[HERRIALDEETAKO TXAPELKETAK I] Txapelketatik Xilabara

Nahia Sasco-(r)en argazkia Nahia Sasco 2022-09-16
Argazkiak: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Txapelketatik Xilabara –

2020an abiatu zen Xilaba ezin izan zen bukatu. Osasun krisiak berriz ere harrapatu gintuen, artea isilarazi nahian. 2021eko irailaren 18an, bertsolariak Makean igo ziren berriz oholtza gainera, eta, orduan bai, txapelketa bururaino eraman ahal izan genuen, bidea azaroaren 13an Donibane Lohizunen bukatuz. Eta, a zer bidea! VI. Xilaba genuen aurtengoa. Xilaba hasi zen urtetik, txapelketa iristen den aldiro agertzen diren bertsolariak agertu dira aurten ere. Hasieran parte hartu, txapelketa urte batzuez utzi eta aurten bidea berriz hartu dutenak ere ikusi ditugu. Eta nola ez aipatu lehen aldiz txapelketaren oholtzara hurbildu direnak, berritasun aire bat ekarriz. Aurten, txapelketa “orekatua” izan dela entzun eta irakurri dut behin eta berriz: bakoitzak bere ibilbidea, bertsokera, zein maila izanda, denek ekarri diotela zerbait txapelketari, ez dela alde nabarmenik egon bertsolarien artean eta denen artean sortu dela Xilaba, antolatzaileak, gai egile eta emaileak eta publikoa ahantzi gabe. Sarri, taldekako txapelketa egin izan da eta aurtengoa bakarkakoa izan arren, inoiz baino gehiago erakutsi digu gauzak ez direla bakarrik sortzen, eta elkarlanak egiten dituela gauzak eder eta handi.

 

Txapelketatik Xilabara

 

Baina, ez diote bertsolariek baizik ekarri berritasuna txapelketari. Batzuetan hautatzen ez dugun berritasunak ere egin du bere lekua aurtengoan, gauzak birpentsatzera edo gure alde ez diren lekuetara egokitzera behartzen gaituen horrek. Ongi dakigu orain, azken bi urteetako osasun egoerak zenbat kalte egin diezaiokeen arteari orokorrean eta nola hustu dituen bertsolaritzaren plazak. Pixkanaka, plazak berriz betetzen joan dira, denbora batez bazterrera utzi genituen txapelketek haien lekua hartu dute berriz. Baina goiko erabakitzaileen neurrietara egokitu behar izan dute bertsolariek, bertsozaleek, antolatzaileek, hitzek. Bertsolariek aurpegi erdien aitzinean kantatu dute, begiak eta txalo zaparradak soilik emozioen adierazle izanen zirelakoan. Aspaldiko partez saio baten ikustera etorri ez zirenek ziurtagiri bat eraman dute mugikorrean gordeta, haien eztulak inori kalterik ez ziola eginen segurtatzeko gisan.

Hortan ere izan da berria. Hala ere, ez da txapelketa hortatik aterako dugun gauza nagusia. Egoera zen bezalakoa zela-eta, kanpoko presiotik urruntzeko aukera eman dezakeelako bertsoak. Eta azken bi urteetan hainbeste entzuten den gaia bazterrera utziz, bestelako gaiak plazaratu ditu oholtzak. Egunerokoan denek bizi ditzakegun egoeren aitzinean jarri dituzte bertsolariak, sarri umoretik, sarri gai seriosagoak emanez. Azken boladan ahantzia edo isildua izan den aktualitatea plazara ekarriz batzuetan, eguneroko bizitzak aurrera segitzen duela adieraziz. Makean hasi zen, Donibane Lohizunen bukatu, Ipar Euskal Herriko herri zenbaitetan bere alea utziz. Aurtengo txapelketak, leku gutti duen tokietara ere ekarri du bertsoa; Bardozera, adibidez. Bertsoa leku orotarikoetara ekarriz, euskararen presentzia ere zabaldu ohi da. Etxetik eta ikastolatik kanpo euskaraz soilik bizitzeko esparru bat gehiago sortzen du herrian, herrietan. Bertsozaletuz, jendea euskaltzaletu egiten da eta, egiteko lana oraindik handia dela badakigun arren, azken urteetan bertsolaritzak hartu duen leku gero eta handiagoa nabarmena da. Lehia da txapelketa aipatzen denean burura etorriko zaigun lehen hitzetariko bat, lehiak bere dituen alde on eta txarrekin. Bertsolarien artekoa izan daiteke, eta baita nork bere buruarekiko senti dezakeena ere. Baina, euskarak behar duen lekua ukan dezan ere, hainbat tokitan lehian gabiltza eta urteak joan ahala, txapelketak uzten duena ikusirik, denak irabazle senti gaitezke.

