiz ejerki
Bena ez nük abiatzen sobera arinki
Hire deseina zer den oitean baneki
Axolik ez düdala segürtantxareki
Pausa nintek hireki mila plazereki

 

Ene deseina zer den nahi deat agertü
Plazer düalarik mement bat behatü
Nahi deat lehenik gaüza bat galtatü
Gerla lekü horietan hizanez pausatü
Eta gero zer düan han aperzebitü

 

Igaran den urtean ez nündüan pausatü
Bazter orotan tiroz beinüdüen ohiltü
Aurten isiltarzün bat diat ezagütü
Ene ustez ber güneetan izan nük abüsatü
Bena hanko tiroek ez naüe anbüratü

 

Ez hüan ez aurtenko kolpeen axolik
Zonbait egün hontan dük gerla akabirik
Bitoria badiagü ontsa kostarik
Biga bost maleruski hantxe baratürik
Frantziaren salbatzeko amak dolü eginik

 

Nahi deat nik erran han zer den ageri
Norat nahi so eginik orotan hil herri
Kürütxe beltz elibat zahar eta berririk
Bürdün txapel bedera bürüan jauntsirik
Ari dütük emaiten esküak algarri

 

Pena egiten deitak bihotza(re)n erdian
Kürütxe beltz horietzaz mintzo hizanean
Anaie bat badiat hetarik batean
Plazer badük lili bat e(r)aman ützültzean
Nahi haüt ontsa hazi aurtenko negüan

 

Hirekin egonen nük negüan gustian
Ogi bihi jan eta lo hegatz pean
Liliarekin joanen daigün bedatsean
Hura moskoan eta nigarra begian
Pausatüren dioat xüxen kü(rü)txe gainean

 

Haren kepia dükek kürütxe gainean
Ürre galu batekin alde aitzinean
Ezar ezok lilia ontsa agerian
Jenteek ikus dezaten ebilten di(r)enean
Hetaz ohartzen di(r)enak badi(r)ela mündüan

 

Eta lehen lilia zeikünean jelki
Urzo gazte xuria aidatü tristeki
Larraine ere kitatü bost haspereneki
Eraman dü lilia moskoan ejerki
Gure eskerrik hobe(r)enak besarka handieki

 

Etxahun Iruri (XX. mendea)

Zelai haietako gurutze beltzak utziak, beude han goian, edo Frantzian behean hobeki erran, goazen Larrainetik behera Maulera buruz, gure hiriburu nagusira; erran nahi baita, herrixka ttipitxo hartara. Bide bazterrean, Iruriko plazan, gure harrizko Etxahuni keinu bat eta Mauleko plazan gurutze bat dago, zuria aldi honetan. Leku hartan intxaurrondo bat zegoen eta haren azpian justizia zen egiten hainbat gizalditan; behin zuhaintze hura eihartu omen zen eta gurutze zuria ezarri zuten. Hain zuzen, hau izan zen zuzengabeko justiziaren lekuko 1661. urtean: zuberotarren oldarra eraman zuen Matalaz mitikiltar apezari burua moztu zioten leku hortan berean, herritarren odola hotzarazi nahian. Lortu zuten ez dakit, baina argi dena da Mitikileko seme zen Bernard Goihenetxekoaren izen eta izanak ospea bildu zutela XX. mendea arte. Matalaz pastorala ondu zuen gure Etxahun Iturrik historiaren ixtorio hura kontatuz eta Matalaz apez izatetik mitora pasatu zen! Bai, eta ondotik Iruriko kontea (Le Comte de Tréville) pastoralean Etxahunen dohainak bi kantu sartu zituen Zuberoako “estandarretan” sartuko zirenak: bat, De Trevilleren azken hitzak eta bestea, etsai zuen Matalazen hiltzea. Honen gozatzera goazen, zauriak lore gorri bihurtuz:

 

Matalazen hiltzea 

Argi leinürüa hasi zaikü agertzen / Lextarreko plazan kürütxe xurian
Erregeren ordrez harat Matalaz doa / tristerik gaixoa bi guarden artean
Bi eskü(a)k kateaz nolaxe tinkatürik / kriminelen gisa thiran bizkarrean
Aizkora handiari bürüz hori zer lazkeria / izigarrikeria ez denean ogendant

 

Ene Mitikile oi zer lekü maitea / banüan desira lüzaz bizitzeko
Zure boztarioan zure bake handian / zure besoetan ontsa gozatzeko
Jaun konte tzar batek ürgüllüz ekintüa / sobera zeitadan popülüarentako
Orai hil behar düt bena nahiago düt / hola eziz bizi jaun horren esklabo

 

Adios Xibero zazpi probintzietako / ene uste orotan xokorik hobe(re)na
Orai heltürik da düdarik gabetarik / jüjatü bezala ene azken orena
Dener parkatzen düt Jinkoarek bezala / begira dezaien ene orhitzapena
Borreroak züer orai gomendatzen niz / egin ezazüe orai züen lana

 

“Dolü gabe dolü gabe hiltzen niz…” horrela hil omen zen Matalaz, horrela idatzi omen zuen… Nik fax bat izan nuen haren ganik mende hau hasi berrian, otoizten baigintuen jagoiti bertsioa alda genezan holaxe kantatzeko:

“Dolü gabe dolü gabe bizi niz / hiltzea Xiberoarentako ohiltzen baitut / segurra segurra azkorrian / jeikirik dira egiazko xiberotarrak / egiazko Euskaldunak besteen artean bizitzeko”.

Barkatuko duzue lore bezainbat elorri baldin bada ibilbide honetan, baina XX. mendea, guretzat behintzat pasa den hurbilena, izan da frantziar-frantses egin gaituen bortitzena. Horretarako, Matalazen mezu honki jina zabaldu nahi izan dizuet, ortzadar gisa…

 

Joanes Etxebarria (XXI. mendea)

Ibilaldi hau urrentzera doakizue, oinez egiten baduzue haatik hobe bizpalau egun harturik… Hala bada, zoazte Mauleko plazako Euskalduna ostatura eta hartu trago bat ene kontu, merezia baituzue! Xantza amiñi batekin entzunen duzue kantu bat, nik aipatutako hauetarik edo besterik; eta xantza gehiagorekin entzunen duzue kobla zerbait, bai bertso bat, XXI. mende honetan bertsoaren pindarra berpizten ari baita gure herrialdettoan: heldu “traketsulari” batzuk, heldu bertsolari beste batzuk, eta gazteago beste elibat… Biharko bertsoak ez dizkizuet salatzen ahal, baina hona Siberiako Xibertsolari batek ez hain aspaldi egin lagin bat, eta ez da itxurazkoa…. Ixo! “Agur Xiberoa bazter guzietako xokorik… berdeena”:

 

Joanes Etxebarria barkoxtarrak “Itxura” hitzari

(2010ean Iparraldeko XILABAko finalean kantatu zuena)

 

Xiberotarren ordezkaria / izan behar nüala nik
Lehia hontan nik zonbat aldiz / ez düt ba entzün ükenik
Ta ez düt ahazten ere badüdala / odol zerbait Bizkaiatik
Itxüra ixtoria aipatzen da ta / heben egia erranik

Izatez Euskalduna niz eta / bestea itxüra baizik

Zuberoa
Arg: Jakes Larre
Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa Zuberoa