Bilboko itsasadarrean gora

Bilboko itsasadarrean gora

 

Egilea: Xabi Paya

 

Bertso ibilbideen lehenbiziko alea ezin zitekeen edonon izan. Izango da ekimenaren berri eman eta Gipuzkoako herri txikiren batean pentsatuko duenik; baten bati burutik pasatuko zaio Xalbadorrek Urepeletik edozein saiotara iristeko sarritan egingo zuen bide luzea; eta norbaitek pentsatuko du Gasteizko Aiotz plazatik Aiztogile kalera badagoela zer kontatua.

 

Bilbok badu paradoxa handi bat bertsoekin: ez dago Bilboko bertso-eskolarik, ez bere burua bilbotar bozgora izendatzen duen bertsolari saldorik, baina hiriburuaren lurretan bat-bateko kantu errimatuarekin lotutako pasadizo eta gertakari ugari aurki daitezke.

 

Ibilbide honetan ez dira sartu Bilbon bertsolaritzarekin zerikusia duten leku guztiak; falta dira Vistalegre zezen-plaza edo Bilboko Kafe Antzokia, eta horiek gabe nekez kontatu daiteke hiriaren bertso-historia. Ibilbidean 13 geldialdi bildu ditut, egungo Bilbo gustagarri eta modernoenetik abiatuta bertsolaritza bazter guztietan topa daitekeela frogatzeko asmoz.

 

1. GELDIALDIA

Bilboko autobus geltokia

Zergatik dago Bilbo dagoen tokian? Bizkaiko Golkoaren edertasunaz jabeturik, zertan ez kokatu itsasertzaz gozatzeko moduko lekuren batean? Diotenez, halakorik ez egiteko motiboa sinplea omen da: itsasertza ikusten duena itsasertzetik ikusia ere bada. Eta urruneko itsasoetatik zer etor litekeen jakin ezinik, hobe Ibaizabal itsasadarrean gora egitea.

 

Ados, goazen gora… baina, noraino? Galdera horrek ere erantzun erraz samarra dauka, gizakiak ez baitu ur gazirik edaten. Beraz, segi uraren korrontearen aurka, harik eta edalontzia uretan sartzeko aukera izan arte. Eta zein da leku hori? Ireki Interneteko bilatzailea eta jarri “Athletic armarria”. Futbol taldearen irudiaren goiko aldean azaltzen den elizaren pareko zubia eta ura bilbotarren kokapen zaharrenetakoaren berri emango digute. 

 

Ezbairik gabe, errekak erabaki zuen Bilbo non jarri. Edateko ura, nekazaritza eta abeltzaintzarako ingurune hezea, errekaren bestaldekoengandik babesteko ahalmena, itsasoratzeko autopista… urrezko abantaila zen oro.

 

Bilbo zahar hari gerora gertatutakoak ederki jaso zituen Xabier Amurizak 1982an, Laurehun herri, mila bertso berri argitalpenean. Liburu hori izanik bertsobideen aitzindari nagusia, nola ez eman lehen pausoa hari omen eginez? Amurizak hainbat bertso-sorta eskaini zizkion Bilbori liburuan, eta haietako baten lehen zortzi bertsoek gogoratuko digute nola Bizkaiko hiriburuaren historiaren bilakaera.

 

Iturria:

Laurehun herri, mila bertso berri

Egilea:

Xabier Amuriza

Urtea:

1982

Doinua:

Espainian behera hor dago Zamora

BILBO GUREA

 

I

Bertso berri batzuek

Bilbo zahar honi

kantatzea pentsatu

eta banator ni.

Hor hemengo hainbeste

poste ta tximini

behar ditut Gran Vian

jauzika ipini

denak lurperatzerik

ez bada komeni.

 

II

Mila eta hirurehun

garren urtekoa

herria huri egin

zigutenekoa.

Hara gure Diego

Lopez Harokoa

ohore berri hori

ekarritakoa

geroztik izan dugu

gerrarik nahikoa.

 

III

Mila zazpirehunera

orain jo dezagun,

Bilbon ziren bakarrik

zazpi mila lagun.

Dozena bat ez beste

guztiak euskaldun

orduan zer zen eta

ai zer den gaur egun

horra historiatik

zer dote dakargun.

 

IV

Orain dela ehun urte

bakarrik hain justu

banan ziren Abando

Begoña ta Deustu.

Hiruretan euskara

zebilen aurresku

gizaldi batek ia

dena erre deusku

ikusi ezik ezin

liteke sinestu.

 

 

V

Mila zortzirehun eta

berrogeita hamarra

meategiek hartu

zutela indarra.