Kanporaketak pasatu eta nabaritzen dira, geroz eta gehiago, apustuak. Nola joanen den finalaurretakoetako sailkapena, nor sartuko den finalera, ea bertsolari berriak ikusiko diren aurten eta, agian, norgehiagokaren misterio horrek atxikitzen gaitu erne. Izpuran jakin ziren 2021eko finalisten izenak. Finala parekidea izan da lehen aldiz, bi bertsolarik parte hartu zuten finalean lehen aldiz. “Bertsolari berriak” sartu zirela finalean entzun izan da aitzineko egunetan. Baina, aspalditik bertsotan ari diren “finalista berriak” izan dira, azkenean, Iparraldeko bertso munduan hain berriak ez direnak. Bertsolari berri izateak, finalak ekartzen duen ikusgarritasuna azpimarratzen du. Eta ikusgarritasun hori beharrezkoa izan daiteke batzuetan, agian, baina ez diezaiegun finaletan parte hartzen ez dutenei ikusgarritasunik edo talenturik kendu.

 

 

Azaroaren 13an, beraz, Donibane Lohizuneko pilota lekuan bildu ziren 1.200 pertsona inguru. Ainitzek espero genuen festa eguna izan zen. Azken bi urteetan areto bat jendez betea ikustea ezohikoa bilakatu den garaiotan, bakoitzak, bere ttikitasunetik, handi bihurtu zuen eguna. Azpian egon nintzen, oholtzaren ezker aldean, telebistan saioa komentatzeko lanarekin. Bertsolariak kantuan hasi aitzin, nire aulkitik inguruari egon nintzen begira. Belaunaldi guziak elkartu ziren Donibanen, bertsoaren inguruan. Jendea gogoz eta irrikaz ikusi genuen, bostetatik goiti iraganen ziren lau orduen esperoan. Bertsolariak oholtzara igo eta lehen agurrak hasi orduko lehertu zen publikoa, segidaren gogoz. Txalo zaparraden oihartzuna zabaldu zen, puntarik punta pankartaz apaindua zen pilotalekuan. Ofizioak hasi eta aktualitateari lotutako gaietan murgildu ginen bertsolariekin batera. Gai umoretsuagoetatik ere joan zen saioa eta, ariketaz ariketa, saio borobil bat osatu zuten taula gaineko protagonistek. Azpitik, bertsolarien eta publikoaren arteko lotura sendotuz zihoala nabaritu zen. Finala txapelketa osoaren isla izan zen azkenean. Bakoitzak ekarri zion beretik, ekarri zion ainitz momentuari. Txapelketaren printzipioa denez, izan ziren puntuaketak eta jendea ibili zen buruz burukorako apustuak egiten eta, ondotik, sailkapen orokorra zein izango zen asmatu nahian. Baina lehia, egun bat baino gehiago, festa egun handia izan zela erran nezake.