Industriak jo zuen

hemen naiz didarra

hainbeste kanpo jende

ekarri beharra

agur Euskara eta

agur Bilbo Zaharra.

 

VI

Hara han Altos Hornos

sutan harrotua

meak eta burdinak

lantzeko sortua.

Ordukoa da baita

Bilboko portua

agur aire freskoa

ta lehengo ortua

huria jaio eta

ama da gorpua.

 

VII

Banco de Bilbao eta

Vizcaya segidan

dena menderatzeko

munduratu ziran.

Boltsa ere sortu zen

diruaren jiran

horra Bilbo berriko

armazoia zein dan

jauntxo batzuk jan eta

herriak egin lan.

 

VIII

Banku biok sortuta

hogei bat urtera

foruak kendu eta

hor doaz lurpera

Gernikako juntentzat

destino berbera

euskara mahaipera ta

balkoira erdera

bizirik jarraitzea

nahiko suerte da.

 

2. GELDIALDIA

San Mames barria

Autobus geltokitik erreka aldera oinz hasiz gero, laster ikusiko dugu San Mames barria futbol zelaia. Markinan dago pilotaren unibertsitatea, eta Bilbon futbolaren katedrala. Hala zeritzon Bilboko Athletic klubaren lehenbiziko estadioari, eta oraingoarekin alderatuta hura ermita eta hau katedrala direla ikusita, normala da berriak jasotzea zaharraren deituraren herentzia. 2015ean Munduko Kirol Eraikin onenaren saria eskuratu zuen Singapurren, eta 2020an Eurokoparen egoitzetako bat izango da.

 

Azken urteetako bertso derbiei erreparatuta, batek baino gehiagok pentsatuko du hitzaren kirol nazionalaren eta kirol globalenaren arteko lotura aspaldikoa dela, baina ez nuke nik esango hainbesterakoa denik. Euskararen presentzia bera ez zen hain ohikoa eta hedatua San Mames zaharraren armailetan, salbuespen txalogarriak izanagatik. Esango nuke futbolari euskaldunaren erreferentea, belaunaldi bat baino gehiagorentzat, Jose Angel Iribar atezain zarauztarra izan dela. 

 

Bertsolarien artean ere, bizkaitar asko izanagatik taldearen jarraitzaileak, ausartuko naiz esatera zale eta bertsolari ezagunena Anjel Mari Peñagarikano anoetarra izango dela. Albizturren jaioa izan arren, beti azaldu du talde zuri-gorriaren aldeko babesa, bat-batean zein idatziz dozenaka ale eskainiz.

 

Peñagarikanoren hiru printza ekarri ditut geldialdi honetara. Lehenbizikoa molde idatzikoa da: Kepa Junkeraren agindupean letra jarritako Herriaren zati izeneko abestiaren bi ahapaldi, bere bizipenetan oinarrituta. Ez da zehazki bertso moldea (silaba kopurua berezia du), baina erraz sumatzen zaizkio neurtitzen ohiko ezaugarriak. Bertsolari batek baino gehiagok parte hartu zuten diska haren letragile bezala.

 

Bigarrena Gabi de la Mazak karaoke bihurtutako bertsoa da, eta hirugarrena, Anjel Marik partida batetik atera berritan EITBri botatako bat-bateko bertsoa; Txirritaren garai zaharreko izaera kronikagilea zaharberrituz, anoetarrak hamarreko txiki batean azaldu zuen egun hartan gertatutakoa kameraren aurrean. 

 

Iturria:

1) Athletic bihotzez diska

2) https://tinyurl.com/Anjelmari

3) https://tinyurl.com/Anjelmari2

Egilea:

Anjel Mari Peñagarikano

HERRIAREN ZATI

 

I

Gogoan dut nire

umetxo sasoia

behin eman zidaten

larruzko baloia,

geroztik hau nuen

amets erraldoia:

izan futbolari

ta lehoia.

 

II

Telebista bidez

Iribar etxean,

nahiz ta agertu

zuri ta beltzean

grin zuri-gorriak

txinparta hutsean

sartu ziren nire

bihotzean.

 

BERTSOA KARAOKERAKO

 

Gure herriko sentimendua

ta sentimenduen harri

Bizkai osoko ikur nagusi

beti zahar, beti barri

Eguneroko zaharren bizipoz

gazteen amets iturri.

Lehoi irudi, indar eredu,

gure zoramen oinarri,

zurigorri zoragarri.

 

MANCHESTER GARAITUTA

2012ko martxoa

 

Komunikabideen

aurrean jarria

nola eman behar dut

hemengo berria

ezin sinistuan da

gure Euskal Herria

hemen gertatu baita

ikaragarria

lehoiak irentsi du

deabru gorria.

 

5. GELDIALDIA

Euskadi plaza

Parkearen ertz batean, Arte Ederren museoaren parean, Euskadi plaza berria dago, Iberdrola dorrearen itzalpean. Ezagun da bere inguruko etxebizitzak Bilboko garestienetakoak izateagatik; zeinek esango zuen lehenago barkuetako edukiontziak pilatzeko erabiltzen zen zabalgunearen metro koadroa hainbeste garestituko zenik?

 

Plazaren izena irakurri eta Kepa Enbeita etorri zait burura. Urretxindorra goitizena hartu zuen, bilbotar askorentzat gerora soilik liburu-denda baten izena izango zena. Jose Antonio Enbeita Txotxojeuri (egia esan, goitizenen kontuan gipuzkoarrek oro har sormen finagoa izan dutela iruditzen zait) aita ere bertsolaria zuen, baina ez zuen semearen adinako osperik izango.

Wikipediak berak dio Kepa Enbeita “Bizkaiak eman duen bertsolari onenetakoa izan” zela, baita 1905ean Getxon Txirritari lehiaketa bat irabazi ziola ere. Bertso estiloari dagokionez, badu Pedro Mari Otaño eta Basarrirekin nolabaiteko lotura.

 

Eta Euskadi plazaren erdian, Iberdrola dorreari begira, Urretxindorraren bertso ezagunena etorri zait burura. Bertso luzeak egiteko ohitura zuen, baina hori ohikoa zen garaiko bertsolariengan. Bertsoa eta politika ere orpoz orpo ibili izan direla beti garbi islatzen du Urretxindorraren bertso corpusak. Hala ere, ondoko bertso biek, zehazki, badute agian gerora hainbeste ikusi ez den zerbait: Espainia gutxietsi gabeko abertzaletasuna, nolabait esatearren. Zaila egiten zait egungo testuinguruan halako bertsorik irudikatzea, ezta halakorik kantatuko lukeen bertsolaririk ere.

 

Bigarren bertsoan, ordea, lehenengoan azaldutakoa hurbiltasunaz ahaztu eta lapurren pare jartzen ditu espainiarrak. Hara! Horren inguruko bertsorik nahi adina entzun daiteke egungo bertso plazetan, lehen itsasoaren bestaldera joandakoak orain inora joan gabe dabiltzalako lapurretan.   

 

1942an hil zen Urretxindorra, eta ia 40 urte beranduago Karmel aldizkariak jaso zituen bertso hauek.

 

Iturria:

Karmel aldizkaria, 1983

Egilea:

Kepa Enbeita Urretxindorra

 

«Viva España»

  Viva España!  didarka dagoz,

Neuk bere viva! Dirautsat,

Gorrotorikan ez dagolago

Nigandik ESPAÑArentzat.

Katolikuok jakin dagigun

Zer dinon goiko Juezak:

“Besten gauzari bakean itxi,

Zaindu berea bakotxak”.

Haugatik viva! dinot barriz be,

Izan bei espainarrentzat;

Baita be dinot “Gora Euzkadi!”

Geuria da-ta,  geuretzat.

 

«Eskola-maixu arroa ta mutiko azkarrak»

Maixu batek bein, eskola umiei, 

Egin eutsen itzaldian,

Au esan eutsen: España zala

Ospetsuena ludian,

Amerika be menpetu eban

Indarrez beingo batian,

Espainatarren bandera jarriz

Amerikako lurrian;

Ta amerikarren gauzak ziranak

Bandera jarri artian,

Espainarrenak izan zirian

Ordutik aurrerantzian.

Eskola umiok, poz atseginez,

Itzaldi hau entzutian!

Ogei mutiko, azkar gerturik,

An doiaz arrartsaldian

Zapi handi bat eskegi  dabe

Makila baten gainian,

Makila ori sartuten dabe

Maixuan baratz erdian,

Eta igalidun zugatz ganetan

Azkar asi be lanian.

Au ikusirik maixu arruak

Dirautse asarre bizian:

“Lapurtzar orreik, zer dabizue,

Inoren gauzak artzian?”

Mutilak,  baina,  danak batera,

Gogor erantzun eutsian:

“Ixi,  maixu oi! Aztu al jatzu

Zer esan dozun goizian?”

Ikurrin  ori geuk jarri dogu,

Oin geu nausi baratzian!

Ta gu augatik lapur bagara,

Orain gu garan antzian,

Zuk esandako Españarrak be

Lapurrak izan zirian.