Oroitzen naiz, ttikitan edo behintzat gazteagotan, nola joaten nintzen Xilabako finalaren ikustera. Joan nintzen lehenengo aldiz, 10 urte edukiko nituen, bertso eskolan hasi berria nintzen, eta aitzineko urteetan ez nuen bertsoarekin lotura handirik izan. Taula gainean ziren bertsolariak miresmen handiz begiratzen nituen, lau orduz, adi. Geroztik, hamar urte baino gehiago pasatu dira. Bertso eskolan segitu dut. Nire bertso ibilbidea hasi, 2016ko txapelketan parte hartu nuen eta, aurten, finala komentatzeko proposamena egin didate. Lehen aldiz finala ikustera joan nintzenetik, gauza ugari aldatu dira eta, hala ere, azaroaren 13an, duela 13 urteko umea bezala sentitzen nintzen batzuetan. Bertsolari batzuek 2008an kantatu zuten berak ziren, miresmen berarekin entzun ditudala uste dut. Orain, bertsotan egiten ikasi dudan arren eta bertsotan ari naizen arren, beste bertsolarien gaitasunak eta erraztasunak beti harritzen nau, eta finalaren egunean, denek harritu ninduten. Aurtengoan, lan berezia egin behar nuen, saioa komentatzearena. Eta ez dakit bertsolariak ezagutzen nituelako gertatu den edo saioa duela hamar urteko begi berekin begiratu dudalako izan den, baina egia da ariketen bukaeran lanaren komentatzea zaila egin zaidala batzuetan. Lan horren egiteko zilegitasun falta bat sentituko banu bezala. Agian, bai baitakit batzuetan zeinen zaila izan daitekeen gustatzen ez zaigun gai bati kantatzea, adierazi nahi duguna bertsotan ezin adieraziz egotea, eta, orduan, lau orduz egon nintzen bertsoak baloratzen, gustatu zitzaidana azpimarratzen, neure buruari aski objektiboa nintzen galdetuz. Baina, metrikatik eta errimetatik harago begiratuz gero, uste dut gure iritzia, nahi ala ez subjektiboa dela, eta, orduan, nire zilegitasun eskasa zalantzan jar dezakedala.

Lehen fasea bukatu eta apustuen momentua iristen da, buruz burukora nor sailkatuko den asmatu nahian. Hor ere ez nintzen busti. Ez nuelako hain segur eta hain argi nor izango ziren pasatuko ziren biak, eta holakoetan bai ez dudala nire iritzia hain zilegitzat hartzen, eta are guttiago telebistan.

Amets Arzallus eta Miren Artetxe. Horiek izan ziren publikoaren txalo zaparradekin batera entzun ziren bi izenak. Biek buruz buruko ederra egin zuten hasieratik bukaeraraino, eta hor ere, komentatzeko orduan, haien lanarekiko miresmena soilik adierazteko gai nintzela iruditu zitzaidan. Hain ttiki sentitu ohi gira holakoetan.

Saioa bukatu, txapeldunaren izena erran eta berriz lehertu zen pilotalekua, bertsolari bakoitzak bere saria jaso eta azken agurra kantatzera hurbiltzen zenean. Sailkapena izan dena izan da bertsolari bakoitzak hunkitu gaituelako eta finala hain polita egin dutelako denek. Saioa bukatu zenean, Gipuzkoako bertsolari batek hala erran zidan: “Hemen maila asko igo da azken urteetan”. Eta uste dut finalak erakutsi zuenak Ipar Euskal Herriko bertsolaritzaren egoera eta sendotzea islatzen duela. Finalean, maila igo zela ikusi zen agian. Baina bertsolaritzak duen lekua ere igo da, azken urteetan bertso eskolen kopurua biderkatu egin da, gero eta bertso saio gehiago antolatzen dira eta Xilaba ere bada lan handi horren emaitza.

Azken agurrean, Mirenek plazara oraindik atera ez direnak oholtzara hurbiltzera deitu zituen. 2021eko txapelketa ere hori izan delako: bertsoa bizi denaren seinale, eta bertsolaritza zabaltzen segitzeko lekua badela denentzat. Bakarkako txapelketa ez dela 24 bertsolariren arteko lehia bat, herri batek elikatzen duen euskararen beste iturri bat baino. Murruak hautsiz, segi dezagun, beraz, herria sortzen bertsoaren eta euskararen haritik.

 

Txapelketatik Xilabara

 

Txapelketatik Xilabara Txapelketatik Xilabara Txapelketatik Xilabara Txapelketatik Xilabara Txapelketatik Xilabara Txapelketatik Xilabara Txapelketatik Xilabara Txapelketatik Xilabara Txapelketatik Xilabara