 

13. GELDIALDIA

Miribillako Bilbao Arena

Zazpi kaleetako edozein zeharkatu eta Erriberako merkatua ikusi beharko dugu goizago edo geroago. Seguru nago Arestik sorta dotorea egingo liokeela goitik behera eraberrituta ikusi izan balu.

 

Merkatuaren ezkerreko aldean San Antongo eliza dago, Athleticen armarrian agertzen den hori, zubi eta guzti. Diotenez, zubi hartatik erori omen zen Resurrección María de Azkue euskaltzainburua, egun batzuk geroago hilko zuen gaixoaldia eraginez. Ez diot inori opa zubitik behera jausita hiltzerik, baina kontsola gaitezen pentsatuta egungo ura Azkueren garaikoa baino dezente garbiagoa dela.

 

Zubia zeharkatu eta Bilbo zaharreko aldapetan gora eginaz iritsiko gara ibilbide honen azken geltokira: Miribillako Bilbao Arena. Egun hantxe izaten da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, han sortuko dira besteak. Iruditzen zait ez dauzkala Euskalduna jauregiaren edo Arriaga antzokiaren glamurra eta edertasuna, baina bien gehienezko aforoak batuta ere ez dira Bilbao Arenakoa adina. Eta, noski, txapelketak eta Louvre museoa elkarren antza hartzen hasita daude: han egon izana kontatzea bada zer.

 

2016kora ez nuen joaterik izan, Donostiako zereginak tarteko. 2014koan, ordea, hantxe izan nintzen, urduri. Fredik inoizko ahaleginik handiena egin zuen txapelketa prestatzeko, eta finalera bitarteko bidean ezohiko distira eta kontrola erakutsi zituen. Bakarkakora bitarteko bidea ongi egin zuen, ez bikain, baina txukun. Bakarkakoetan, ordea, ordura arte ikusi gabeko maisutasuna ikusi nion.

 

Buruz burukora pasatu zenean aski sari iruditu zitzaidan, eta bere ohiko patuari jarraiki, pentsatu nuen laster egingo zuela poto edo laprastadaren bat, tradizioari jarraiki. Bada, eskerrak ez nituen pentsamendu haiek hitz bihurtu, bestela patata eta guzti irentsi beharko nituzkeen oso-osorik. Maite Berriozabalek “eskua eman diozu” jarri zion gaia bakarkakoan; gaiak baino gehiago hesiak izaten dira horrelakoak, baldintza hori beteta, bertsolaria baita gaia bere buruari jartzen diona. Baldintza bakarra da hiru bertsoetako batean eskua ematea norbaiti; hortik gora, sortzaileak pintatuko ditu esku-muturretik gorako ukondo eta abarrak, eta berak emango dio bostekoari azken punturen batean txalo zaparrada bat eragiteko moduko zentzua. Eta Fredik pintatu zituen bereak, final denetan erakutsitako umorerako joerarekin, baina ordura arte gutxitan erakutsitako maisutasun eta maitasunarekin.     

 

Eskua eman diozu

2014, FREDI PAIA

 

Poteoan edan baitut

atlantiko ozeanoa

urdindu da zirrotiko

nire gibel tiranoa

gibel berri behar dut

organo gazte sanoa

pertsona lasai batena

kirolari abstemioa

belarjale yogalari

mistiko monogamoa

beti entzuten duena

musika gregorianoa

beldur bat badut nirekin

eta azaltzera noa:

lehenago heldu leikela

elizako organoa.

 

Norbait behar dut, tik-tak

erlojuen sarkasmoa

itxaron zerrenda ikusi

ta Arkaitzen espasmoa

geroa bezain urruti

daukate kirofanoa

ta apurka itzaliz doa

nire gibel dinamoa

jada alokatu behar dut

hileta poligonoa

harrizko mausoleo ta

denetzako solomoa.

emailerik ez badator

ta ordaindu barik banoa

nire patez pagaizue

hilkutxako ebanoa.

 

Ta hiltzen ari naiz ari

hau denboraren morrontza

lehen auto istripuak ziren

alkohola eta izotza

orain oso gutxi daude

azpimarratzeak lotsa

txikia da emaileen

ta organo libreen poltsa

baten bat atetik dator

bere sega bere hortza

garezur bat du buruan

eta hizketan ostotsa

aupa Heriotz zelan zabilz

hau nire logela motza

aurkari ona izan zara

eman eskua Heriotza.

 

105. alean erreportaje osoa

 

Bilboko itsasadarrean gora

 

 

Iturria:

http://tinyurl.com/fredipaia